Sareak

☉ Basauri

Pili Castro: “Hasierako filosofia bera mantentzen dugu, baina estalki ezberdinekin hobetuta”

Irailaren 16an ospatuko da Euskal Herriko Dantza Agerketaren 45. edizioa. Aurrekoetan bezala, ostiraleko eta igandeko saioak izango dira. Pili Castro basauriarrak urteak daramatza antolakuntza lanetan buru-belarri.

|

basauri pili castro 2017 euskal herriko dantza agerketa elkarrizketa
Pili Castro Euskal Herriko Dantza Agerketako antolakuntza taldeko kidea da // Geuria

Duela 45 urte sortu zen Euskal Herriko Dantza Agerketa Basaurin, euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak sustatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin. Aurten irailaren 15etik 17ra bitartean ospatuko da -saio nagusia larunbatean izango da- (larunbateko eta igandeko saioak Social Antzokian izango dira aurten, eguraldi iragarpenagatik). Dantza Agerketako filosofiaz eta urte luze hauetan izan duen bilakaeraz aritu gara Pili Castro (Basauri, 1968) antolakuntza taldeko kidearekin.

Laster Dantza Agerketaren 45. edizioa ikusteko aukera izango dugu.

Hala da. Larunbatean izango da egun nagusia eta has dadin gogotsu gaude antolakuntza lanetan izan garenok. Nahiz eta guztira hiru eguneko saioak prestatzen ditugun, hilabetetako lana da egiten duguna. Gure helburua da dena ondo ateratzea eta ikusleek disfrutatzea.

Zertan aldatu dira gauzak urte hauetan?

Gauza asko aldatu dira. Batez ere, gizartea bera ere aldatu delako. Esaterako, garraiobideen kontua. Gaur egun denok daukagu kotxea eta autobus zerbitzu asko dago Euskal Herri osoa lotzen duena. Horrek lurralde osoko dantzariak Basaurira etortzea errazten du.

Antolakuntzari dagokionez, lehen igande osoko egitaraua antolatzen zuten, 09:00etatik 21:00ak arte. Gogoan dut bokatekin joaten ginela Basozelaira gurasoekin saioa ikustera. Dantzak ikusteaz gain, bertsolariak ere etortzen ziren Dantza Agerketara. Egun, saio laburragoak egiten ditugu, jendearentzat erosoagoa izateko.

Gaur egun Bizkotxalden izaten dira saio nagusiak. Basauriko zein beste lekutan antolatu da?

Basozelain, Soloarten, Artunduagan edota Arizgoitin ospatu izan da Dantza Agerketa, Bizkotxalde parkea egin zuten arte. Hortik aurrera, bertan egiten dugu saioa, eguraldiak laguntzen duenean.

Baina, filosofia galdu barik…

Dantza talde autoktonoak eta euren dantzak dira programaren muina, baina kanpoaldetik ikusgarritasuna bilatzen dugu. Esate baterako, argiztapenarekin edota aurkezpen bideoekin. Hasierako filosofia mantentzen dugu, baina estalki ezberdinarekin.

Dantza autoktonoren bat Dantza Agerketan aurkeztu al da lehenengo aldiz?

Bai. Orain dela urte batzuk gauza bitxi bat gertatu zitzaigun. Dantza talde bat aurreneko aldiz etorri zen Basaurira eta dantzariek esan ziguten dagoeneko autoktono zigilua bazuela euren dantzak. Hau da, esan genezake errekonozimendua lortzeko aukera paregabea ikusten dutela dantza talde batzuek Dantza Agerketan. Aurten ere Basaurin oraindik ikusi ez diren dantza autoktonoak ikusi ahal izango dira.

Zein dira horiek?

Tuterako dantzariek lehendabiziko aldiz dantzatuko dituzte ‘Bezpera-dantzak’ bere herritik kanpo. Aipatzekoa da gainera, ezohiko data batean antzeztuko dutela dantza; izan ere, San Juan gaueko aurreko larunbatean dantzatzen dute. Era berean, berezia izango da, oraingo honetan Basauriri eta Euskal Herriko Dantza Agerketari beren-beregi eskainitako bertsoak (gaztelaniaz) entzungo baititugu euren ahotik. Bestetik, Markinako taldeak ere bertako sokadantza propioa dantzatuko du lehen aldiz Basaurin.

Beste ezer berezirik egitarauan?

Adibidez, 31 urte dira Kuartangoko dantzariak Basaurira ez datozela. Ez dira ohiko dantzariak, Kuartangoko haraneko gazteak baizik. Gorpuztiaren osteko igandean egiten dute dantza eta jai egunaren aurretik bildu egiten dira dantzak nortzuek egingo dituzte erabakitzeko. Lizartzakoek Inauteri dantza batzuk erakutsiko dizkigute eta lapurtarrek ikusgarritasuna emango dute euren jantzi koloretsuekin.


basauri euskal herriko dantza agerketa bizkotxalde

EUSKAL HERRIKO XLV. DANTZA AGERKETA – Egitaraua

Irailak 15, ostirala

19:00 Haurrentzako tailerrak eta guztiontzako erromeria Mojaparten

Irailak 16, larunbata

18:00 Gonbidatutako dantza taldeen kalejira Social Antzokitik

19:00 XLV. Euskal Herriko Dantza Agerketa Social Antzokian:

– Arabatik: Kuartangoko Trinitateko dantzariak (Kuartango)
– Bizkaitik: Zerutxu (Markina) eta Ondalan Erraldoien konpartsa (Deustu-Bilbo)
– Gipuzkoatik: Otsolar (Lizartza)
– Nafarroatik: Danzantes del Paloteado de San Juan (Tutera)
– Lapurditik: Begiraleak (Donibane Lohizune)

Irailak 17, igandea 

19:00 Dantza saioa Basauriko taldeekin Social Antzokian:

– Agintzari: Gipuzkoako dantzak, Ala kinkirrinera / Axeri dantza / Orioko silla dantza
– Basauritar: Erregelak, Arizkungo gaita / Jota La Pilindros
 Edurre: Lapurdiko dantzak: Makil- dantza / Dantza luze / Azkaindarrak, Beteluren fandangoa
– Dantza talde guztiek: Jota / Arin-arin

☉ Basauri

Maialen Ibarra sanmigeldarrak abesti berria eskaini dio Patxi bere aititeri

|

Bideoklipa Social Antzokian grabatu du Maialean Ibarrak // Maialen Ibarra

Maialen Ibarra sanmigeldarrak ‘Aititeri’ abestiaren bideoklipa kaleratu du gaur. Abestia Patxi Ibarra bere aititeren omenez egindakoa da.

‘Sano abesten jarraituko dugu, nonbait gurekin abesten duzulakoan. Lasai asko utzi gaituzu. Zelako zortea zurekin izan dugun’, errepika du abestiak.

Joseba Ibarra Maialenen osabak eta Patxiren semeak txistuarekin laguntzen du abestian. Gainera, bideokliparen amaieran keinu berezia egin dio Maialenek bere aititeri: Patxiren ahotsarekin Erramun Martikorenaren ‘Xorieri mintzo zen’ abestia entzuten da.

Bideoklipa osorik dago grabatuta Basauriko Social Antzokian.

Patxik utzitako arrastoa

Patxi Ibarra Indartsu Clubeko sortzaile eta presidente izan zen, ez soilik futbol taldearena, baizik eta Indartsuk kulturan izan dituen adar ezberdinen sortzaile.

Txistu-irakasle izan zen, Danbolin Txistulari Elkartea 1985ean sortu aurretik, eta behin sortuta, taldearen bultzatzaile izan zen.

Basauri Koral Elkartean ere parte hartu zuen. Tenorea zen Ibarra, Aldana zenaren laguntzaile. 25 urtetik gora eman zituen Basauri Koral Elkartean.

Euskal kulturarekin konpromiso handia erakutsi zuen Patxi Ibarrak. Frankismo garaian, euskara klaseak eman zituen San Migeleko parrokian. Zuztarretatik Ahora, San Migel Kantari eta Basaurin Be Bagara ekimenetan ere parte hartu zuen Ibarrak.

2021eko uztailaren 2an zendu zen Patxi Ibarra.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Leherketa bat gertatu da gaur goizean Basauriko Sidenor enpresan

|

Gaur goizean Basaurtitik ikusi den kea // Geuria

Leherketa gertatu da gaur goizean Basauriko Sidenor enpresan. LAB sindikatutik adierazi dutenez, leherketa labean izan da, baina ez du zauriturik eragin.

Suhiltzaileak bertaratu dira eta enpresa bera ari da egoera kudeatzen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri Bonua kanpaina berria martxan izango da apirilaren 22tik maiatzaren 19ra arte

|

Bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko // Geuria

Basauri Bonua kanpaina berria abiaraziko du Udalak apirilaren 22tik maiatzaren 19ra bitartean. Guztira herriko 140 saltoki atxiki dira kanpainara, iaz baino zazpi gehiago.

Aurreko urteetan bezala, bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko.

Aurrekoetan bezala, bonuak ez dituzte formatu fisikoan aterako. Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan eskuratu behar dira, eta gehienez ere 60 eurora arteko bonuak erosi ahal izango dira NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko. Ezin izango dira diru-truke aldatu eta, erabiltzen ez badira, ez da dirua itzuliko.

Kanpainara atxiki diren establezimenduen zerrenda apirilaren 22an bertan publikatuko dute bono.basauri.eus webgunean. Hala ere, saltoki bakoitzak Basauri Bonua identifikazio-eranskailua izango du.

100.000 euro gehiago

Basauriko Udalak 300.000 euro bideratu ditu aurtengo kanpainara, iaz baino 100.000 euro gehiago.

“Guztira 300.000 euro bideratuko ditugu ekimen honetara, baina udalerrian izango duen inpaktu ekonomikoa askoz ere handiagoa izango da, bezero bakoitzak bonua eskuratzean eta erosketa egitean ordaintzen duen kopurua gehitu behar baitzaio kopuru horri”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean izango dira Artunduagako kiroldegian

|

Proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago // Geuria

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean, igandez, izango dira Artunduagako kiroldegian 09:00etatik aurrera. Aurten 26. edizioa da eta guztira 40 proba izango dira, tartean kategoria paralinpikokoak.

Izan ere, proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago, eta, beraz, meetingaren emaitzek errekorretarako eta KPIren rankingerako balioko dute.

Basauriko Meeting Probetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago apirilaren 21era arte. “Beharrezkoa da atletek, gidariek eta entrenatzaileek izena emateko inprimakia betetzea”, diote batzorde antolatzailetik.

Meetinga Basauriko Merkatari Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri metro geltokia itxi dute “sute txiki” batengatik

|

basauri metro bilbao 2016 bost urte
Basauriko metro geltokia // Artxiboko irudia, Geuria

Arazo teknikoak direla eta, Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua eten egin du Metro Bilbaok. Gainera, Basauri geltokia itxita egongo dela adierazi dute, “beste abisurik eman arte”.

Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, “sute txiki bat” piztu da metro trenaren gainean, eta adierazi dutenez Metroko langileek eurek amatatu dute.

Osorik irakurri