→Arrigorriaga

Arrigorriagak ‘Eskola Bidea’ martxan jarri du, eskolarako bidea abentura eta ikaskuntza kontua izan dadin

Arrigorriagako Udalak, hezkuntza komunitateagaz batera Eskola Bidea proiektua martxan jarri du, eskolarako bidea abentura eta ikaskuntza bat izatearen helburuagaz eta gazteen artean mugikortasun jokabide egokiak zein bizi-ohitura osasuntsuak bultzatuz.

Familia bat, eskolako inguruetan // Geuria

Arrigorriagako Udalak, hezkuntza komunitateagaz batera Eskola Bidea proiektua martxan jarri du, eskolarako bidea abentura eta ikaskuntza bat izatearen helburuagaz eta gazteen artean mugikortasun jokabide egokiak zein bizi-ohitura osasuntsuak bultzatuz. Proiektu hau gobernu taldearen ‘Arrigorriagan ondo bizitzeko 100 neurrien’ 27. konpromisoa dugu: “Udalerriko hezkuntza komunitatea hezkuntzari dagozkion erabaki eta proiektuetan inplikatzea eta bidea elkarrekin egitea oso garrantzitsua da guretzako. Eta bereziki, gazteekin egingo dugun lana; proiektu honen erdigunean haurren begiak eta hauen herriaren ulerkera jarri nahi baitugu”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Helburu horiek erdiesteko, Eskola Bidean proiektuak ibilgailu motordun pribatuen joan-etorriak murriztu, eskolarako bidea oinez edo bizikletaz egitea edo bide hori taldeka egitea bezalako ekimenak bultzatu nahi ditu egitasmoak, gazteen autonomia, buru-estima eta soziabilitatea indartuz, besteak beste.

Arrigorriagako eskola // Geuria

4 faseko proiektua

Hezkuntza proiektu honi itxura emateko, proiektua fase ezberdinetan eraiki du Arrigorriagako Udalak:

Lehen fasean, Arrigorriagako Udala  hezkuntza-komunitatea osatzen duten hainbat eragilerekin bildu da, ikastetxe eta guraso-elkartearekin. Bilkura horien emaitza modura ekimen bi egitearen beharra sortu zen: lehena, urriaren 19an eskolako klaustroarekin prestatu duten formazio-saioa, eta bigarrena, urriaren 26an guraso eta familientzako prestatutako aurkezpen saioa Lonbo aretoan, 17:30ean. Celia Rubio Euskara eta Hezkuntza zinegotziak herrityar guztiak animatu ditu proiektuan parte hartzera, eta urriaren 26ko hitzordura joateko gonbidapena egin die eskolako familiei bereziki.

Bigarren faserako Udal teknikariak, udaltzaingo-buruak eta ikastetxeko eta Udaleko ordezkariek osatutako Mugikortasun-Batzordea sortu du Udalak. Talde honen zeregina “gatazka-puntu nagusiak ezabatzeko ekintzak identifikatzea eta proposatzea, eskolarako irisgarritasuna hobetzeko erreformak proposatzea eta sartzeko ibilbideak diseinatzea izango da”.

Hirugarren fasean hezkuntza-proiektuaren diagnostikoa eta txostena prestatuko du Udalak: diagnostiko teknikoa, inkestak, behaketak…

Laugarren fasean proiektua martxan jartzea litzateke eta ekainerako aurreikusi du Arrigorriagako Udalak: batzordeak eskolako bidea diseinatu eta hobetzeko proposamenak egingo dizkie Udal teknikariei, frogatzeko esperientzia bat prestatuz, besteak beste.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak