Komunikabidea

Datutegia | 2014-2019 | Digitala: Egunerokoei estu heltzen

Geuria.eus atariaren lehen orria

Geuria #054 Monografikoan argitaratutako ‘Datutegia’ atala
“Geuriak 5 urte (2014-2019). Hego Uribe eskualdeko lehen euskarazko komunikabidearen lehen bost urteei begirada
Irakurri osorik PDFan

% 81ak mugikorraren bidez irakurtzen ditu geuria.eus atari digitaleko edukiak. Ikustaldiak ia hirukoiztu egin ziren iaz eta aurtengo erronka datuak bikoiztea da. Erabiltzaile bakoitzak bi minutu inguru ematen ditu gurean atari digitalera sartzen denean

Paperezkoa lasaiagoa eta digitala azkarragoa. Horrelakoak dira gaur egun Geuriaren euskarri fisiko eta digitalean aritzeko darabilzkigun tempoak. Egia esan, gureak eta komunikabide gehienenak, baina hilabetekari bat izanik, digitalak eskatzen duen bizitasuna handiagoa da. Hori guztia datuetan ikus daiteke: atari digitalak duen trafikoa gero eta handiagoa da, aurten milioi bat ikustalditik gora izateko aurreikuspena dugu. Hezur-haragizko erabiltzaileak erreferentziatzat hartzen ari dira Geuria komunikabidea, horien adierazgarri, udal-hauteskundeetan egindako lana, Korrika 21aren bideoak, M8aren jarraipena, eskualdeko jai-herrikoien argazkiak, besteak beste.

Taulako datuen iturria Google Analytics neurgailu digitala da. Horren arabera, geuria.eus web guneko erabiltzaileen % 61 emakumezkoak dira, % 25a 24 eta 35 urte bitartekoak, eta 34 eta 45 adin tartekoak %31 dira. Gehienek (% 81) mugikor batetik egiten dituzte kontsultak Facebook bidez webgunean sartuta (% 39) edota modu zuzenean geuria.eus-en sartuta (% 37).

Nabarmentzekoa da web gune batek dakarren lan tekniko guztia Geuriako lantaldeak egiten duela: zerbitzaria, maketa, diseinua, datubasea eta erabilgarritasuna, besteak beste. .NET izatetik .EUS izatera igaro ginen, web guneak goitik beherako berrikuntza izan zuen 2017ko udan eta, ondo bidean, aurki etorriko dira beste aurrerapauso batzuk, hala nola, erabilgarritasuna hobetzea, karga denborak laburtzea, diseinu erakargarriagoa egitea eta nabigatzeko erraztasunak sortzea.

Gure eguneroko kazetari lanean erabat ezberdintzen dugu web gunerako egiten duguna eta paperezko ediziorako egiten duguna, eta horretan sakontzen jarraituko dugu. Hego Uribe eskualdean gaztelaniazko komunikabideekin lehian dagoen euskarazkoa edukitzea lortu dugu. Euskaraz informatzeko eskubidea izateaz gain, albiste jakin baten berri lehen aldiz euskaraz izateak duen balorea ikaragarria da. Bost urte atzera begiratuz gero, pentsaezina ere bada.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak