→Basauri

#M26 | Auzo-batzarrak bultzatu nahi ditu Basauri Baik, “herri bezala hazteko eta sendotzeko”

Elkarrekin Podemos-Basauri Bai alderdiaren helburua izango da Eusko Legebiltzarreko eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideekin elkarlanean aritzea, “erakunde bietan Basauriren alde borrokatzeko”. 

Elkarrekin Podemos-Basauri Bai alderdiko hautesleak // Elkarrekin Podemos-Basauri Bai

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, Basauri Bai talde moreak bat egingo du Elkarrekin Podemos-Equo alderdiekin. Bobi Galdos izango da alkategai eta euren helburua izango da Eusko Legebiltzarreko eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideekin elkarlanean aritzea, “erakunde bietan Basauriren alde borrokatzeko”.

Elkarrekin Podemos-Basauri Bairen hauteskunde-programari dagokionez, nabarmentzekoak dira: Enplegu Plan “egonkorra eta kalitatezkoa” eratzea; udal-kontratuetan gizarte-klausulak eta feministak sustatzea; irisgarritasuna eta mugikortasun iraunkorra hobetzea; bidegorri-sarea bultzatzea; enpresa eta komertzio lokalak babestea; edota udal zerbitzuak udalekotzea. Gainera, kulturari, hezkuntzari, ingurumenari eta kirolari garrantzia eman nahi diote.

Alderdi moreak proposatzen dituen jardueren artean dago auzo-batzarrak eratzea, “herri bezala haztea eta sendotzea ahalbidetuko dutenak”, diote: “Gure helburuen artean dago herritarren artean partaidetza sustatzea. Udalerrietako oinarria izan behar du partaidetzak, herritarrak udal kudeaketaren parte direla ikusaraztea”. Ildo berean, debaterako espazio digitalak sortu nahi dituzte, “herritarrek eurek proposamenak bota ditzaten”.

Hirigintzari dagokionez, trenbide-pasaguneak ezabatzea da alderdi morearekin asmoa, baita Sarratun geltoki intermodala sortzea ere. “Metroaren 5. Linearen aldekoak gara, Etxebarritik, Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea lotzen dituena”, diote. Era berean, alokairu soziala sustatu nahi dute: “Basaurin hutsik dauden etxebizitzen azterketa egin nahi dugu eta udal-etxebizitzak eraiki nahi ditugu larrialdietarako gizarte zerbitzuetarako erabiltzeko”, diote.

Elkarrekin Podemos-Basauri Bai alderdiaren beste helburuetako bat da herri jasangarria eta osasungarria bultzatzea. Zentzu horretan, besteak beste, ‘Zabor 0’ estrategia diseinatzea, hondakin organikoen bilketa sustatzen jarraitzea, plastikoen erabilera murriztea, ekitaldi publikoetan animaliak erabiltzea debekatzea edota energia berriztagarriak sustatzea eraikin publikoetan eta komertzioetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak