→Hego Uribe

200 berbalagun arituko dira euskaraz Hego Uriben ikasturte honetan

hego uribe berbalagun 2017 ikasturte aurkezpena 0

Hego Uribeko Berbalagun taldeak dagoeneko martxan dauden arren, oraindik ere izena emateko aukera dute euskara praktikatu eta hitz egin nahi dutenek.

Berbalagun ikasturte berriaren aurkezpena Galdakaon // Geuria

Hamabigarren ikasturtea hasi du Galdakaoko Berbalagun egitasmoak eta zazpigarrena Basaurikoak. Berbalagun taldeak dagoeneko martxan dauden arren, ikasturte honetako aurkezpen jaiak iragarri dituzte: azaroaren 2an Galdakaon, 19:00etan Topa tabernan, eta azaroaren 10ean Basaurin, 20:00etan Bonboi tabernan.

Era berean, lehen hiruhileko euskararen agendaren berri ere eman dute: azaroaren 1ean mendi irteera antolatu dute Serantes mendira 08:30ean Basauriko udaletxetik, abenduaren 4an Mintzodromoa izango da Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean 10:30etik aurrera, eta abenduaren 15ean Baskot Gaua ospatuko dute Basaurin.

24 berbatalde aurten

Galdakao eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 500 lagun inguru ibili dira urte hauetan guztietan. Azken ikasturtean (2016-2017) 197 lagun ibili ziren 24 berbataldetan banatuta, 6 eta 8 arteko pertsonek osatutakoak. Aurten ere berbataldeen kopurua mantendu da, baina oraindik ere izena emateko epea zabalik dago (607 146 855 telefono zenbakian, galdakao_berba@aek.eus edo hegouribe@aek.eus helbide elektronikoetan, eta hegouribe.blogspot.com webgunean). “Iazko datuak hobetzea aurreikusten dugu, egitasmoaren goranzko joera dela eta“, diote Hego Uribeko Berbalagunak egitasmoko arduradunek. Berbalagunik gazteenak 20 urte ditu eta zaharrenak, 91 urte.

Tabernetan elkartzen diren berbalagun talde arruntez gain, interes taldeak ere eratu dira aurtengo ikasturtean. Hala nola, mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea eta bizkaiera lantzeko taldea.

Euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eroateko zubi lana bikaina izateaz gain, euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzeko lanabes ezin hobea da“, diote arduradunek. Galdakao eta Basauriko Udalek, udal euskaltegiek, AEK-k eta, Basauriren kasuan, Hizkuntz Eskolak bat egiten dute Berbalagun proiektuari bide egokia eman nahian.

Gora