Zutabeak

Satisfaction

Begirada itsasoan galduta neukan alabak berarekin jolasteko eskatu zidanean. Beroa itogarria zen hondartzan, eta ez nengoen gogo onez, baina makurtu, eta bere ondoan jesarri nintzen hondarrean. Ordurako kaskoak kenduta neuzkan arren, burmuinean iltzatuta neukan Big Star taldearen ‘Mod Lang’ kanta: “I can’t be satisfied/ what you want me to do?”.

Lehenago marraztutako bide bihurgunetsuari irteera eta helmuga gehitu zizkion astiro, esku-azpiak are artean sakon hondoratuta, oporretan geundenetik egunero-egunero egin ohi zuen bezala. Irteeraren parean kontu handiz jarrita zeuden plastikozko panpin bietako bat niretzat izango zela suposatu, eta hartu egin nuen.

-Goazen bidean aurrera, ama, esan zeuk nora!

Irudimena oso mugatua da helduaroan, batez ere, egunero joko berbera tokatzen denean.

-Zoriontasunera? -galdetu nion artean kanta gogoan nuela. Baietz buruarekin, berak, alai. Zoriontsu ematen zuen. Zoriontsu ematen zuten, halaber, hondartzako beste ume guztiek. Eta zorigaiztoko, heldu gehienek.

EXISTITUKO BALITZ ERE, ASPALDI FROGATU ZEN ZORIONTASUN EZ DAGOELA KANPO ERAGINEN MENPE

Zoriontasuna, benetan existitzen ote den ere ez dakigun emozio subjektibo hori. Umeek berezko duten, eta helduok gurari eta beharrizanen asebetetzearekin lotzen dugun egoera fiktizio hori. Existituko balitz ere, aspaldi frogatu zen zientifikoki zoriontasuna ez dagoela kanpo eraginen menpe. Baina, hala eta guztiz ere, gugan berez ez dagoen hutsune ikasia berdintzeko hipermerkatu erraldoia da XXI. mendea. Horren adibide dira aldizkariak, telebista, Facebook, Twitter, Instagram… Beste batzuek ez daukaten zoriontasunetik edaten dugu etengabe gaur egun, eta guk geuk ez daukaguna kostata saldu, era berean.

Helduon mundua, izan ere, ez da institutu-patio handiago bat baino. Beti da gu baino politagoa dena, edo argalagoa, edo lodiagoa, edo arrakastatsuagoa, edo aberatsagoa, seguruagoa, indartsuagoa. Susmoa dugu gure errealitatearen irudia distortsionatuta dagoela, anorexikoei gertatzen zaien bezala. Jakitun gaude gu ere izango garela, agian, baten baten zoriontasun eredu (okerra), baina horrek ez du gure asegabetasuna baretzen.

SEKULA HELTZEN EZ DEN ZERBAITEN ESPEROAN JOATEN ZAIGU DENBORA. ITXOITEN

Argaltzen banaiz, lana topatzen badut, gehiago irabaztea lortzen badut, oporrak heltzen direnean, bidaia hori egiten dugunean. Orduan bai zoriontsu: gurari, erronka, proiektu eta itxaropen guztiak berdintzen ditugunean. Baina erronka bakoitza hurrengoarekin lotzen dugu ezinbestean, eta etorri behar duen, baina sekula heltzen ez den zerbaiten esperoan joaten zaigu denbora bera. Itxoiten, Negu Gorriak-en kantan bezala.

-Ama! Goazen ba!

Jolasari ekin nion, panpina are gainean kostata mugiaraziz, zoriontasunerako bide luzean.

-Tipi-tapa,tipi-tapa, tipi-tapa… -Alabak bere panpina hartu, nirearen gainetik hegaz egin (uuuuufffffaaaaaaaa!!!!) eta helmugan hartu zuen lur, salto bakar batean.

-Ikusten, ama? Kitto. Orain izozki bat gure dot.

Gora