Zutabeak

Ruper biomapan

Irrika eta pasioz beteriko Ruper Ordorika gaz­te bat gerturatu zitzaion oholtzatik jeitsi berri zen Benito Lertxundiri, aholku eske. Musika maite zuela eta betiko herri kantuak ahotsez gorpuzte­ko artean trebatu nahi zuela. Aholku mintzatuekin lagundu zion Lertxundik eta ondoren jaiotakoak gure musikaren historiako atalak dira. Ez zen izan, ordea, hainbat urte aurrera, beste emari batzuen korronteak dastatu ostean, Hiru truku taldea abia­tuko zuela. Herri kantuak eleganteki transforma­tu zituen Bixente Martinez eta Joseba Tapiarekin batera, eta memorian gordetzeko hiru lan utzi zi­tuzten.

Betidanik maite izan du musika Ordorikak. Gazte-gaztetatik zuzeneko emanaldietan musi­kariek instrumentuak nola muntatzen zituzten so geratzen zen mutil betaurrekoduna zela azal­du izan du inoiz. Kurioski, guk betaurreko aban­goardistekin ere identifikatzen dugu bera. Baina ez soilik zentzu fisikoan. Bernardo Atxaga lagun minaren hitzak dira, Ruper, “pertsona modernoa da Euskal Herri ez hain modernoan”. 2013ko irai­lean esan zituen hitzok, ETB1ko Tumatxak saiora­ko grabatu genuen elkarrizketan. Betirako memo­rian iltzatuta geratuko zaidan lan eder horri esker, gustura entzun nizkion Ordorikari bere bizitzako hainbat pasarte zuzenean kontatzen.

Deustuko Unibertsitatean ikasle zela, Koldo Izagirre eta Bernardo Atxagaren testuekin ehun­dutako Panpina Ustela aldizkaria banatzeko ar­duraduna zen Ruper. Bahituta zegoen publika­zioa, ezkutuki zabaltzen zuten, eta halako batean pertsonalki ezagutzen ez zuen Atxagari hurbildu zitzaion Ordorika. Horrela hasi zuten urteetan emankorra izan den adiskidetza. Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Joseba Sarrio­nandiarekin batera sortu zuten Pott banda. Ban­dak argitaratu zuen 1978an Atxagaren Etipia poe­ma liburua, Ordorikak Hautsi da anphora izeneko diskoan musikatu zuena. Basauri bada historioa zati horren protagonista baita ere; Pozokoetxen bizitu izan zen Ruper. Hantxe, Basauriko etxeko sukaldean josi zuten Atxagak eta Ordorikak dis­koa.

Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxagaren hamaika poema doinuz jarri ditu dantzan Ordori­kak. Goizalde Landabasok Pott bandaren eman­kortasuna bikainki biltzen du “Gure memoria lite­rarioa hor dago, eta musikala baita ere” dioenean. Are gehiago, geografikoa ere izan daiteke. Izan ere, sukalde hura bezalaxe, ezaguna dugun Arena­leko zubian eman zion Atxagak Ruperri Berandu dabiltza kanta izango zenaren zirriborroa. Handik gertu, Zazpi kaleetan, topo egin zuen Ordorikak askatu berri zuten Josu Muguruzarekin, egun eguzkitsu baten igande eguerdiz. Ilusioz beteriko Muguruza askeak, Bilbo gozatu nahi zuela azaldu zion Ordorikari. Ez zuten gehiago elkar ikusiko. Xalbadorren alabak berri txarra eman zion Lazkao txiki bertsolariari, eta diotenez, haren erreakzioa bildu zuten “Ez da posible, ezin liteke” hitzek. Hortik edan zuen Ordorikak, hortaz, Muguruza hil zutenean jaio zen Ez da posible kanta idazteko.

Argiatara eman dituen hemezortzi diskoetatik, Hi hintzena, Martin Larralde, Ene begiek eta Hiriak kantak ditut bidaide. Eta zuk?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak