Sareak

|

Santakurtzetako lehen igandean Bertso jaialdia izan da Kurtzeko plazan. Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegi bertsolariak aritu dira eta gai-jartzaile lanetan Arkaitz Estiballes galdakoztarra izan da.

galdakao jaiak 2018 bertso jaialdia 1

☉ Galdakao

Boikot, Talco, Chill Mafia, Bulego, Mafalda, J Martina… zein talde ikusi nahi dituzu Galdakaoko jaietan?

|

Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko bozketa fasea zabaldik dago maiatzaren 8ra arte // Galdakaoko Udala

Irailaren 13tik 22ra bitartean izango dira Galdakaoko jaiak, eta dagoeneko jai egitaraua zehazten ari da Jai Batzordea.

Kontzertuei dagokionez, horiek aukeratzeko prozesu parte-hartzailea zabaldu zuen martxoan Udalak. Herritarrek guztira 460 proposamen egin dituzte, eta apirilaren 22ko Jai Batzordearen bileran erabaki zuten zein proposamen pasatu diren bozketa fasera.

Hauek dira bozketa fasera igaro diren taldeak:

Irailak 13, ostirala
– Boikot
– Talco
– Mago de Oz
– Kaotiko

Irailak 14, larunbata
– Chill Mafia
– Su Ta Gar
– Oxabi
– Bulego

Irailak 20, ostirala
– Mafalda
– Tremenda Jauría

Irailak 21, larunbata
– Nogen
– J Martina
– Zea Mays

Taldeak erabakitzeko bozketa fasea maiatzaren 8ra bitartean dago zabalik. Galdakaon erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko aukera.

Pertsona bakoitzak egun bakoitzeko talde bakarraren aldeko botoa emango du erabaki.galdakao.eus udal plataformaren bitartez edo Torrezabalen, Aperribaiko Liburutegian, Urreta kiroldegian eta udaletxean jarri dituzten hautestontzien bitartez. Bozketaren emaitza maiatzaren 15etik aurrera emango du jakitera Udalak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Erletxe eta Larrabetzu bidegorri bidez lotuko ditu Aldundiak

|

Erletxeseko eta Larrabetzuko industrialdeen arteko bidegorriak 3,4 kilometroko izango ditu // Bizkaiko Foru Aldundia

Erletxeko eta Larrabetzuko industrialdeak lotzeko bidegorria eraikiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bidegorriak guztira 3,4 kilometro izango ditu eta Galdakaoko Artola auzoa ere zeharkatuko du.

Bizikleta-pista bi noranzkokoa izango da eta txirrindularientzat zein oinezkoentzat egokituta egongo da. Zirkulatzeko esparruaren zabalera sei metrokoa da: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat.

“Bidegorria zein oinezkoentzako bidea motordun trafikotik bereiziko dira erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, espazio irekiak, parkeak, lorategiak eta basoak zeharkatuz”, diote Aldundiko arduradunek.

Erletxe eta Larrabetzu arteko zatia eraikitzeko proiektua onartu du dagoeneko Aldundiak: 12 milioi euro inbertituko dituzte eta 18 hilabeteko epea ezarri dute obrak burutzeko, lizitazioa egin ostean.

“Ibilbide honek, kirol-aisialdirako aukera ez ezik, Galdakao eta Larrabetzu arteko mota guztietako joan-etorrietarako benetako alternatiba izan nahi du eta, aldi berean, bere eremu geografikoko garraio publikoko sareetara oinez eta bizikletaz sartzea erraztuko du (merkantzia-trenak, autobus-lineak…)”, diote.

Bizkaiko bidegorri sarea

Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da Erletxe-Larrabetzu bidegorria Erandioko Lutxanaraino luzatzea. “Ibilbidea Txorierriko Haranaren eta Mungialdearen arteko sare aurrekonfiguratuan kokatzen da”, diote. Era berean, Erletxe-Boroa ere lotu nahi dituzte.

Beste alde batetik, Bilbo, Etxebarri, Basauri, Galdakao, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Abadiño, Berriz eta Zaldibar ere bidegorri bidez lotu nahi ditu Aldundiak. “Hori litzateke ardatz nagusia, eta bigarren ardatz nagusia, orain onartu dena, Erletxe eta Lutxana (Erandio) artekoa izango da”, diote foru ordezkariek, eta gaineratu dute: “Bigarren mailako ardatz bat ere egingo dugu, bizikleta bidezko mugikortasuna Mungiarantz eta bere eskualderantz artikulatzen duena”.

Bilboko Bolueta eta Basauriko Kareaga artean dagoeneko hasi da Aldundia bidegorria eraikitzen, eta aurreikuspenen arabera aurten bukatuko dute. Bidegorriak kilometro bateko luzera izango du.

Gainera, Basauriko Udalak, bere aldetik, Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz, bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera. Udal arduradunen asmoa da aurten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Txaranga festak Galdakaoko kaleak girotuko ditu datozen bi asteburuetan

|

Danbayán Batukada taldea izango da, besteak beste // Geuria

Txaranga Festa antolatu dute Galdakaon apirilaren 26an eta 27an eta maiatzaren 3an eta 4an, 19:00etatik 22:00etara bitartean.

Batukada eta txaranga taldeak izango dira herrian, Santi Brouard plazan, Somera kalea, Iturriondo plazan eta Bilbo kalean. Zuzeneko musikaz gain, hainbat ekintza, zozketa eta sari izango dira.

Maiatzaren 4an, gainera, musikari batek girotuko du Santi Brouard plazaren ingurua 80ko hamarkadako musikaren erritmoan, Kerren jatetxearen, Sorgiñe tabernaren eta Gurutz Berriaren bidegurutzean, hain zuzen.

Txaranga Festa Galdakaoko Udalak eta GuDendari Elkarteak antolatu dute elkarlanean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Bekeako jaiak 2024

|

Asentzio jaiak ospatuko ditu Bekea auzoak maiatzaren 10etik 12ra // Geuria

Asentzio jaiak ospatuko ditu Bekea auzoak maiatzaren 10etik 12ra. Umeentzako jarduerak, esku pilota partidak, tortilla txapelketa, mendi ibilaldia, herri bazkaria eta bertso emanaldia eta erromeriak antolatu dituzte.

Era berean, maiatzaren 15ean San Isidro ospatuko dute eta hilaren 19an Txakoli Eguna antolatuko dute.

Egitaraua / Bekeako jaiak 2024

Maiatzak 10, ostirala
18:00 ‘Txipli-txapla-pum!’ kalejira eta jai hasiera. Andra Mari Txiki dantza-dantzari
18:30 Esku pilota partidak Adiskideren eskutik

Maiatzak 11, larunbara
11:00 II. Tortilla txapelketa
13:30 Auzokoen bazkaria
18:00 Lagun arteko esku pilota partidak: Atutxa-Larunbe vs Karregal-Kantxo
21:00 Dantzaldia: The Golden Trio

Maiatzak 12, igandea
09:00 Mendi-ibilaldia Ganguren MTren eskutik
12:00 Meza nagusia
12:30 Andra Mari Dantza Taldearen emanaldia
15:00 Herri bazkaria eta bertsolariak: Arkaitz Estiballes eta laguna. Jarraian erromeria Etxebarria Aita-Seme Trikitilarien eskutik
21:00 Jaien amaiera eta azken biribilketa

Maiatzak 15, asteazkena
20:00 Meza eta luntxa

Maiatzak 19, igandea
11:00 VIII. Euskal artzain txakurren lehiaketa
13:00 Eskerrak laguntzaileei eta Txakoli dastaketa

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon eta elkarretaratzea deitu dute larunbatean

|

Otsailean adingabeen kontrako sexu erasoen kontra egin zen elkarretatzea // Geuria

Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon. Horren berri eman du gaur goizean Udalak. Herriko mugimendu feministak eta emakume taldeek elkarretaratzea deitu dute apirilaren 27an, larunbatez, 12:30ean Santi Brouard plazan.

Galdakaoko Udalak, udaltalde politiko guztien adostasunarekin, adierazi du “irmoki” arbuiatzen duela herrian gertatutako eraso matxista: “Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei”, adierazi dute.

Gertaeren berri izan orduko protokoloa aktibatu du Udalak eta premiazko bilera deitu du, “informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko”.

“Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela”, diote udal ordezkariek.

Ildo horretan, “behar diren neurriak” sustatuko dituela adierazi du Udalak, “edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin”.

Udalak babestu egiten du mugimendu feministako taldeek eta emakume taldeek deitu duten mobilizazioa, eta herritarrak gonbidatzen ditu gaitzespen ekintza guztietan parte hartzera.

Osorik irakurri