Zutabeak

Umea etxean egin

Semea jaio zela 8 urte izango dira hil honen 23an; alaba jaio zela 4 izan ziren, iragan irailean. Etxean egin nituen biak, emagin bi bertan zirela. Lehena jaio eta gutxira, elkarrizketa egin zidaten ETBko Postdata saiorako, eta ordutik ez dut berriro ere gai honen inguruko iritzi publikorik agertu. Hartutako erabakia eta bizi izandakoak nireak zirela ebatzi nuen orduan. Nire hautua neurea zela. Neuretzat ona, besteentzat ospitalea ona izan ahal den bezala.

Kritika ugari -zuzen eta zeharkakoak- entzun eta irakurri behar izan ditut, ordea, erabaki hori hartu izanagatik, eta informazio eza eta aurreiritzietan oinarrituta daudela jakinagatik ere, min egiten didatela onartu behar dut, segurtasun falta eta ama-umeen bizia arriskuan jarri izana aurpegiratzen denean, batez ere.

ARGI DAGO UMEAK ETXEAN EGITEA EZ DELA HIPPYETAN OINARRITUTAKO KAPRITXOA, INFORMAZIOAN OINARRITUTAKO HAUTU GARBIA BAIZIK

Segurtasuna behinena bada -eta nik neuk ere hala uste dut-, Europako Iparraldeko herrialdeak dira erditzeko seguruenak, estatistiken arabera. Estatu espainoleko datuak nahiko onak dira mundu mailan, baina Europako iparraldean badira ama eta jaioberri gutxiago galtzen dituzten 10 herrialde. Eta herrialde hauek guztiek komunean dutena sinplea da: medikuntza abantailak alboratu gabe, erditze naturalaren aldeko apustu garbia egin izana; alegia, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) gomendatzen duenaren arabera, medikalizazio eta interbentzio sistematikoaren ordez, erditzearen fisiologia bera errespetatzea oinarri duen atentzioa ezarri izana.

Estatuko ospitaleetako esku-hartze tasa oso altua da herrialde hauetakoekin alderatuta: oxitozina eta epidurala sistematikoki erabiltzen dira; episiotomia (umea errazago pasa dadin egiten den ebakia) %85ean egiten da; eta indukzio, forceps eta zesarea tasak herrialde hauetako tasak bikoizteraino hazi dira. Pentsa liteke benetan beharrezkoak direnean baino ez direla egiten, baina ez da horrela: 4 emakumetik batek horrelako laguntza behar izana ezin zaio erditzearen beraren fisiologiari egotzi; eta are gutxiago, OMEk berak hauek neurri handi batean saihestu ahal direla esan, eta segurtasuna arrisku larrian jartzen dutela gogorarazten digunean.

Azken 20 urteotan Ingalaterra, Suezia eta Norbegia bezalako herrialdeek OMEren gomendioetara hurreratu izan dituzte euren erditze-protokoloak: arrisku baxuko kasu guztiak (hau da, erditze gehienak), etxean edo ospitalearen ondoan dauden erditze-etxeetan izaten dira; erditzeak emaginek gidatzen dituzte, eta ez ginekologoek -hauek arazoak sortzen direnean baino ez dira agertzen-; interbentzioa minimoetara ekartzen da, eta amaren erosotasun eta gogoetara bideratzen da, batik bat, zaintza lana. Emaitzak argiak dira.

Horiek horrela, argi dago umeak etxean egitea ez dela burutzazio hippyetan oinarritutako kapritxoa, baizik eta informazioan oinarritutako hautu garbia. Azken 10 urteotan laukoiztu egin da umea etxean egitea erabaki duen ama kopurua, eta ospitaleetan erditze-etxeak zabaltzeko eskaria ere handia da. Trauma handirik gabe hartu ahal izango lituzke gure osasun sistema publikoak bere gain, bai bata eta bai bestea. EAEn egin izan dugun aurrerapena ez da makala izan gai honetan -osasun publikoan, hori bai-, eta arean hobeak dira datuak gurean gainerako erkidegoetan baino, baina asko dago egiteko oraindik. Jarrai dezagun, bada, hasitako bidetik. Begira dezagun gora, eta erabil dezagun gai honetan gure aurretik doazenen eskarmentua gure osasun sistema hobetzeko, irabazteko gehiago daukagu eta, galtzeko baino.

The series began with an introduction to Hajiki
snooki weight loss Support Breast Cancer Awareness Month october and Look Good in Your Pink

Pack a normal sized roller board suitcase 21 22 inches long
weight loss tipsPrime 5 Barbie Games For Girls
Gora