Basauriko alderdi gehienek bezala talde sozialistak ere alkategai berria izango du datozen udal hauteskundeetan: Isabel Cadavalek Soraya Morla ordezkatuko du alkategai bezala.
Basauriko PSEk 20 ardatz nagusi finkatu ditu maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako. Besteak beste, herriko komertzioak eta ostalaritza modernizatzea eta indartzea; hirigintza jasangarria sustatzea; La Basconia fabrika zenaren lursaila berregituratzea (enpresa berriak, kirol eta aisialdi instalazioak eta etxebizitzak); hezkuntza-ekipamendu berriak sortzea (bide-hezkuntzako parkea, Lapatzan rokodromoa); erasoak prebenitzeko aplikazio mugikorra garatzea; Urbin eta Arizen trenbide pasaguneak ezabatzea; polizia-zainketa handitzea; Gazteria Batzordea eratzea, gazteen eskariak Udalera iristeko; edota herriko ondare kulturala ezagutaraztea.
Auzoetan esku-hartzeak
Basauriko alderdi sozialistaren beste helburuetako bat da auzoetan proiektu ezberdinak gauzatzea. Hala nola, Basozelain txakurrentzako 24 orduko gunea sortzea; San Migelen Zuberoa eta Teileria parkeak berritzea; Taberna Nagusiaren erabilera handitzea; Urbi-Arizen nagusientzako gizarte etxea eraikitzea; Larrazabal auzoan esku-hartze integrala egitea; eta argiztapen publikoa hobetzea Basozelain, Urbin eta Pozokoetxen.
