→Galdakao

#M26 | Urretako kiroldegia handitzea eta alokairu sozialeko 200 etxebizitza eraikitzea bilatuko du Galdakaoko EH Bilduk

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, Galdakoko EH Bilduk zenbait proposamenen berri eman du.

Galdakaoko EH Bilduko hautesleak // EH Bildu Galdakao

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, Galdakoko EH Bilduk zenbait proposamenen berri eman du. Besteak beste, nabarmentzekoak dira: Urretako udal kiroldegia handitzea eta zerbitzuak hobetzea; nerabe eta gazteentzako aisialdi gune euskaldunak sortzea; alokairu sozialeko 200 etxebizitza eraikitzea; autobus geltoki guztietan markesinak jartzea; auzoak lotzeko herri barruko autobusa ipintzea; nagusien informazio bulegoa sortzea; lanzadera Etxebarrira eramatea; Musika Eskolako ikasketak merkeagotzea; kaleko argiak berritzea; eta Bizkai kalean aparkaleku bertikala eraikitzea.

“Urretako kiroldegia handitzea da gure asmoa. Hain zuzen ere, anbulatorioko txandakako aparkalekuaren gainean zerbitzu gehiago eskaintzea pentsatu dugu. Beheko solairuan doako aparkalekua mantenduko genuke eta gainean, bi solairuko eraikinean, kirol-instalazio berriak jarriko genituzke. Gainera, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako igerilekua ere jarriko genuke”, diote Galdakaoko EH Bildutik. Era berean, aldagelak egokitzea eta hobetzea da ezker koaliziaoren helburua, “erabiltzaile eta gurasoentzat erosoagoak izan daitezen”, diote.

Bestetik, alokairu sozialera bideratutako 200 etxebizitzen udal-parkea sortzea proposatu du Galdakaoko EH Bilduk. Hain zuzen ere, 150 biztanleko alokairuzko etxebizitza sozial bat bideratzea proposatzen dute. “Guk proposatzen dugu hutsik dauden 1.087 etxebizitzen azterketa egitea, udal-parkearen parte izan daitezkeenak zeintzuk diren esanez eta, ahal izanez gero, bertan zuzenean sartuz”, diote ezker koaliziotik. “Gaur egun gazteek emantzipatzeko arazoak dituzte, alokairuko etxebizitzak oso garestiak direlako Galdakaon. Alokairu soziala lehentasunezkoa izan behar da Galdakaon”, dio Iñigo Hernando alkategaiak.

Lanzadera Etxebarrira eramateko proposamena

Metroa Galdakaora irisaraztea da alderdi guztien asmoa. EH Bilduk iazko ekainean Metroa Galdakaora heltzeko azterketa aurkeztu zuen. Ezker koalioaren proposamenaren arabera, L3 linea luzatuz iritsiko litzateke Metroa Galdakaora. Horretarako Etxebarritik Basauriko Sarratu auzoraino egingo luke bidea, eta hortik Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloraino. Proposamen hau Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilean aurkeztu zutenaren oso antzekoa da, nahiz eta faseak ezberdinak izan.

“EH Bilduk badu proiektu bat metroa Galdakaora ekartzeko. Geltokiak Aperribai, Bengoetxe, Galdakaoko erdigunea eta Usansoloko Ospitalea eta erdigunea dira. Usansolon Euskotrenekin egingo du bat, Arratia, Busturialdea eta Durangaldearekin konektatuz”, dio Hernandok. Hala ere, Metroa heldu bitartean proposamen bat egiten dute ezker koaliziotik: lanzadera zerbitzua Etxebarrira iristea. “Metroa heldu bitartean, Etxebarriko Udalarekin akordioa lortzea lehenetsiko dugu, lanzadera hara iritsi dadin. Hori da merezi dugun geltokia”, dio.

Parking bertikala erdigunean

Eskualdeko gainontzeko herrietan gertatu bezala, Galdakaon ere aparkatzeko arazoak daudela adierazi du Iñigo Hernando alkategaiak. Galdakaoko EH Bildutik arazo horri aurre egiteko, beste ideia bat pentsatu dute: Galdakao erdigunean, Bizkai kalean, 150 plazako parking bertikala eraikitzea. “Alturerako aparkalekua izango da. Honekin aparkalekuen arazoa arintzeaz gain, herriko merkatarientzat mezedegarria izango dela uste dugu”, dio Hernandok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak