Zutabeak

Ongi etorri errefuxiatuak

Emakumeen Nazioarteko Eguna heldu da, eta, oraindik ere, milaka dira mundu osoko emakumeok, emakume izateagatik, pairatzen ditugun bazterkeria, esplotazio eta indarkeria egoerak.

Aurtengoan  ozen salatu nahi dugu egunero-egunero beren etxe eta bizimodua atzean utzi behar izaten dutenen pertsonen egoera. Bereziki, egoera larri baino larriago horretan emakumeak eta neskatoak direla argi utzi nahi dugu.

Amnesty Internationalek argitaratu berri duen txostenean dioen moduan emakume eta neskato errefuxiatuek eraso fisikoak, esplotazioa eta sexu-jazarpena pairatzen dute Europan zeharreko beren bidaia osoan zehar. Erasotzaileak izaten dira bidean aurkitzen dituzten gizonak (berez emakumeak babestu beharko lituzketen horiek) eta baita egiten ari diren errefuxiatu bidaideak ere.

Ez da egoera hori Sirian, Lesbosen ezta Turkian soilik ematen. Ez da egungo arazo puntual bat. Aspalditik emakumeek pairatzen dugun errealitatea da. Horra Mexiko edota Afrikako emakumeon testigantzak adibide. Utz diezaiogun beraz, beste aldera begiratzeari!

Harrera bermatu behar diegu etorkin guztiei, eta muzin egin behar diegu desberdinenganako beldurra darabilten diskurtsoei.  Emakumeok ondo baino hobeto dakigu zer den bigarren mailan egotea, baztertuta bizitzea; horregatik, hain zuzen ere, mendeak daramatzagu patriarkatu-sistema salatzen, hori baita emakumeon eta gizonen arteko desberdintasunen oinarria.

Migrazioari eta babesa emateri buruzko nazioarteko itunak daudelako. Ibilbide seguruak bermatu behar direlako asilo eske datozen pertsona guztiei.  Horrela, bada, martxoaren 8 hau baliatu nahi dugu gizakion arteko hierarkiak ezartzen dituen edozein sistema salatzeko.

Basauriarrok, batu zaitezte gurekin egun seinalatu honen bueltan  antolatutako ekintza guztietan! Giza eskubide urraketa hau salatu dezagun!  Txoko honetatik ere animatzen zaituztegu parte- hartzera martxoaren 5ean Marienea Emakumeen Etxean aurrera eramango dugun bijilia feministara, zein hilabetean zehar antolatutako gainontzeko ekintzetara ere.

GORA  MUGARIK GABEKO BORROKA FEMINISTA!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak