Sareak

☉ Zeberio

Jürgen Lange: “Ez nintzateke Alemaniara itzuliko, nire herria Euskal Herria da”

90eko hamarkadan doktorego tesia gauzatzera etorri zen Jürgen Lange Euskal Herrira, Zeberion bere etxea aurkituz. Bere istorioaz eta oroipenez aritu gara berarekin.

|

Jürgen Lange / Utzitakoa

Jürgen Lange (1962) Lüdenscheid-en, Alemanian jaiotako historialari eta ingeles filologoa da. Alemaniako Siegen unibertsitatean hasitako doktorego tesia egitera etorri zen Euskal Herrira, zehazki, Bilbora. Baina patuak Zeberiora gidatu zuen Lange eta betiko bertan geratzea lortu zuen. Euskal Herrian bi liburu atera ditu, bere tesia ‘Landa-ekonomia tradizionala euskal bailara batean. XVIII. mendean Zeberioko merkataritza-egituren garapenari buruz’ 1996an eta ‘Maileguak Zeberion 1680-1804’ 2017an. Alemaniako ikasketak gurean onartu ez zizkiotenez, ingeles filologia ikasi zuen Langek, eta horretan egiten du lan gaur egun. Jürgen Lange zeberioar alemaniarrarekin bere etorreraz, ibilbide profesionalaz eta istorioaz aritu gara.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?
1990an etorri nintzen Euskal Herrira. Doktorego tesia egitera etorri nintzen. Tesia egiten hasi nintzenean, nire irakasleak esan zidan nire gaiaren inguruan tesi ugari egiten zituztela ikasleek. Hori dela eta, nire lana besteen lanetatik bereizteko hoberena atzerrian egitea izango zela esan zidan. Momentu horretan Ingalaterran, Estatu Batuetan eta Euskal Herrian pentsatu genuen. Azkenean, nire unibertsitateak Deustukoarekin harremanak zituenez, Bilbora etortzea erabaki nuen.

Eta Bilbotik Zeberiora egin zenuen salto?
Hori da, nire gaia hautatu ondoren, ikerketa egiteko herri bat aukeratu behar nuen. Hori dela eta, Bilbora heltzean, inguruko dozena bat herri bisitatu nituen Bizkaian. Tesia egiteko Deustuko unibertsitatea eta, batez ere, haren liburutegia behar nuenez, hurbileko herri batean egin nahi nuen ikerketa. Bilaketa ez zen erraza izan, hainbat herri txiki bisitatu nituen, eta askotan ezezko biribila ematen zidaten, ez zidaten uzten udaletxeetako artxibo historikoetan sartzen. Beste batzuetan sartzen utzi bai, baina dokumentu eskasak zeuden. Azkenean Zeberiora heldu eta altxor bat topatu nuen. Horregatik erabaki nuen nire tesia Zeberioren inguruan egitea.

Gogorra izan zen etortzea?
Bilbora ez. Ez zitzaidan oso desberdina iruditu. Tabernak eta giroa asko gustatu zitzaidan. Bilbon, musika eta hizkuntzaren desberdintasuna nabaritu nuen, batez ere. Baina bizimodua ez hainbeste. Alemaniako bizimoduaren oso antzekoa da. Baina Bilbotik Zeberiora joan nintzenean bai, asko nabaritu nuen eta aldaketa gogorra izan zen. Zeberio oso desberdina zelako Bilbotik, eta noski, nire jaioterritik.

Zer deitu zizun arreta gehien Zeberiora heltzean?
Arkitektura batez ere. Herria 300 urtez lotan gelditu izan balitz bezala aurkitzea. Eraikinak oso zaharrak ziren, ezin nuen sinetsi. Niretzako amets bat bezalakoa zen, herrira heltzea eta ez bakarrik dokumentu historikoak topatzea, baizik eta artxibotik atera eta eraikin horiek ere ikusi ahal izatea. Ez da erraza horrelakorik aurkitzea.

Etorri zinenean ez zen zure intentsioa Euskal Herrian geratzea…
Ez. Nik ez neukan dirurik hemen geratzeko. Beraz, hona etortzen nintzenean dirua agortu arte egoten nintzen. Ondoren, Alemaniara itzuli behar izaten nintzen lan egitera. Zeberiora etortzen nintzenean abadearen etxean bizitzen nintzen, alkatearen bitartez jarri ginen harremanetan eta horri esker ez nuen alokairurik ordaindu behar. Nik, horren truke, abadea laguntzen nuen. Laugarren urtean, azkenean, lehenengo diru laguntza lortu nuen.

Azkenean geratzea lortu zenuen.
Bai, hemen geratzeko aukera izan nuen eta geratzea erabaki nuen. Egia esan, ni ez naiz oso nazionalista eta asko gustatzen zitzaidan herri desberdinak ezagutzea. Beraz, niretzako zorte handia izan zen Euskal Herria ezagutzea. Egia da nire historia eta nire pentsaera alemaniarrak direla, baina hemen oso gustura nabil. Gainera, nire emaztea ere Zeberiokoa da. Urteak dira Zeberion ezkondu ginela. Orain, oporretan ez bada, ez nintzateke Alemaniara itzuliko. Nire herria Euskal Herria da.

Horregatik ere hartu zenuen euskara ikasteko erabakia.
Bai, Euskal Herrira etorri nintzenean gaztelania pixka bat hitz egiten nuen eta hobeto hitz egiteko ikastaroak egin nituen. Gaztelaniaz ondo moldatzen hasi nintzenean, euskara ikastea erabaki nuen. Gainera, hemen bizi nahi banuen banekien euskara ikasi beharko nuela. Ezinbestekoa ikusten nuen euskara ikastea. Prozesua gogorra izan zela esan behar dut, hizkuntza erraza ez delako eta gainera arratsaldez ikasten nuelako, egun osoa Zeberioko artxiboan eman ondoren. Hainbat urtez euskaltegira eta barnetegietara joan ostean, EGA titulua lortu nuen. 10 urteko prozesua izan zen… Imajinatu zenbat uda pasatu nituen euskara ikasten!

Geratzean beste erabaki batzuk ere hartu zenituen. Lanbidea aldatu zenuen.
Bai. Alemanian historia ikasi nuen. Historiako ikasketak bost urtekoak izan ziren. Ondoren, beste bost urte eman nituen nire doktorego tesia egiten. Nire asmoa historiako irakaslea izatea zen, baina hona etorri nintzenean ez zuten nire titulua onartu. Karrera onartu ez zutenez, tesia ere ez zuten aprobatu. Horrelakoak askotan gertatu zitzaizkidan, baina normala da. Izan ere, hemengo norbait Alemaniara badoa ere gauza bera gertatuko zaio. Azkenean, errekurtsoak egin eta tesia onartu zuten, baina historia ikasketak ez. Orduan, ingeleseko ikasketak hasi nituen eta gaur egun hizkuntza eskolan irakaslea naiz.

Alemaniara ez zinatekeela itzuliko esaten duzu, baina zerbait egongo da handik faltan botatzen duzuna.
Noski! Janaria eta garagardoa! Niretzako hemengoa ez da garagardoa! Hemengoa irain bat da! Bestalde, ogi beltza ere asko botatzen dut faltan, benetako ogi integrala.

Zer dauka Alemaniak Euskal Herriak ez daukana? Eta alderantziz?
Alemaniak puntualtasuna, hitzemateak… Euskal Herriak daukana eta Alemaniak ez daukana alaitasuna da. Alemanian jendea oso serioa da. Ni hona etorri nintzenean, herriko jaiak pasa zirenerako banuen kuadrilla bat. Alemanian hori ez da inoiz gertatzen, oso zaila delako bertan harremanak sortzea. Egia da behin sortuta oso desberdinak direla hemengoekin konparatuz, baina zaila da. Alemanian badago esaera zahar bat esaten duena “lagunak topatzeko zaku bete gatz jan behar duzu”, hau da, urteak behar dituzula lagunak egiteko.

☉ Zeberio

Argazkiak / Zeberioko Ermitabarrin bukatu da Korrikako 23. edizioa Hego Uribe eskualdean

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ugari igaro dira, Arratiara bidean, eguzkipean

|

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ausart ugari igaro dira aldapan gora, Arratiara bidean, eguzkipean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberio / Korrika 23 / 2024

|

Agur esan diogu 23. Korrikari Hego Uribe eskualdean. Ugao atzean utzita lekukoak Zeberio hartu du eta hemendik Arratiarantz. Furgonetatik irudi eder hauek atera ditu AEKk:

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Korrikak eskolako ikasleen bertso-saioa eta karaoke “demokratikoa” ekarriko du Zeberiora barikuan

Jarduera aipagarrien artean Zubialde eskolako ikasleek botako dituzten bertsoak, bazkari herrikoia eta Austarri Kultur Elkarteak antolatutako txistorrada daude

|

Korrika 2022an // Korrika

Martxoaren 22an iritsiko da Korrikaren 23. edizioa Zeberiora 13:30ean, eta Austarri Kultur Elkarteak eta Txubelasu Guraso Elkarteak harrera bero-beroa prestatu dio Zeberioko Udalaren babesagaz: bertso saioa, karaoke “demokratikoa”, bazkari herrikoia, elektrotxaranga… asko dira egun osoan zehar prestatu dituzten jarduerak.

Aipagarrien artean Zubialde eskolako ikasleek botako dituzten bertsoak, bazkari herrikoia eta Austarri Kultur Elkarteak antolatutako txistorrada daude.

Bazkari herrikoiari dagokionez, norberak etxetik eraman beharko du janaria. Gainera, Txubelasukoek txosna zabalduko dute 17:00ak aldera Zubialden.

Egitaraua | Korrika 23 Zeberion

Martxoak 22, barikua

13:30 Badator Korrika!
15:00 Eskolako ikasleen bertso saioa
17:30 Bazkari herrikoia
16:30 Karaoke demokratikoa
19:00 Orkresta elektrotxaranga
19:30 Txistorrada

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Katiluk, Hofe x 4:40k eta Drama Daramak girotuko dute Zeberioko Gazte Eguna

Egun osoko programa osotua antolatu dute apirilaren 13an Zeberioko Gazte Elkartekoek eta 15:00etatik eguna bukatu arte bazkaria, baflepoteoa eta kontzertuak izango dira herrian

|

Katiluko mutilak, Arrigorriagan // Geuria

Datorren apirilaren 13an prestatu dute aurtengo Zeberioko Gazte Eguna. Egun osoko programa osotua antolatu dute Zeberioko Gazte Elkartekoek 15:00etatik eguna bukatu arte: bazkaria, baflepoteoa eta kontzertuak.

Bazkarian parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da 688 817 309 telefono zenbakira deituz. Prezioa 10 eurokoa izango da eta izena emateko azken eguna apirilaren 7a izango da, elkartetik adierazi bezala.

Kontzertuei begira Katilu arrigorriagarrek zabalduko dute gaueko programazioa 22:30ean. Segidan Hofe x 4:40 eta gaueko azkena Drama Daramak eskainiko du: “Egun ederra izingo da, etorri gugez batera ospatuten!”, deitu dituzte elkartetik herriko gazteak.

Egitaraua | Zeberioko Gazte Eguna 2024

Apirilak 13, larunbata

15:00 Bazkaria
19:30 Baflepoteoa
22:30 Kontzertuak: Katilu + Hofe x 4:40 + Drama Darama

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberiok Athleticen Kopako finala ikusteko pantaila handia ipiniko du Zubialden

Zeberiok 1.000 biztanle pasa ditu eta pantaila handi bat ipintzeko aukera aztertzen ari da Udala

|

Zaleak, Athleticen partida batean // Athletic Club

Apirilaren 6an jokatuko du Athleticek Kopako finala Mallorcaren aurka Sevillan, La Cartujan. Sevillara joateko aukera ez duten eskualdeko lagunentzat pantaila handiak ipiniko dituzte. Herri handiek pantaila bat edo batzuk izango dituzte herrigunean eta kanpoaldeko auzoetan.

Zeberiok 1.000 biztanle pasa ditu eta pantaila handi bat ipintzeko aukera aztertzen ari da Udala: “Argi berdea izateko itxaroten ari gara, baina asmoa pantaila handi bat jartzea da”, aurreratu dio Ekain Goti herriko alkateak GEURIAri.

Beste herrietan ere

Ugaok ere herritarrek Athletic eta Mallorcaren arteko partida ikusi ahal izateko pantaila ipintzeko aukera aztertzen ari dela azaldu dio GEURIAri: “Pantaila ipintzeko asmoa daukagu”, izan dira Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearen berbak. “Aurrekontuak eskatzen ari gara, egokiena aukeratu ahal izateko”.

Pantailen kokapenak zein tokitan jarriko dituzten zehazteke dute Udalek. Aurrerago emango dute kokapenen berri.

Osorik irakurri