Quantcast

Saioz saio

Sexu Hezkuntza ematen hasi nintzenean, orain 15 urte, ume zein gazteek oinarrizkoena ez zekitela frogatu nuen. Gaur egun, tamalez, egoera berdintsua da. Sexualitatea ulertzen ez den bitartean, egungo umeek seme-alabak sortzeko “egin behar” den zerbait dela pentsatzen jarraituko dute, eta gazteek ezagupena pelikula pornografikoetan bilatuko dute.

Sexualitatea bere osotasunean eta euskaraz azaltzen duten liburuak topatzea zaila da. Material sexologikoa eta feministaren falta nuenez urteetan komiki bat egitearen ideia bueltaka izan dut buruan, eta lanean ume eta gazteen iritziak, bromak eta bizipenak jasotzen joan naiz. Errespetuz elkartekoekin elkarlanean nengoela behar berdina sumatzen zutenez, komikia egitearen ideiari bultzada eman zioten, Foru Aldundiari diru laguntza eskatu eta lanean hasi ginen.

Basaurin, Galdakaon eta Getxon urte hauetan sexu hezkuntzako saioetan erabili ditugun ideiak, dinamikak, jolasak eta suertatu izan diren elkarrizketak, egoerak edo anekdotak azaltzen dituen komikia egitea erabaki nuen. Gidoia idatzi, story board-a egin, marrazkilaria bilatu, pertsonaien frogak… Eider Eibar margolari bikainarekin “Ko-ernaltzea” izan balitz bezala, bederatzi hilabete eta gero komikia atera dugu.

Liburuxka honetan kontzeptu batean zentratu gara: “sexua”, hau da, gorputza, intersexualitatea, transexualitatea, sexismoa, etab. Umeen sexualitateari hurbiltzea eta sormenari eta komunikazioari bide emateko bitartekoa izaten ari da, umeek gustura imajinatzen dituzte protagonisten izate eta ezaugarriak, bizimoduak, ume transexualaren prozesua…

Laburra geratzen zaie, izatez lehen saioa besterik ez da, ondiño kontzeptu asko azaltzeke daude, hurrengo saioak ere goiz komiki bihurtzea espero dugu. Eiderrek, Xabier Errespetuz elkarteko kideak eta nik neuk maiatzaren 17an, 18:30etan Marienean, aurkeztuko dugu, egun horretan bertan salgai egongo da eta Errespetuz elkarteko blogean ere PDFan eskuragarri dago. Pentsamendu eta jarrera irekiarekin irakurtzea gomendatzen dugu.

Erlazionatutako edukiak

*

*

Top