→Basauri

Basauri Eskubaloi Taldea: “Jaiak topera biziko ditugu, pregoilari izateak dakarrenarekin”

Basauri Eskubaloi Taldeko emakume seniorrak dira Sanfaustoetako pregoilariak. Naia Baliñok eta Itxaso Eliceguik jokalariek irakurriko dute pregoia

Naia Baliño Zamalloak eta Itxaso Elicegui Fernandezek irakurriko dute pregoia talde osoaren izenean // Argazkia: Geuria

Basauri Eskubaloi Taldeko emakume seniorrak dira Sanfaustoetako pregoilariak. Naia Baliñok eta Itxaso Eliceguik jokalariek irakurriko dute pregoia

Dena prest dago basauriarrek sanfaustoak besoak zabalik har ditzaten. Egitaraua, kuadrillak eta pregoia. Azken hau irakurtzeko Herriko Taldeakek Basauri Eskubaloi Taldeko emakumeak, senior kategoriakoak, hautatu ditu. Eta, pregoia bera irakurtzeko ardura izango dute Naia Baliño Zamalloak eta Itxaso Elicegui Fernandezek. Udaletxeko balkoian biak bakarrik egon arren, talde osoaren babesa izango dute. Baliño eta Eliceguiri sostengua emateko egongo dira: Janire Fernandez, Nerea Collado, Ana Isabel Alonso, Jone Ojembarrena, Dafne Serrano, Lorena Simon, Nekane Garcia, Oihane Mezo, Sthephany Regueiro, Ane Vales, Nerea Elicegui, Leire Ortega, Ariane Perez, Naroa Martinez, Maider Marcos, Ziortza Bengoetxea, Julia Rey, Ainhoa Garcia, Aintzane Zamalloa, Zulema Velerdas eta Jorge Camarero.

Sanfaustoetako pregoilariak zarete. Zelan hartu zenuten proposamena?
Ez genuen batere espero, sorpresa ikaragarria izan zen guretzat eta emozio handiarekin hartu genuen berria. Jaiak beste perspektiba batetik bizitzeko aukera bezala ikusten dugu.

Nortzuek irakurriko duzue pregoia?
Itxasok eta Naiak dute ohorea. Taldea osatzen dugun guztiok adostu genuen alde batetik, kapitainetako bat (Itxaso) eta bestetik, taldeko beteranoena (Naia) izatea pregoia irakurriko dutenak.

Zein mezu izango du zuen pregoiak?
Alde batetik eskerrak emango dizkiegu hau posible egin duten pertsona guztiei, klubetik hasita Herriko Taldeak arte, gure familiak ahaztu gabe. Pregoiaren bitartez eskubaloia ikusgai egitea nahi dugu, horrekin batera emakumearen parte hartzea kirolean indartuz. Azkenik, eta ez horregatik garrantzirik kendu gabe, jai ezin hobeak ospatu nahi ditugu inolako erasorik gabe.

Talde osoaren artean osatu duzue pregoia?
Bai, hasieratik argi genuen nahiz eta bik irakurri, denon artean osatu behar genuela, denona baita lorpena. Egun batzuetan bildu ginen guztion artean (kafetxoak entrenamendua baino lehen, partiduetako autobus bidaietan…) pregoia idazteko.

Txupinazoaren egunean udaletxeko balkoian gehiengoa emakumeak izango zarete: Herriko Taldeakeko presidentea, zuek
Batez ere, emakumearen presentzia gero eta nabarmenagoa dela adierazten du horrek, eta indarra hartzen ari garela; gure kasuan, kirolaren munduan. Gainera, horrek eragin zuzena du txikiengan, ikur moduan ikusten baikaituzte. Egia da oraindik ere lan handia dagoela egiteke baina gu pozik gaude gure ekarpenarekin.

Zelan biziko dituzue jaiak?
Jaiak beste era batera bizitzeko aukera  bikaina da. Hala ere, jaiak betiko lez biziko ditugu: topera, pregoilari izateak dakarrenarekin: besteak beste, zenbait ekitaldi berezitan parte hartuz.

Sanfaustoetako onena eta okerrena?
Onena, gure ustez, urteetan zehar aspaldiko ohiturak (zurrakapotea, jantziak) mantendu direla eta horrek jaiak berezi egiten dituela. Kuadrilletan egoteak jende berria ezagutzeko aukera ematen dizu eta horrek bizipen ugari bizitzeko aukera dakar. Gainera, txikientzako nahiz nagusientzako eta, nola ez, gazteentzako egitarau zabala eskaintzen dute jaiek. Okerrena, aldiz, zoritxarrez urtero ezbeharren bat gertatzen dela: erasoak, lapurretak edota borrokak.

Zuentzako zein da egunik onena Basauriko jaietan?
Sanfausto eguna, dudarik gabe. Egun berezia izaten da, kuadrilla guztiak elkartzen baitira bazkaltzera, eta kaleak jendez betetzen dira.

Zer esango zeniokete Basaurikoa ez den norbaiti Sanfaustoetara etor dadin?
Ekintza eta ekitaldi asko egoten dira egun osoan zehar eta adin guztietarako. Gainera kuadrilla bakoitzak bere lonja du non zurrakapotea dohainik eskaintzen duen borondatearen truke. Guk ere gure lonja dugu eskubaloikoa, bertan giro polita egoten da, beste klub desberdinetako neska-mutilak datozelako eta baita kuadrilla desberdinetako jendea ere. Orokorrean, kristoren giroa egoten da jaietan!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak