→Galdakao

Galdakaoko EH Bildu, Auzoak, UH eta Podemos alderdiek gobernu ardurak banatu dituzte

Galdakaoko udal-gobernu berria martxan da. EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria (UH) eta Elkarrekin Podemos alderdiek gobernu-ardura bakoitza nork kudeatuko duen zehaztu dute. Hamalau batzorde izatetik sei izatera pasako da Udala, eta honakoak izango dira: Alkatetza; Gizarte politikak; Hirigintza eta mugikortasuna; Ogasuna eta barne-erregimena; Gaztedia, Kirola, Kultura eta Euskara; eta Udaleko Lurralde Antolaketa. Auzoak alderdiak Gizarte Politiken presidentzia izango du eta UHek Udaleko Lurralde Antolaketarenak, berez alkatetzari dagozkion eta delegatu ditzakeen eskudantza guztiak barne, “Usansoloko desanexio-prozesua bultzatu, planifikatu, programatu, kudeatu, tramitatu eta erabakiak hartu ahal izateko”. Gainontzeko arloen presidentzia EH Bilduk izango du. Karguen soldatei dagokienean, horiek jaisteko asmoa agertu dute baina, kopuruak zehazteko dituztenez, datorren udalbatzan horren berri emango dutela adierazi dute.

Hortaz, barne antolakuntzak sei gobernu-batzorde izango ditu, bakoitzari dagozkion lan-arloekin. Bost iraunkorrak izango dira, eta bat, Udaleko Lurralde Antolaketa deitu duguna, behin-behinekoa. Aldaketa honen helburua arloen arteko koordinazioa hobetzea dela zehaztu dute, batzordeak irekitzea eta gardenagoa izatea, etekinak hobetzea orain arte baino operatiboagoak izanda, baliabideak hobeto aprobetxatzea eta, horien ondorioz, gastua nabarmen gutxitzea: “Batzorde gutxiago egongo direnez, dieten gastua ere txikiagoa izango da”.

Lau indar politiko ezberdinen artean adostutako udal-gobernu honen helburua “datozen lau urteetako kudeaketa eraldatzea, eta horretarako ezinbestekoa zaigu Kudeaketa-eredua aldatzetik hastea”. EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria (UH) eta Elkarrekin Podemos alderdiek osatutako Udal Batzordeak hartuko ditu herria gobernatzeko erabakiak: “Honekin, azken hamarkadetan Galdakao gobernatzeko erabili den hiperpertsonalimo politikoa bertan behera utzi nahi dugu. Gure gobernu-ereduak udal-gobernuaren kudeaketa demokratizatu nahi du, adostasuna oinarri izango duen gobernu parte hartzaile bat martxan jarriz”, adierazi dute lau alderdiek. Usansolo Herriako ordezkariak ezin izan dira aurkezpenean izan beste konpromiso batzuk zituztelako.

BATZORDEAK ETA ARLOAK

1. Alkatetza: EH Bildu
– Gardentasuna: Auzoak
– Komunikazioa: EH Bildu
– Parte hartzea eta ahalduntzea: Auzoak
– Berdintasuna: EH Bildu

2. Gizarte Politikak: Auzoak
– Etxebizitza: EH Bildu
– Hezkuntza: EH Bildu
– Gizarte Ongizatea: Auzoak
– Nagusiak: Auzoak

3. Hirigintza eta Mugikortasuna: EH Bildu
– Hirigintza: EH Bildu
– Lanak eta Zerbitzuak: Auzoak
– Mugikortasuna eta Garraioa: Auzoak
– Garapen Jasangarria: EH Bildu

4. Ogasuna eta Barne-erregimena: Auzoak
– Ogasuna: EH Bildu
– Ondarea: Auzoak
– Pertsonen kudeaketa: EH Bildu
– Sustapen ekonomikoa: Auzoak
– Enplegua: Elkarrekin Podemos

5. Gaztedia, Kultura, Kirola eta Euskara: EH Bildu
– Hizkuntza-politika EH Bildu
– Kultura EH Bildu
– Gaztedia Auzoak
– Kirola EH Bildu

6. Udal-lurralde Antolaketa: Usansolo Herria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak