→Etxebarri

#M26 | Ibilgailu elektrikoak eta hauek kargatzeko guneak jarri nahi ditu martxan Etxebarriko EAJk

Ibilgailu elektrikoak erostea, herriko merkataritza babestea, igerilekuetan hobekuntzak edota oinezko patruilak areagotzea bilatuko du Etxebarriko EAJk.

Etxebarriko EAJ

Etxebarriko EAJk Maria Perez Cordoba aukeratu du maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan alderdi jeltzalearen alkategai izateko. “Etxebarri hobea eraikitzeko” hamar puntu biltzen dituen programa aurkeztu dute: 4.0 industria eta garapen ekonomikoa; hiri planifikazioa eta irisgarritasuna hobetzea; zerbitzu publikoen kudeaketa; segurtasun handiagoa herritarrentzat eta bideetan; gazteria eta kirola babestea; euskara eta euskal kultura sustatzea; berdintasuna bultzatzea; azpiegiturak deszentralizatzea; ingurumena zaintzea; eta etxebarritarren ongizatea bilatzea bilatuko du Etxebarriko EAJk.

EAJren proposamenen artean nabarmentzekoa da ibilgailu elektrikoak erosi nahi dituztela ingurumena errespetatze aldera. Gainera, horiek kargatzeko guneak jarri nahi ditu alderdi jeltzaleak.

Garapen ekonomikoari dagokionez, ekintzailetza eta herriko merkataritza eta ostalaritza babestea du helburu alderdi jeltzaleak. “Merkataritzan espezializatutako teknikaria kontratatuko dugu marketingari edo merkatu teknika edo azterketei buruzko aholkularitza eman dezan”, diote. Gainera, hutsik dauden lonjen errolda aztertuko dute bertan garapen ekonomikoak gara daitezen.

Bestetik, kiroldegiko kanpoko eta barruko igerilekuetan hobekuntzak egingo dituztela adierazi dute, baita pilotalekuan, Bekosolon eta Zintururiko instalazioetan ere. “Oztopo arkitektonikoak ezabatu nahi ditugu”, diote. Era berean, parkeak estaltzeko proposamena ere egin du alderdi jeltzaleak. Zerbitzu publikoen kudeaketaren alorrean, lur azpiko zabor edukiontziak jartzea, zaborrak batzeko maiztasuna areagotzea edota espaloi, parke eta iturrien mantentze lanetan hobekuntzak iragarri dituzte.

Halaber, segurtasuna areagotzeko oinezko patruilak eta udaltzain figura sortu nahi du alderdi jeltzaleak. “Bideetan ere segurtasuna bermatu nahi dugu. Esate baterako, errepideetara irteten diren markesinak kendu nahi ditugu, badenak egokitu nahi ditugu eta semaforo gehiago jarri”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak