Komunikabidea

Datutegia | 2014-2019 | Papera: Gehiago eta sakonago

Geuria hilabetekariaren lehen orrialdea

Geuria #054 Monografikoan argitaratutako ‘Datutegia’ atala
“Geuriak 5 urte (2014-2019). Hego Uribe eskualdeko lehen euskarazko komunikabidearen lehen bost urteei begirada
Irakurri osorik PDFan

Argitaratutako edukien kopuruak gora egin du, baina erronka nagusia gertakarien jarraipena egitea da. Bideo gehiago sortzeaz gain, ekoizpen landuagoen bidean sakontzea da asmoa. Etxera, puntuka eta postaz: hiru modu horien bidez jasotzen da paperezko edizioa

Bisualki erakargarria, irakurterraza eta norberak bere burua bertan islatuta ikus dezala, bai bere herriaren tartea duelako, bai atalen bat gustuko duelako… Euskal komunitaterako komunikabidea da Geuria, hori da bere oinarria: gure artean loturak sortu, elkarren berri izan, laguntza eskaini eta jaso, aberastu eta aurrera egiteko eragilea da Hego Uribeko komunikabidea. Era berean, komunitatea ireki eta ahalik eta herritar gehien erakartzea ere badu helburu. Euskaraz berba egiteko gai ez diren -eta euskaraz gutxi ulertzen duten- askok hilero paperezko edizioa ‘irakurtzen’ dute, gogo onez gainera.

Datutegiak jasotzen dituen banaketaren datuei erreparatzen badiegu, banaketa orokorretik zehatzago batera egindako garapena ikus daiteke: hasieran eskura eta puntuka banatzen zen paperezkoa. Iaz, Gizarteratze-jardunaldietan hala proposatuta, lau buzoneo masibo egin ziren, eta aurten, bide beretik jarraituta, hileroko buzoneo partzialak egiten dira herrietan, hilero kaleak aldatuz. Doako harpideen kopurua eta postaz bidalitako aleak gero eta gehiago dira. Horiek dira ale bakoitza modu eraginkorrean eta ekologikoenean aprobetxatzeko modua. Hego Uribeko eskola eta ikasketa zentro guztietan Geuria jasotzen dute, eta askotan lanak egiteko erabili ere bai!

Hamabi orrialde zituen lehen Geuriak. Hamabitik hamaseira eta hamaseitik hogeita hamabira. Beti hilabeteroko maiztasunarekin. Eta zergatik ez hamaboskaria edo astekaria? Askotan jarri dugu galdera hori mahai gainean, baina komunikabidearen parte direnen aldetik erantzuna beti bera da: digitala da egunerokoan denok lotzen gaituena eta horretan hazi behar dugu luze eta zabal; paperezkoaren maiztasuna handitzeak kostuak biderkatuko lituzke eta ez litzateke posible izango horren zaindua egitea.

Eguneko egunkaria biharko ogitartekoa biltzeko dela dio Martxelo Otamendik. Egia da gaur egun paperezkoak pisua eta presentzia izaten jarraitzen duela, baina derrigorrez egunerokoari webgunean egin behar diogu tartea. Euskarri guztien arteko orekan eta euskarri bakoitzari bideratutako formatuak erabiltzean datza gakoa. Akatsak akats, bide horretan lanean dihardu Geuriak: paperean sakonean landutako zenbaki berezi bat urtean argitaratzeko konpromisoa du, ikus-entzunezkoen bitartez istorioak kontatzeko erronkari berriki heldu dio eta sare sozialetan zuzeneko estekak, argazki bildumak eta bideoak tartekatzeko oreka interesgarri baten bila dabil.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak