→Zeberio

#M26 | Zubialde eta Egiako berrurbanizazioari ekin nahi dio Zeberioko EAJk, herri galdeketa bidez

Azken agintaldiko balantze positiboa egin du Karlos Idirin EAJko alkategaiak eta maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako “indarberrituta” aurkeztu du berriz ere bere burua.

Zeberioko EAJko hautesleak / EAJ

Azken agintaldiko balantze positiboa egin du Karlos Idirin EAJko alkategaiak eta maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako “indarberrituta” aurkeztu du berriz ere bere burua. “Gaztetasuna, esperientzia, ilusioa eta konpromisoa” biltzen dituzten hautesleen zerrenda osatu du hauteskundeak berriz irabazteko helburuarekin. Aurreko bozetan zazpi botoko aldeagatik lortu zituzten alkatetza eta gehiengoa jeltzaleek eta beraz, jakitun dira EH Bildurekin duten aldea oso txikia dela.

Datorren legegintzaldirako proposamenei dagokienez, Zubialde eta Egia auzoetako berrurbanizazioei eman nahi die lehentasuna Idirinek: “Aparkaleku kopurua handitzea eta plaza oinezkoentzako bihurtzea da gure proposamena. Hala, Zubialde eta Egia pasabide berri batekin konektatu nahi ditugu ere”. Herri-galdeketaren bitartez onartu nahi ditu EAJk berrurbanizazio lanak: “Gure konpromisoa da herritarrek Zeberioko egunerokoan parte hartzen jarraitu dezatela, ideia berriak ekarriz eta elkarrekin Zeberio hobe bat eraikiz”, dio Idirinek.

Bestetik, Aresandiagatik Ugaorekin muga egiten duen zubira arteko oinezkoentzako bidea eraiki nahi dute Zeberioko jeltzaleek Aldundiaren laguntzarekin. “Egun errepidetik oinezean doazenek bizi duten arriskua ekidin nahi dugu”, azaldu du alkategaiak. Udalerrian utzita dauden berdeguneak berreskuratu eta kontserbatu nahi ditu ere EAJk, “Santa Kurtzeko landan egin bezala”, eta oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emango dien plan urbanistikoa lantzeko asmoa azaldu du.

Memoria historikoa berreskuratuz

2015-2019ko agintaldian egin bezala, herriko elementu historiko-kulturalak balioan jartzen jarraitu nahi du Idirinek. Legegintzaldi honetarako Albitzuko karegilea, Uriondoko iturria, San Juan de Ugarte bainuetxe zaharreko arrastoak, Burdin Hesia eta Galtza Errealak berreskuratu nahi ditu. Zeberioko historia zaintzeaz aparte, lan hauen helburua herriko turismoa eta merkataritza sustatzea dela dio EAJko alkategaiak.

Adinekoentzat gimnasia parke berria aurreikusten du Idirinek, “kirola eta kaleko aisialdia uztartuko dituena”. Gazteentzat aisialdi aktibo eta osasungarria bilatu nahi duen programa landu nahi dute, “gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna oinarrian duena”. Halaber, agintaldi honetan egokitu ezin izan duten Aretoaren egokitzapena burutu nahi du datozen lau urteetan. Bukatzeko, herriko udal eraikin guztietan energia garbiak ezarri nahi ditu Idirinek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak