→Basauri

“Edurre Dantza Taldea gure familian bosgarren alaba balitz bezala da”

Hamabi urterekin sartu zen Peto Lezameta Edurre Dantza Taldera, 1957an. Ordutik taldearen historiaren eskutik heldu da 60. urteurrenera arte.

Peto Lezameta dantzan, Edurreren 60. urteurreneko ekitaldian // Argazkia: Geuria

Hamabi urterekin sartu zen Peto Lezameta Edurre Dantza Taldera, 1957an. Ordutik taldearen historiaren eskutik heldu da 60. urteurrenera arte

Peto Lezameta (Basauri, 1945) Edurre Dantza Taldeko hasierako urteetako kidea da. Hamabi urterekin bat egin zuen Edurren eta bere hirurogei urtetako historiaren parte izan da, bere emazte den Cristina Hornorekin batera.

50eko hamarkadako Edurre Dantza Taldearen hasieran izan zineten…
Peto: Bai. 1957an sartu nintzen hamabi urte nituela. Urtebete lehenago, baina, neskak hasi ziren dantzatzen. Eta, 1958an lehendabiziko emanaldia eman genuela esango nuke, German Irazabal -txistularia izandakoa- eta Loli Izaren ezkontzan.
Cristi: Ni ez nintzen hasierako taldean sartu, baina oso gutxira bat egin nuen taldearekin. Hain zuzen, 1965ean sartu nintzen taldera.

Sakonean | 60 urtez dantzan

Zein izen nabarmenduko zenituzkete Edurreren hasiera hartatik?
Peto: Hasierako urte haietan Edurre osatu zuten dantzari guztiak aipatuko nizkizuke, baita German Irazabal eta Rafael Colas txistulariak eta Irene Ruiz de Galarreta monitorea ere, eta nola ez, Fernando Barquin apaiza.

Oso fgura garrantzitsua izan zen Barquinena, ezta?
Peto: Dudarik gabe. Zentzu handiz esangonuke Edurre Dantza Taldea gaur egun bizirik jarraitzearen arrazoietako bat Fernando Barquinek transmititu zigun indarra dela. Beti bere babesa eta laguntza eskaini izan digu taldeak aurrera egiteko. Batik bat, momentu okerrenetan. Noski, momentu liluragarrietan ere gure ondoan zegoen. Horregatik, Edurre Dantza Taldearen historian figura garrantzitsua dela esan dezakegu. Baina, ez bakarra. Bere atzetik etorri direnek ere bultzada handia eman diote taldeari gaur egunera arte.

Nola gogoratzen dituzu lehen entseguak?
Peto: Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko Vicente Arroyo eta Jesus Uriarte etorri ziren Basauriko gazte taldeari dantzak irakasteko asmotan. Lehendakari Agirre kaleko lokaletan hasi nintzen, baina ondoren Arizko ermitan eta parrokian entseatzen genuen. Neskak Irene Ruiz de Galarretaren ardurapean zeuden eta denbora gutxian batera entseatzeari ekin genion.

Eta lehen ikuskizunak?
Cristi: Urbiko eta San Migelgo jaietan egiten genituen ikuskizun asko. Batez ere, santuaren prozesioak egiten zirelako. Hori hasierako urteetan baino ez zen egiten. Ni sartu nintzean jada ez zen horrelakorik egiten.
Peto: Bai. Parrokian, jaurnartzeetan eta ezkontzetan ere egiten genituen emanaldiak.

60 urte hauetan, euskal folklorearen egoeraz galdetuko banizue?
Euskal folklorearen egoera aldatu egin da denboraren poderioz. Adibidez, lehen ulergaitza zen emakume batek gizon batek egin beharko lituzkeen dantzak dantzatzea. Hori gero eta ohikoagoa ari da bilatzen. Zergatik? Ez daudelako mutil gehiegi euskal dantza munduan. Dantzarien harrobia funtsezko oinarria da. Harrobirik eta monitorerik gabe ez dago etorkizunik.

Etorkizuna ziurtatuta dagoela esango zenukete?
Peto: Zorionez, lau zoro dauden bitartean, mantenduko da esentzia eta aurrera egiteko indarra ez da bukatuko. Eta lau zoro horien atzetik ere beste zoro batzuk egongo dira. Gaur egun 100 dantzari inguru daude Edurren.

Amaitzeko, zer da Edurrek esaini dizuna?
Peto: Gazuza asko! Bai gauza onak, baita ez hain onak ere. Hori bai, gehiena ona izanda niretzat: ezagutu dudan jendea, elkarrekin bizi izan ditugun momentuak. Betidanik esan dugu Cristik eta biok Edurre gure bosgarren seme-alaba izan dela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak