→Basauri

#M26 | Hareazko parkea guztiz berrituko duela iragarri du Basauriko EAJk

Basaurin dauden 50 parkeen egoera aztertuko du Basauriko alderdi jeltzaleak. Bizkotxalde parkea birmoldatzeko proposamena ere zabaldu du, tartean hareazko parkea guztiz berritzea.

Nerea Renteria eta Asier Iragorri, Bizkotxaldeko hareazko parkean // Argazkia: Geuria

Basaurin dauden 50 parkeen egoera aztertuko du Basauriko alderdi jeltzaleak. Bizkotxalde parkea birmoldatzeko proposamena ere zabaldu du, tartean hareazko parkea guztiz berritzea

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen harira, hirigintzarako, etxebizitzarako eta aparkalekurako programa aurkeztu du Basauriko EAJk. Besteak beste, nabarmentzekoak dira Bizkotxaldeko hareazko parkea berritzea, San Migelen doako aparkalekua egokitzea (35 plazakoa, tren geltokiaren ondoan), Pozokoetxe eta Larrazabal arteko bidea (Sarratu ondoan) konpontzea, eta Karmelo Torre kalean eta Forua eta Kareaga Goikoa 105 artean igogailuak eraikitzeko azterketa teknikoak egitea. “Gure helburua izango da hirigintza arloan hobekuntzak egiten jarraitzea”, dio Asier Iragorri alkategaiak.

Alderdi jeltzalearen alkategaiak gogorarazi du azken zortzi urtetan “700.000 euro baino gehiago” inbertitu dituztela haurrentzako parkeak eta aisialdi-guneak hobetzen eta berritzen. “Legealdi berrian gure asmoa izango da Bizkotxaldeko hareazko parkea guztiz berritzea: haurrentzako jolas berriak ipiniko ditugu eta estalki bat jarriko dugu bertan. Gainera, Bizkotxalde parkea birmoldatzeko azterketa egingo dugu, parke atseginagoa eta ibilerraza izan dadin”, dio Nerea Renteria gaur egungo hirigintza zinegotziak. Basaurik 50 parke dituela adierazi dute jeltzaleek, “eta denen egoera aztertuko dugu, bertan egin beharrekoak jakiteko eta esku hartzen joateko”, dio Renteriak.

Erdigunea eraldatzen jarraitu

Era berean, San Faustoko, Bidebietako eta Pozokoetxeko eraldatzeko planean esku hartzen jarraitzea ere izango da alderdi jeltzalearen beste puntu bat datorren legealdian. “Urteak eta urteak izan dira eremu horretan esku hartzerik ezin genuela egin, eta orain lanak hastea lortu dugula, gure helburua izango da datozen urteetan beste aurrerapauso batzuk ematea”, dio Iragorrik: “Berdegune eta aisialdi-gune berriak sortuko ditugu, aparkaleku gehiago jarriko ditugu, auzoen arteko komunikazioa erraztuko dugu, eta tren geltoki modernoa eta irisgarria eraikiko dugu”, dio.

Halaber, Auzoegin programarekin jarraitzeko konpromisoa hartu du Basauriko EAJk: “Auzoak berrurbanizatzen eta bertan irisgarritasuna hobetzen jarraituko dugu”, dio Iragorrik. Hala nola, Ramon y Kareaga kalean, Zumalakarregi etorbidean eta Federico Mayo etxartean (azkenengo fasea) esku hartuko dutela iragarri dute.

Gazteentzako etxebizitzak

Etxebizitzari dagokionez, San Migelen eta Azbarrenen babestutako 453 etxebizitza salmentan eta alokairuan jarriko dituztela aurreratu du Basauriko EAJk. “Gainera, gazteei zuzendutako alokairu baxuko etxebizitzak sustatzen jarraituko dugu. San Migelen era horretako 36 etxebizitza ari gara eraikitzen eta etorkizunean Pozokoetxen ere halakoak bideratzea ere aurreikusten dugu”, dio Iragorrik.

Bestetik, Larrazabal eta Baskonia auzoak ARIS programan (Birgaitze Integraleko Guneak) sartzea ere aztertuko du alderdi jeltzaleak.

Basauriko EAJk adierazi du azken zortzi urteetan 14 milioi euro inguru bideratu dituztela auzoak modernizatzen, oztopo arkitektonikoak ezabatzen edota berdegune berriak sortzen. “Basaurik azken zortzi urtetan izan duen bilakaera nabarmen ikus daiteke. Herri irisgarriagoa eta atseginagoa da, eta aparkaleku eta asialdirako azpiegitura gehiago ditu”, dio Iragorrik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak