→Zaratamo

Argazkiak | Vulcanizados Zuloagako dibidenduak “opakutasunez banatzeko erabakien arabera” egiten direla salatu dute langileek

Zaratamoko Vulcanizados Zuloagako greba mugagabean dauden 22 langileek protesta-martxa egin dute gaur Ugaotik Zeberiora. Zazpi kilometroko ibilbidea egin dute Bi-3524 errepidetik zehar, Zeberioko Udaleko patrulla biz lagunduta. Errepidean zehar aldarrikapenak egin dituzte eta baita pegatinak jarri eta petardoak bota dituzte. Ordu biko ibilbidearen ostean Zeberioko udaletxera heldu eta adierazpenak egin dituzte udaletxearen aurrean, kaltetutako langileen gaur egungo egoera azalduz, enpresako jabeak bizi diren herriaren plazan bertan.

Enpresako kontuak, plazan

117 egun daramatzate langileek greba mugagabean, eta Zubialdeko plazan euren egoera azaldu ostean, Vulcanizados Zuloaga enpresako kontuak irakurri dituzte ozen: “Vulcanizados Zuloagako langileak gara, ezagutzen ez gaituzuenontzat, eta automobilgintzarako piezen bulkanizazioan behar egiten dugu. 117 egun daramatzagu greba mugagabean eta pasa den egunean enpresako kontuen balantzea irakurtzeko aukera izan genuen, eta gure nagusiak herri honetan bizi direnez kontu horien berri ematera etorri gara Zeberiora”, azaldu dute kaltetutako langileen ordezkariek mikrofono eta bozgoragailu batez baliatuta. “Ugaotik Zeberiora etorri gara lan-baldintza duinak aldarrikatzeko. Gaur egun Estatuko Kimika Hitzarmena aplikatzen digute enpresako langileoi eta honek ez du bizi dugun errealitate ekonomikoa eta gizarte errealitatea islatzen”.

Zeberiora hurbildu diren langileak urte asko daramatzate Vulcanizados Zuloagan eta gaur egun 1.100 euro baino gutxiago kobratzen dute: “Greba mugagabean gaude enpresa hitzarmen propio bat dugulako helburu”. Langileen arabera, pasa den asteko asteazkenean komunikatu bat irakurri zuten enpresako plantillaren artean. Bertan Vulcanizados Zuloagak merkataritza Erregistroan argitaratutako enpresako balantzearen nondik norakoak ageri ziren. “Orain arte, bagenekien enpresak 485.000 euroko mozkinak zituela, baina oraingoan gure ekonomisten gabineteak sortutako informea irakurriko dizuegu ozen”. Ordezkariek azpimarratu du Zeberiora martxa egin duten langileak “talde eredua” direla eta ekintzak “modu baketsuan burutzen ari direla, “enpresak bere mozkinen zati bat langileon artean banatzearren, azken batean mozkin horiek gure lanaren ondorioak dira”.

Langileen arabera, “enpresak azken hiru hilabeteetan euren bizkarrera jokatu du enpresa pantailez baliatuta”. Plazan irakurritako informea 2017, 2018 eta 2019 urteetan egindako jardueraren ingurukoa da. “Galdu-irabazien kontuen arabera, 4.934.754,07 euroko salmentak izan ditu enpresak 25 milioi euro brutoko marjinagaz eta emaitza netoa 484.098 eurokoa izan zen 2020an. Kaudimendun enpresa dela bagenekien”, azaldu dute langileek.

“2020ko abenduaren 31ko datuen arabera, enpresa honek 4,9 milioi euroko irabaziak zituen garai hartan, 2019an baino %7,83 gutxiago. Hala ere, aurreko urtean izandako jaitsiera %13,24koa baino handiagoa izan zen. Beraz, esan daiteke 2020ko atzeraldi ekonomikoa Covid-19agatik izan dela gehienbat eta urte horretako jaitsiera ez dirudi hain larria”. Langileen arabera, enpresa eskaintzaren jaitsierara moldatzen jakin izan du: “Marjin gordina handitu eta errentabilitate oso positiboa eskuratu du, 2017ko kopuruak gaindituz. Gauzak horrela, enpresak 1,5 milioi euroko mozkin garbia irabazi ditu 2016 eta 2020 urteen artean”. Gastu-taldeen analisiari dagokionez, langileen arabera 2,380.000 euro ditu enpresak hornikuntzan, 1.213.000 euro langile gastuetan, 580.000 euro ustiaketa gastuetan eta 176.000 euro mobilizatuaren amortazioetan: “Gastu-taldeek enpresaren baliabideen antzeko proportzioa kontsumitzen dute aztertutako aldian, 2020 urteko hornikuntzen joera salbuespen bezala. Gainontzeko gastu-taldeek antzeko dinamika koherentea dute ustiaketako diru-sartzeekin. Beraz, enpresak egiten duen jarduerarekin bat datorren baliabide-zatia kontsumitzen du”.

Txostenaren arabera, enpresak 42.000 euro ordaintzen dizkio urtero I.Z.S. Vulcanizados Zuloaga enpresako jabeari, “lokalaren errentamendu” gisa. “Horrez gainera, 64.581,29 euroko ordainketa egiten dio enpresak 2020an jabeari “zerbitzugintza” gisa. Horrez gainera, beste 78.854 euro ordaintzen dizkio M.C.R.M (I.Zren emazteari), kontzeptu beragatik. Bestalde, enpresak 200.000 euro inguru ordaintzen dizkio Zuloaga Auto Recambios S.L enpresari (I.Zren semearen enpresari)“.

Langileek irakurri dute enpresak 2020an 44 osoko lanaldiak egin dituela batezbesteko, “2019an egin ziren berdinak, zehatz meatz. Langile bakoitzeko kostuak gora egin du: gaur egun langile bakoitzeko 27.000 euro ordaintzen du enpresak eta horren truke 112.000 euroko mozkina eskuratzen du. Hala ere, langile bakoitzeko 27.000 euroko gastu horiek zuzendaritza altuko langileen soldatak hartzen dituzte barne. Horrek esan nahi du langile bakoitzaren batezbesteko kostu hori goranzkoa izan litekeela“.

Datuak zentzu literalean plazaratu ostean, Vulcanizados Zuloagako langile kaltetuek adierazi dute enpresak diru-sartze handiak dituela eta mozkinak jasotzen dituela, “2019tik joera beheranzkoa bada ere. Hala ere, 2020an errentabilitateak eta irabaziek gora egin dute aurreko urtearekin alderatuta. Enpresa errentagarria da eta ez du finantza-arriskurik azaltzen eta ondare-egitura sendoa dauka eta Vulcanizados Zuloagak dibidenduak banatzen ez baditu ere, urtean 350.000 euro inguru ordaintzen dizkie administratzaileei edo familiako senideei kontzeptu desberdinengatik. Hori dela eta, enpresaren etekina mugatu liteke, ez merkatuko irizpideen arabera, baizik eta dibidenduak opakutasunez banatzeko erabakien arabera“.

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak