→Arrigorriaga

Eperra elkarte arrigorriagarrak emakume bazkideak onartuko ditu

Gaur egun arte, Arrigorriagako Eperra izeneko txokoak ez zituen emakume bazkideak onartzen. 2021ean, baina, Javier Alday zendu zen eta Itxarone alabak txokoko bazkidea izateko asmoa azaldu zien zuzendaritza taldeko bazkideei.

Eperra Elkarteko atea, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Eperra izeneko elkarteak, gaur arte, ez zituen emakume bazkideak onartzen. 2020an, baina, Javier Alday kidea zendu zen eta Itxarone, bere alabak, (Arrigorriaga, 1979) txokoko bazkidea izateko asmoa azaldu zien zuzendaritza taldeko bazkideei: “Duela hiru urte inguru aitak esan zidan bera joango zenerako espero zuela emakumeek Eperra txokoko bazkideak egin ahal izatea”.

Duela urte bi hil zen Itxaroneren aita, Koronabirusak jota. “Momentu hartan, jakina denez, ezin ziren txokoak erabili, eta guztia igaroko zenerako aitaren ideia hura berreskuratzea erabaki eta asmoa plazaratu nien bazkide batzuei. Lau bazkideen lanagatik lortu dugu ideia hura errealitatean bihurtzea”, azpimarratu du arrigorriagarrak.

Iazko azaroan, Itxaroneren asmoaren aldeko botua eman zieten Eperrako bazkide gehienek eta gaur egun elkarteko estatutuak aldatzen ari dira: “Arraroa da gaur egun era honetako eragozpenak non eta Arrigorriagan izatea, ezta?”. GEURIA komunikabideak proposamen honek kontrako iritzirik izan al duen galdetzean, Itxarone ez da harritu: “Kide batzuek ezetza eman diote nire eskakizunari”.

Bazkideen arabera, “Estatutu berriak Eusko Jaurlaritzan daude eta, ontzat eman bezain pronto, edozein emakume Eperrako bazkide egin ahal izango da”. Itxarone Eperrako lehen emakumezko bazkidea izango dugu eta bere eskaerak herriko gainontzeko emakumeei ateak zabaltzeko aukera emango die hemendik gutxira.

Aurrekariak herrian

Arrigorriagako Upo Mendi Lagun Elkarteagaz antzekoa gertatu zen 2017an: urte horretara arte, emakumeek ez zeukaten bazkide izateko eskubiderik, baina uztailaren 21ean hasitako Madalenetan pregoilariak izan ziren eta horrek zalaparta eragin zuen herritarren artean. Pregoia bota eta egun gutxira estatutuak aldatu zituen elkarteak eta harrezgeroztik bazkidetza mundu guztiari zabaldu zion elkarteak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak