→Galdakao

#M26 | Alokairu sozialerako 30 etxebizitza eta babes ofizialeko 200 eraikitzea proposatzen du Galdakaoko EAJk

Emakumeen ahalduntze eskola, igogailu eta arrapala mekanikoak eraikitzea, Bengoetxen erabilera anitzeko eraikina egitea eta 200 plazako aparkalekua eraikitzea ere proposatzen du Galdakaoko EAJk.

Galdakaoko EAJren hautagaitzaren aurkezpena // Argazkia: Geuria

Ibon Uribe alkatearen bi legegintzaldiren ostean, EAJk alkategai berria aurkeztu du: Fernando Izagirre. Galdakaoko alderdi jeltzaleak datozen lau urteetan bete nahi duen programak hiru ardatz nagusi ditu: pertsona helduen ongizatea bermatzea kalitatezko zerbitzu eta hobekuntza sozialen bitartez; Galdakaoko kirol- eta kultur-eskaintza zabaltzea eta gazteentzat erakargarria egitea; eta Galdakaoren suspertze ekonomikoa gauzatzea arlo guztietan. 

Era berean, hauteskunde-programaren barruan nabarmentzekoa da alokairu sozialerako 30 etxebizitza eta babes ofizialeko 200 etxebizitza eraikitzeko proposamena. “Gazteek proiektu egonkorra eta oparotasuna nahi dute Galdakaon. Horregatik, hurrengo lau urteetan alokairu sozialerako 30 etxebizitza eraikiko ditugu, baita babes ofizialeko 200 etxebizitza ere”, dio Izagirrek.

Beste proposamenen artean daude: zabor bilketa pneumatikoa auzo guztietara hedatzea, umeen parkeak estaltzea, ludoteka eta adineko zentroak hobetzea eta argiztatze publikoaren berriztatze integrala hedatzea. Gainera, Berdintasun arloaren aurrekontua, gutxienez, % 50 igotzea eta emakumeen ahalduntzearen aldeko eskola, Andraenea, Lehendakari Agirre plazan eraikitzea aurreikusten du Galdakaoko EAJk.

“Irisgarritasuna hobetze aldera, 4 milioi euro inbertituko ditugu igogailu eta arrapala mekanikoen eraikitzean Aperribai, Zabalea eta Tximioilarre auzoetan. Eta gainera, espaloiak zabaltzen eta zebra-bideak beheratzen jarraituko dugu”, dio Izagirrek.

Datorren legealdiari begira ere, Ikasketa Kluba sortzea (06:00etatik 24:00ak arte), Elexaldeko igerilekua 50 metroraino luzatzea eta bertan estaldura mugikor bat eraikitzea, Unkina eta Urretako kiroldegietan aldagelak eta instalazioak berritzea eta Bengoetxen erabilera anitzeko eraikin bat eraikitzea ere proposatzen dute. Bestetik, Zuhatzu, Urreta, Uraska eta Usansolo auzoetan berdegune berriak sortzea aurreikusten du alderdi jeltzaleak, baita auzo nagusienetatik bidegorri berri bat eraikitzea ere.

Metroa eta aparkalekuak

Metroa herrira heltzea ere izango da Galdakaoko EAJren beste ardura bat. “Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko konpromisoa hitzartuta, 2021ean hasiko dira Metroaren obrak Galdakaon. Gure aldetik, lanean jarraituko dugu linea berri horrek zerbitzu ona eman diezaien Galdakaoko herritarrei”, dio Izagirrek.

Halaber, aparkalekuaren arazoari aurre egiteko, beste 200 txandakatze plaza berri eraikitzea aurreikusten dute alderdi jeltzaletik: “Gaur egun martxan dauden doako Lapurdi eta Bizkai (230 plaza) kaleetako txandakatze aparkamenduei eta lurperatuta ditugun 1000 aparkamendu publikoei, beste 200 txandakatze plaza berri eraikitzea aurreikusteen dogu eta baita lurperatutako parkingen hobekuntza ere”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak