Komunikabidea

Geuria | 2014-2019 | Lantaldea

Aurreko orrialdeetan tokiko kazetaritzari buruz luze aritu ondoren, honakoak Geuriako langileen hitzak. Lehen pertsonan idatzitako bizipenak kontatu dituzte honako lerroetan.

Jon Villapun Arbide / Geuria

“Lantaldea bidelagun ederra da: beti laguntzeko prest, irribarretsu eta indartsu aurrera egiteko”

JON VILLAPUN | GEURIAko koordinatzailea. Ez daukat Geuriak bost urte bete dituen sentsaziorik. Atzo hasi ginela esango nuke, euskarazko komunikabide bat sortzeko eztabaida eta mahai-inguruekin. Esaten dute denbora azkar doala, carpe diem eta bla bla bla… bada niri azkar joan zaizkit azken bost urteak, baina ondo aprobetxatu ditudala esango nuke. Duela bost urte hasi genuen bidea ez da erronka makala, baina pausoz pauso betetzen ari garen sentsazioa dut: euskarazko komunikabide duin bat dugu, une jakin batzuetan goi-mailako edukiak argitaratu ditugu, egunerokoari heltzeko gaitasuna dugu eta, apenas konturatu barik, eskualdeko euskal komunitatea saretzen ari da Geuria. Komunikabideak nortasuna duen seinale.

Eta Geuriatik aparte -edo Geuriarekin batera, hobe esanda- azken bost urteetan bestelako mugarri batzuk ere izan ditut, aipagarriena, bi seme izan ditugula. Hamazortzi urtetatik kazetari lanean aritu denaren burua, erritmoa eta tempoak norberak aldatzea zaila da, baina bi semek gaitasuna soberan dute dena hankaz gora jartzeko, ezker-eskuma, goitik behera eta berriro buelta. Hortaz, Geuriak ere irakasten dit lana beharrezkoa den distantzia batekin hartzen, perspektibaz begiratzen eta taldeka balorazio sakonak egiten aurretik dugun ibilbideari modu onean ekiteko.

Eta, bai, kazetaria izanik, kazetari lana dut gustuko, baina kazetari askori gertatzen zaigun moduan, ni ere gero eta gehiago nabil bestelako kontuetan. Maider Ibañezek eta Etxahun G. Sarriak egiten dute komunikabidearen kazetari lana, ni laguntzeko nago: baten telefono zenbakia eman, bestea nor den esan, jorratu beharreko gaiak nola bideratu… Argi dut kazetaritza lanak ez duela erosoa izan behar, baina bide horretan bidelagun onak eduki behar ditugu, eta Geuriako lantalde  zabalaren sinergia horretan datza -baita Tokikomeko eta gertuko bidelagunena ere-. Izan ere, ez da egia oilarraren goizeko kukurrukuak esnatzen gaituela. Oilarra kazetariok esnatzen dugu, tabernan azken tragoa ere gure kontu, bazkari arinak eta begi-zulo galantak. 24 orduz gara kazetariak, senaren zama beti bizkarrean. Baina irribarrea ez galtzean dago sekretua: etorriko dira eta badatoz ekaitzak, berri txarrak, ezustekoak eta disgustoak! Baina bihar beti argitzen du egunak eta lorpenak behar bezala ospatzen ere irakasten digu Geuriak. Hortaz, laburrean, proiektuaren koordinatzailea, noizbehinka kazetaria, paperezko edizioaren maketatzailea, gailu teknologikoen arduraduna eta webmasterra naiz. Saltsa ederra.

Berria eta ETB bezalako komunikabideetan lan egin ostean, plazera ere bada tokiko batean aritzea: eskuan duzun tokiko kazetaritzari buruzko edizio hau egitea gure esku dago, Hiru buruko munstroa dokumentalari heltzea, formatu berriak probatzea… Onerako eta txarrerako gu geu geure buruaren jabe.

Maider Ibañez Espinosa / Geuria

MAIDER IBAÑEZ | GEURIAko kazetaria. Euskara. Informazioa. Komunitatea. Hiru ardatz horiek dira niretzat Geuria. Hego Uribe eskualdean euskarazko hedabide bat aurrera ateratzea ez da bide erraza izan, baina ezinezkoa ere ez: emaitza zure aurrean duzu. Izatez eskualde –nahi eta nahi ez gure eskualdea dena– erdalduna da gurea, eta euskara hutsezko komunikabide bat sortzea erronka potoloa da, bertigoa ere eman digula ezin ezkutatu. Orain informazioa badago euskaraz, eta euskaldunak ere egon bagaude. Urratsa eman besterik ez dago, eta hortxe hirugarren ardatza: komunitatea. Hego Uribeko euskaldunon komunitateak, Geuriak bezala, pausoak eman ditu eta komunitate horri esker posible izan da honaino iristea. Hemendik aurrerako bidean ere euskaldunon komunitatea handituko da, eragileon lanari esker.

Proiektuaren hastapenak bertatik bertara ezagututa, Geuria nirekin batera hazi dela esango nuke. Kazetari bezala hazi naiz Geuriarekin. Gertuko kazetaritza egiteak ahalbidetu dit inguruko egoerak eta pertsonak ezagutzea, ulertzea eta elkarrekin bizitzea. Hortaz, izan daitezela beste mila kilo urte, Geuria!

Etxahun Gonzalez Sarria / Geuria

ETXAHUN G. SARRIA | GEURIAko kazetaria. “Noraino iritsi naiteke?”, pentsatu nuen Geuriako kazetari bezala lanean hasi nintzen lehenengo egunean.  Erantzuna ez dut oso argi oraindik, baina okurritzen zaizkit denbora tarte honetan kazetari bezala asebeteta sentiarazi eta harritu nauten zenbait une. Hiru Buruko Munstroa dokumentala da horietako bat. Horrelakorik egin genezakeenik ez nuen espero. Baina egin genuen, eta ondo eginda. Kazetari batek herriarekin izan behar duen erantzukizuna zein den ikasi nuen orduan.

Kazetaritzak gizarte hobe bat eraikitzen ere lagundu dezakeela ikasi dut bertan: ikasi, frogatu eta egin.  Herritar ikaragarriz inguratuta bizi garela eta albiste pozgarriak existitu existitzen direla. Horiek bilatu eta kontatzen dituen norbait baino ez genuen behar. A! Eta kazetaritzak ez duela ordutegi finkorik. Kazetaria zara eguneko 24 orduetan: festan zaudenean, terrazan eserita zaudenean, baita lo zaudenean ere!

Ez dakit noraino iritsiko naizen, baina ohartu naiz zertan nabilen: bizi naizen toki eder (gehienetan) eta beldurgarri (batzuetan) honen istorioa idazten.

Germán Castañeda / Geuria

Willy / Geuria

“Banakako aholkularitza, egokitutako aurrekontua eta inbertsioa errentagarri bihurtzea dira arlo komertzialeko hiru ardatzak”

SAIL KOMERTZIALA. Geuriako erredakzioak egunerokoan egiten duen lanaren ildo beretik dihardugu arlo komertzialeko langileok ere. Nahiago dugu esatea Geurian ez dugula publizitate soila saltzen, baizik eta gure iragarleak eskualdeko herritarrengana modu eraginkor batean iristeko lan egiten dugula.

Halaber, Geuria bezalako proiektu batek eskualdeko merkatarien publizitatea euskaraz sortzea eta irakurtzea ahalbidetzen du, euskaraz bizi nahi dutenen harrotasunerako. Hizkuntzaren normalizazioan garrantzia handia du horrek.

Banakako aholkularitza, bezeroaren beharretara egokitutako aurrekontua eta iragarleak egindako inbertsioa errentagarri bihurtzeko jartzen dugun ahalegina. Horiek dira Geuriaren arlo komertzialaren hiru ardatzak. Denbora tarte honetan gero eta enpresa gehiagok guregana jo dute: erakunde, dendari zein ostalari. Gugan konfiantza jarri duten horiengatik jarraitzen dugu lanean, eta etorriko direnegatik ere bai!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak