→Arrigorriaga

Juan Lekue arrigorriagarrak Gerra Zibilean oinarritutako ‘En Tiempo de Cartas y Púas’ eleberria argitaratu du

Artzaintzaren inguruko Solitude eleberriaren ostean, Arrigorriagako Juan Lekue idazleak ‘En Tiempo de Cartas y Púas’ izeneko eleberria argitaratu berri du Txertoa argitaletxeagaz. “Bi urte baino gehiago igaro dira Solitude arguitaratu nuenetik, eta azken eleberri hau idazteko ideia garai hartakoa da”, azaldu du idazleak

Juan Lekue, Lonbo aretoaren inguruetan // Geuria

Artzaintzaren inguruko Solitude eleberriaren ostean, Arrigorriagako Juan Lekue idazleak ‘En Tiempo de Cartas y Púas’ izeneko eleberria argitaratu berri du Txertoa argitaletxeagaz. “Bi urte baino gehiago igaro dira Solitude argitaratu nuenetik, eta azken eleberri hau idazteko ideia garai hartakoa da”, azaldu du idazleak. ‘En Tiempo de Cartas y Púas’ idazteko ideia buruan bueltaka zeukan Juan Lekuek, emaztearen aititea, Vicente Ibarreche eta bere gerra garaiko gutunak istorio hau ilustratzeko balio izan diotelako: “Vicente Ibarrecheren 12 eskutitz erabili izan ditut azken eleberri hau eraiki ahal izateko eta gainera hainbat liburu irakurri ditut istorioaren testuingurua sortu ahal izateko”, izan dira arrigorriagarraren hitzak.

Datorren zapatuan, martxoak 5, Lekuek bisita egingo du eleberria kokatutako lekura, Gursera (Gave d’Oloron, Frantzia), bideo batzuk grabatzera eta bueltan liburu berriaren aurkezpen ofizial bi izango ditu: martxoaren 16an Bilboko Elkar liburutegian (Zamudioko ataria 88) eta maiatzaren 5ean, Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxean (ordutegia zehazteke).

Barneratze-eremua, Gursen // Wikipedia

Ameriketatik Hitlerren Europara

En Tiempo de Cartas y Púas eleberriak, Solitudek ez bezala, Espainiako Gerra Zibileko pasarte bat du aztergai. 1939ko urtarrilean, tropa frankistek Bartzelona hartu zuten. Milioi erdi pertsonek muga zeharkatu eta Frantziara igaro ziren. Bertan, Frantziako Gobernuak ‘harrera guneak’ izeneko kanpamenduetan hartu zituen baina barneratze-eremuak ziren, eta ez zituzten gutxieneko baldintzak betetzen. Bertan, soldaduek gertutik ikuskatzen zituzten Bartzelonatik ihes egindako pertsonak, modu krudelean. Eremu horietako bat Gursekoa izan zen, ‘Euskal Herritarren Eremua’ izenekoa, hango 6.000 lagun bertokoak zirelako. Eremu hartatik igaro zen Vicente Ibarreche, eta berak idatzitako gutunek eleberri hau idazteko inspirazioa eman diote Juan Lekueri.

Idazleak fikziozko eta izenik gabeko pertsonaia erabili du narrazio lanetarako eta istorioa tonu ezberdinetan deskribatzen dio irakurleari: modu gordinean batzuetan, eta poetikoa besteetan. Vicenteren gutunak familia, itxaropena eta etxera bueltatzeko beharraren arteko lotura dira. Eremua mugatzen duen hesiak bertan daudenek bizi duten miseria eta mespretxua erakusten du, baina gauzek okerrera jo dezaketela erakutsi digu Lekuek eta Hitlerren soldaduen mehatxuaren ondorioz, Frantziako ejertzitoaren kapitulazioak Gurs eremuko pertsonek ihes berri bat egitera bultzatuko ditu.

Lekuek egindako dokumentazio lanari, beste bat gehitu behar zaio. Idazleak Euskal Herriko Artxibo Historikora jo zuen eta Gurseko 6.000 fitxa arakatu zituen, banan-banan: “Fitxategiaren bidez barneratze-gunean izandako pertsonen istorioak ezagutzeko aukera izan nuen eta berez 16 arrigorriagar egon ziren bertan”.

Juan Lekue: “Ahaztuen istorioa kontatu dut: Ameriketan bizimodu berria sortzea lortu ezin izan zutenena”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak