→Zeberio

#M26 | Erabilera anitzeko areto berria eta mugikortasuna hobetzeko politikak proposatu ditu Zeberioko EH Bilduk

EH Bilduk hautagai berria aurkeztu du Zeberion maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetarako: Uriondo auzoan bizi den Laxia Olagorta herritarra. 

Zeberioko EH Bilduren hautesleak / EH Bildu

EH Bilduk hautagai berria aurkeztu du Zeberion maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetarako: Uriondo auzoan bizi den Laxia Olagorta herritarra. Aurreko bozetan zazpi botoko aldeagatik galdu zuen ezker koalizioak Zeberioko alkatetza eta gehiengoa , eta beraz, jakitun dira EAJrekin duten aldea oso txikia dela.

“Herritarrengandik sortu eta herritarren zerbitzura jarriko den” hautagaitza sortu dutela dio EH Bilduk. Hain zuzen ere, Ezker koliazioak Udalaren jardunaren erdigunean jarri gura ditu herritarrak: “Herritarrok ulertu behar dugu zer gertatzen den udal instituzioan eta horretarako denon eskura jarri eta ulergarri bilakatu behar ditugu eztabaidak eta jarduera instituzional guztiak”, dio Olagortak.

Legegintzaldi berrirako proposamenei dagokienez, Udal-Kultura Batzorde parte-hartzaileak indartu gura ditu EH Bilduk, “jaiak, aste kulturala eta bestelako kultura ekintzak antolatzeko orduan udalerriko kultura eragileek, taldeek eta era guztietako sortzaileek parte hartzeko aukera izan dezaten”. Bestetik, Zeberioko ezker koalizioak beharrezkoa ikusten du liburutegiaren kokapena aldatzea: “Txiki geratu da daukaguna eta ondorioz, espazio anitz bat sortuko dugu, handiagoa eta funtzionalagoa, umeen eta helduen beharretara egokitua egongo dena”.

Euskararen erabilera

EH Bilduk herriko euskararen erabileraren inguruko kezka azaldu eta hura indartzeko konpromisoa azaldu du: “Kezkatzen gaitu euskara hain gutxi erabiltzeak eta saiatuko gara egoera hau aldatzen eskolako gurasoekin batera eta Euskara Batzordea indartuz”, adierazi du Laxia Olargortak.

Mugikortasunari dagokionez, hura hobetzeko “Udalak bere eskumenak erabili eta bere konpetentzietatik kanpo proaktiboa izan behar duela” iritzi dio ezker koalizioak. Zentsu horretan, bide nagusiko obrak aprobetxatuz bidegorria ez eraikitzea akatsa izan dela dio EH Bilduk. Kotxerik gabeko espazioak “guztion artean zehazteko” erabakitze prozesua aurrera eramango dutela jakinarazi du Olagortak, eta “garraio publikoaren gabezien aurrean” kotxeak konpartitzeko aukerari forma ematen lagunduko dutela.

Bukatzeko, Zeberio atseden eta aisialdi leku izateko erretegiak, mahaiak eta jesarlekuak herriko zenbait tokitan ipintzea aurreikusten du EH Bilduk.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak