→Arrigorriaga

#M26 | Ollarganen alokairu baxuko 35 etxebizitza sortu nahi ditu NOAk

NOA (No Adscritos Arrigorriaga) izena du Arrigorriagako alderdi berriak eta Jose Ignacio Fernandez herritarra izango dute alkatetzarako hautagai.

NOAren hautesleak / NOA

NOA (No Adscritos Arrigorriaga) izena du Arrigorriagako alderdi berriak eta Jose Ignacio Fernandez herritarra izango dute alkatetzarako hautagai. “Arrigorriagako auzokideak gara, zure moduan. Aurretik politikarekin zerikusirik izan ez duten pertsonak gara. Gure herriaren hobekuntzarekin konpromisoa daukagu eta betidanik herrian agintea trukatu duten bi familiek izan duten udal botereagatik kezkatuta gaude”, diote alderdiaren aurkezpen gisa.

Legegintzaldi berrirako bildu dituzten proposamenei dagokienez, lehena alkatearen eta udal ordezkarien soldata ezabatzea litzateke, bai eta alderdiek Udaletik jasotzen dituzten diru laguntzak bertan behera uztea. “Gure proposamenak eta hauteskunde programa 75 eurorekin ondu ditugu, eta uste dugu gurea gainontzeko alderdiek landu dutena baino aberatsagoa dela”, dio Fernandezek. “Herriarentzako lan egiteak ez du zertan soldata bat izan behar”, uste du NOAko hautagaiak.

Bestelako proposamenei dagokienez, egun Arrigorriagako Eraikuntza Institutuak erabiltzen duen Ollarganeko udal eraikinean gazteentzako eta diru sarrera gutxi duten familientzako alokairu baxuko 35-40 etxebizitza sortzea gura ditu alderdi berriak, “150 eta 250 euro arteko alokairua izango dutenak”. Bestetik, desgaitasun fisikoren bat duten pertsonentzako eta adineko bizilagunentzako autobus zerbitzu berezia ezarri nahi dute Arrigorriagan, “garrantzirik ez duten diru partidak ezabatuz eta baliabidea ekonomikoak garrantzia duten ekintzetan zentratuz”. Hasiera batetan ez dute baztertzen taxi zerbitzu berezi batekin aritzea, “eta beharrizan handiagoa balego, autobusa erostea aztertuko genuke”.

Gazteei begira, ekintzailetasuna babestu eta sustatuko duen bulego berri bat martxan jarri gura du NOAk. Zergazk izoztea edo jaistea, Abusuko eta herriguneko aire kalitatea aztertzea eta Kuboko lurpeko igarobidea eraberritzea ere jasotzen dute euren hauteskunde programan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak