→Arrigorriaga

Ausartak Mendi Lasterketa arrigorriagarrak 600 euro eman dizkio Caminus elkarteari

Azaroaren 19an diru kopuru horren txekea eman zieten Ausartak Mendi Lasterketako Xabier González eta Rubén Esteban antolatzaileek Caminus elkarteko Rubén Zulueta eta Jose Ignacio Fernández kideei, Arrigorriagako udaletxeko sarreran

Xabier Gonzalez, Rubén Zulueta, Jose Ignacio Fernández eta Rubén Esteban, Arrigorriagako udaletxean // Geuria

Pasa den urriaren 23an eta 24an antolatutako Ausartak Mendi Lasterketaren hirugarren edizioak 411 korrikalari eta 600 euro bildu zituen guztira. Azaroaren 19an diru kopuru horren txekea eman zieten Ausartak Mendi Lasterketako Xabier González eta Rubén Esteban antolatzaileek Caminus elkarteko Rubén Zulueta eta Jose Ignacio Fernández kideei, Arrigorriagako udaletxeko sarreran: “Sari hau Caminus elkartearen bidez gaixotasun minoritarioen ikerketan laguntzeko hala nola abian jarritako proiektuei jarraipena emateko eman diegu”, azaldu zuen Xabier Gonzálezek.

Mendi lasterketako antolatzaileek berezi eskertu nahi izan zioten Arrigorriagako Udalari lasterketa antolatzeko emandako laguntza, “baita lasterketa antolatzea ahalbidetu duten babesle, laguntzaile, bolondres eta korrikalariei ere”.

Datorren urteko lasterketa

Antolatzaileak 2022ko edizioa prestatzen ari dira momentu honetan: “Lasterketaren promozio handiagoa egiteko baliabideak eta aukerak handitzeko asmoa dugu parte-hartzea areagotzeko eta, ondorioz, Caminusi eman beharreko dohaintzak handitu ahal izateko. Aurtengo dortsalaren prezioa euro batekoa izan da, gehienezko parte-hartzea 600 parte-hartzaile izanik”. Antolatzaileen arabera, datorren urteko helburua parte-hartzaile kopurua handitzea da, 500 korrikalarira iritsiz. Horretarako, dortsalaren prezioa euro biko prezioa izango dela aurreratu dute Mendi Lasterketakoek, Caminusi 1.000 euro helarazteko.

Xabier González, Ausartak Mendi Lasterketaren egunean // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak