☉ Galdakao
Ane Legarreta: “Emakumeok bidea ireki dugu gizonen gotorleku honetan”
Hiru urte bete ditu Ane Legarretak Galdakaoko Musika Bandako zuzendari bezala. Hilaren bukaeran trukea egingo dute Miereseko musika bandarekin.

Hiru urte bete ditu Ane Legarretak Galdakaoko Musika Bandako zuzendari bezala. Hilaren bukaeran trukea egingo dute Miereseko musika bandarekin. Mikel Perez zendutako tronboi-jotzailearen omenez kontzertu berezia antolatzen ari dira, Big Band
Orkestrako emakume zuzendarien historia ez da behar lukeen bezain luzea. Oraindik ere zaila da agertokietan emakumeen zuzendaritzapean dauden orkestrak ikustea, baita Interneten hauei buruzko informazioa aurkitzea ere. 2011. urtean Madrilgo Complutense Unibertsitateak eginiko Género Sinfónico ikerketak azaleratutako datuen arabera, estatuko orkestra kideen %30 emakumeak ziren. Zuzendariei dagokienez, zifra ez da ia hamarretik batera ere iristen.
Ane Legarretak (Galdakao, 1994), oinarrizko musika ikasketak Galdakaoko Musika Eskolan eta Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan burutu ondoren, zuzendaritza ikasketak hasi zituen Oviedoko Principado de Asturias zentroan eta orain Donostiako Musikene goi-mailako ikastegian ari da horiei jarraipena ematen. Gainera, 2015eko urtarriletik aurrera Galdakaoko ‘Da Capo’ Musika Banda Elkarteko zuzendaria da, lehenago Galdakaoko Udal Musika Banda zena. 6 urterekin murgildu zen musika munduan eta banda zuzentzeaz aparte, pianoa, harpa eta zeharkako txirula jotzen ditu Anek.
Hiru urte bete berri dituzu Galdakaoko Musika Banda zuzentzen. Zein da egiten duzun balorazioa?
Galdakaoko Banda zuzentzea aukera paregabea izan da kontserbatorioan ikasi dudan teoria praktikan jartzeko. Zuzendari baten benetako lana ez duzu klaseetan ikasten, bai ordea publiko zabal baten aurrean musika talde bat zure ardurapean duzunean. Exijentzia maila handia eskatzen du horrek, baina oso gustura aritu naiz orain arte. Urte hauetan, bestalde, asko gaztetu da taldea. Nabaritu da gazte asko etorri garela musika bandara, eta gazte horien artean musika profesionalki ikasi nahi dugunok asko gara. Bandako gazteenak 15 urte ditu eta gainontzeko kide gehienak 17-23 urte bitartean mugitzen dira. Pertsona horiek ederto uztartu dira urte asko daramatzaten kideekin eta horrek zuzenenan eragin du musika bandaren kalitatean. Orain profesionalagoak garela esan daiteke. Errepertorioa berritu dugu, ohiko kalejirez eta auzo jaietan egiten ditugun kontzertuez aparte, ekitaldi formalagoak bilatu ditugu. Hau da, herriko banden ohiko musika baztertu barik, bandena propioa den errepertorio formala berreskuratzen saiatu gara.
Posible izan duzue arlo formal hori berreskuratzea?
Banda osatzen dugunon aldetik, bai. Asko entseatu dugu eta errepertorio formalago hori kalitatez jotzeko maila ona daukagula uste dut. Emandako pauso hori publiko zabalari helaraztean sortzen da arazoa. Badirudi herriko bandak festetako giro-sortzaileak izateko bakarrik jaio garela eta asko kostatzen zaigu hortik ateratzea. Udalak eta gainontzeko erakunde publikoek aukera gutxi ematen digute ekitaldi formalagoetan aritzeko. Iaz, adibidez, urte osoan bi kontzertu bakarrik izan genituen areto baten barruan. Kultur etxe edo antzoki batean, publikoa jesarrita dagoela eta akustika hobe batekin jotzeko aukera lortuko bagenu, errepertorio aberatsagoa eskainiko genioke Galdakaoko herriari edo bisitatzen dugun edozein herri edo auzori.
Zein ekitaldi aurreikusten ditu Galdakaoko bandak urte honetarako?
Ohiko kontzertuez gain, bi nabarmenduko nituzke. Alde batetik Oviedo ondoan dagoen Mieres herriko bandarekin egingo dugun trukea. Datorren apirilaren 28an, kontzertua eskainiko du Miereseko Musika Bandak Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean 20:00etatik aurrera, sarrera doan. Aste bat geroago, gu joango gara hara, bertako areto nagusian kontzertua eskaintzera. Oso aukera interesgarria iruditzen zait truke hori gu bezalako banda amateurren artean zer nolako mugimendu eta inspirazio korronte dauden ezagutzeko: guk haiek egiten dutenetik ikasteko eta alderantziz. Bestetik, orain dela gutxi hil den Galdakaoko Bandako tronboi-jotzaile izan zen Mikel Perezen omenez kontzertua antolatzen ari gara herrian bertan. Ez dakigu oraindik zein egunetan izango den, baina egingo dugu. Kontzertu berezia izango da, Big Band formatuan eta Jazz estiloa jorratuz. Gogo handiz gaude.

Egungo Galdakaoko Musika Banda, Da Capo // Utzitakoa
24 urte dituzu. Ohikoa da zu bezalako zuzendari gazteak aurkitzea?
Ez da ohikoena. Hala ere, gero eta ikasle gazte gehiago gaude zuzendaritza ikasketak egiten. Kontserbatorioan gaudenok saiatzen gara bandetan ez bada abesbatzetan zuzendari lanen bat lortzen. Galdakaoko bandaz aparte, Getxon beste banda bat eta abesbatza txiki bat zuzentzen ditut. Gainera, ikastegietan ikusten dudanaren arabera, badirudi historikoki gizonezkoen lana izan dena orain emakumeok ere hartzen hasi garela. Poztekoa da hori, izugarrizko talentua dugu-eta eskaintzeko.
Estatuko orkestra garrantzitsuenen zuzendari gehienak gizonezkoak dira, eta oraindik ere albiste da emakume batek orkestra baten ardura hartzen duenean. Zuzendari izate hutsagatik mespretxurik jasan duzu noizbait?
Ez nuke esango emakume izate hutsagatik gutxietsi nautenik. Agian, emakume izateari gaztea naizela gehitu behar zaio, eta hor bai, nire lana zalantzan jarri dutela sentitu dut noizbait. Banda bat zuzentzeak lidergoa erakustea eskatzen du, baita zure nortasuna eta ideiak gainontzeko musikariei helaraztea ere. Zuzentzen duen pertsonak obra interpretatu behar du, bere esentziaz jabetu, musikariak inspiratu, erritmoa markatu, oniritzia eman. Zer entseatu behar den gehiago eta zer gutxiago erabaki behar du, behar diren konponketa musikalak proposatu, musikariak koordinatu… Azken batean podium batera igo behar da, jarraibideak eman behar ditu eta musikariek agindu horiek gauzatu behar dituzte. Historikoki gizonezkoek eman dituzte agindu horiek eta badirudi emakumeok, eta baita gazteok ere, esfortzu bikoitza egin behar dugula kapaz garela erakusteko.
Zer eskaini diezaioke zu bezalako zuzendari gazte batek musikari talde bati?
Argi dago zuzendari gazteok dinamika berritzaile batekin heldu garela, beti lan egiteko prest. Energia soberan daukagu jendea motibatzeko horiek gurekin bat egin dezaten, beti ere gure nagusien esperientziatik abiatuta.
Zelan igaro zara instrumentu jole izatetik musika zuzendari izatera?
Instrumentu bat jotzetik talde instrumental bat zuzentzera ez dago alde handirik. Azken finean kasu bietan musika interpretatzen ari zara. Hori bai, funtsezkoa iruditzen zait aurretiaz instrumentu batekin harremana edukitzea, zuzendari bezala instrumentisten beharrak eta sentsazioak zeintzuk diren ulertzeko bide bakarra baita.
Zer sentitzen duzu zuzentzen dituzun kontzertuetan?
Kontzertu batez gozatzeko funtsezkoa da ekitaldia prestatzeko egin diren entseguetan lan ona egitea. Saio horietan musika ondo landu denean eta taldeko kide bakoitzak guztiekin bat egitea lortzen duenean, orduan helduko da musika bizitzeko unea, eta horrekin batera, kontzertuaz gozatzeko momentua. Behin baino gehiagotan galdetu didate: ‘Baina, Ane, badirudi kontzertuetan ez duzula eskuekin gauza handirik egiten!’. Nire erantzuna beti da: ‘Bai, hori da entseguetan lan ona egin dudalako, eta musikariei uzten diedalako (ahal den heinean) askatasunez adierazi dezaten sentitzen dutena’. Zuzentzeko orduan, batez ere kontzertuetan, burua hotz eta bihotza bero izan behar du zuzendariak.
Zeintzuk dira zure inspirazio iturriak?
Orkestra zuzendarien mundua ezagutzen dugunok, baditugu erreferente mitiko batzuk: Toscanini, Bruno Maderna edo Claudio Abbado, adibidez. Baina niretzako oso garrantzitsuak dira orkestra arrakastatsuetan lanean dauden zenbait emakume ere: Sidneyko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen duen Simone Young edota Montevideoko Filarmonikaren zuzendari den Ligia Amadio. Gugandik gertu Inma Shara daukagu, amurriotarra, Madrilgo Filarmonika zuzendu izan duena. Emakume hauek oso orkestra handiak zuzentzen dituzte eta izugarrizko kontzertuak eskaini dituzte mundu osoan zehar. Hiri eredugarriak aipatu behar baditut, Berlin eta Boston esango nituzke. Bertan ohikoagoa bihurtu da emakumeak zuzendari lanetan ikustea. Oro har, esparru honetan asko dago egiteko oraindik. Urte Berriko Vienako orkestraren kontzertua ikustea baino ez dago, telebistan emititzen dutena. Zuzendariak, titularrak zein ordezkoak, gizonezkoak izaten dira ia beti, baita bakarlari edo kontzertino gisa aritzen direnak ere (orkestrako biolin nagusia).
Non imajinatzen duzu zure burua etorkizunean?
Edozein tokitan, egia esan. Zaila da proiekturen bati nik ezetz esatea. Hala ere, amets egitea doakoa da eta izugarri gustatuko litzaidake orkestra profesional baten zuzendari izatea eta horretaz bizi ahal izatea. Izatez, oso zaila da. Orkestra batean 30 biolin-jotzaile egon daitezke, baina zuzendari bakarra. Hala ere, amets hori egunen batean egi bihurtzeko lanean ari naiz, eta bidean asko ari naiz gozatzen. Beraz, horretara heldu edo ez, orain egiten dudanarekin oso zoriontsua naiz. Aste barruan ia ez dut atseden hartzeko astirik, klasera joateaz aparte ordu asko igarotzen ditut entseatzen, partiturak buruz ikasten, bideoak ikusten… Musikariok ordu luzez ikasten dugu egunero klasetik irteten garenean. Asteburuetan hiru talde zuzentzen ditut, batean ez bada bestean izango naiz entsegua egiten, partituretako konponketa musikalak aztertzen, taldea koordinatzen. Egia da ez dudala denbora libre askorik. Baina zer da, bada, denbora librea? Gustuko dituzun gauzak egiteko denbora, ezta? Ba horretan ari naiz ni etengabe.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.
☉ Galdakao
Finlandiako hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek
Finlandiako hezkuntza sistemaren “malgutasuna” eta ikasleei ematen dieten “autonomia” nabarmendu dute Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek job shadowing egonaldia egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean Helsinkiko Märsky Athletics and Education ikastetxean, Finlandiako kirol-ikastetxerik handienean.
Zehazki, Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu zuten: “Esperientzia horrek aukera eman zigun lehen eskutik ikusteko Finlandiako hezkuntza sistemaren malgutasuna eta ikasleei ematen zaien autonomia, beren ikaskuntza modu autonomoagoan antolatzeko”, esan dute.
“Märsky-n, ikasturte akademikoa bost alditan banatzen da, eta horietako bakoitza gutxi gorabehera bi hilabetekoa da. Horri esker, ikasleek beren curriculum-a planifikatu eta ikasketak beren beharretara eta gaitasunetara egokitu ditzakete. Ikasleek aukeratu ditzakete ikasgaiak, ikastaroak aldatu edota irakasleak hautatu, betiere zuzendaritzak gainbegiratuta. Egituraren malgutasun horrek erantzukizuna, motibazioa eta autoantolaketa sustatzen ditu, ikaskuntza iraunkorrerako funtsezko trebetasunak”, diote.
Finlandiako hezkuntza sistema guztiz doakoa dela nabarmendu dute: “Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, goi mailako bigarren hezkuntza, eta baita unibertsitatea ere. Ia guztiz publikoa da, eta ikastetxe pribatuen kopurua oso txikia da”, diote.
Digitalizazioaren garrantzia
Märsky ikastetxean digitalizazioari garrantzia handia ematen diotela ere nabarmendu dute Elexaldeko irakasleek: “Ikasle guztiek liburu digitalak eta plataforma interaktiboak erabiltzen dituzte ia ikasgai guztietan; gainera, azterketa guztiak –unibertsitaterako sarbide-probak (Ylioppilastutkinto) ere– ingurune digitaletan egiten dira. Horri esker, ikasleek modu autonomoan lan egin dezakete, baita klaseetara huts egiten dutenean ere”, diote.

Märsky Athletics and Education ikastetxeko ikasleak // Argazkia: Elexalde BHI
“Gure egonaldian Ingeles, Gaztelania, Idazketa eta Ahozko trebetasun tailerretako eskoletan parte hartu genuen, eta orientatzailearekin zein zuzendariordearekin elkartu ginen, ikastetxearen eta Finlandiako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua lehen eskutik azal ziezaguten. Irakasleekin digitalizazioari buruzko iritziak partekatu genituen, eta nazioarteko ikasleek beren Erasmus esperientziak aurkeztu zizkiguten, ikastetxearen aurkezpena egiteaz gain”, diote.
Halaber, honakoa gaineratu dute: “Ikastetxeko instalazio bikainetan zehar bisita egin genuen eta online ikastaroen funtzionamendua ezagutu genuen, bereziki ikasle kopuru txikia duten ikasgaietan. Ikasleek modu kolaboratibo eta autonomoan lan egiten dutela ikusi genuen, liburu digitalak eta jarduera interaktiboak erabiliz”.
Ylioppilastutkinto azterketa
Finlandian goi-mailako bigarren hezkuntza (Lukio) amaitzean egiten den azterketa da Ylioppilastutkinto, eta batxiler-kalifikazioa ematen du. Eta horri esker, unibertsitatera sar daitezke Finlandiako ikasleak.
“Azterketa nazionala goi-mailako ikasketak egiteko irizpide nagusia da, eta ebaluazioa ikasturtearen amaierako notan baino gehiago funtsezko gaitasunetan eta ezagutzetan oinarritzen den ideia indartzen du”, diote.
Märskyko jardunaldiak prestakuntza akademikoa eta kirol-prestakuntza uztartzen ditu: “Ikasleek goizero beren diziplinetan entrenatzeko aukera dute, eta, aldi berean, ikasgai orokorren eta hautazkoen ikastaroak egiten dituzte. Irakasleek gela bakoitzaren erregistro zehatza dute, eta, horri esker, bertaratzen ez diren ikasleak modu autonomoan eguneratu daitezke. Eskolak errefortzuko eta banakako laguntzako eskolak ere eskaintzen ditu arreta gehigarria behar duten ikasleentzat, inor atzean geratzen ez dela ziurtatuz”.
“Märsky hezkuntza integralarekin eta eliteko kirolarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Atleta profesional asko igaro dira beraien ikasgeletatik, eta ikastetxeak loturak ditu Urhea National Training Centerrekin. Bertan, urtero, 10.000 atleta inguruk entrenatzen eta ikasten dute”, diote.
Finlandiako ereduak malgutasuna, autonomia, integrazio digitala eta gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa uztartzen dituela berretsi dute Elexaldeko irakasleek, “gazteak unibertsitaterako zein bizitza aktiborako eta kirolerako prestatuz”, esan dute: “Beraz, Märsky adibide bat da hezkuntza nola egokitu daitekeen ikasle bakoitzaren talentu eta beharretara, arrakasta pertsonala eta kolektiboa sustatuz”.









