→Arrigorriaga

Katuen populazioa kontrolik gabe ez hazteko HEA metodoa erabiliko du Katu Arima elkarteak Arrigorriagan

Arrigorriagako Udalak herriko katuen populazioa kontrolatzea helburu duen kanpaina martxan jarri du, “animalien ongizatea modu etikoan errespetatuz, egungo legeen arabera”.

Katu bat, kalean // Geuria

Arrigorriagako Udalak herriko katuen populazioa kontrolatzea helburu duen kanpaina martxan jarri du Katu Arima elkartearen laguntzagaz, “animalien ongizatea modu etikoan errespetatuz, egungo legeen arabera”. Elkarteko kideen arabera, gaur egun hainbat katu kolonia topa daitezke Arrigorriagako herrigunean eta baita Abusun ere.

HEA metodoa

Koloniaren zaintzaz eta kudeaketaz arduratzen da HEA metodoa, helburua katu-kolonien osasuna kontrolatuz. Horren arabera, katuak harrapatu, esterilizatu eta askatu egiten dira (HEA, Harrapatu, Esterilizatu eta Askatu), “kontrolik gabe ugaltzea eragotziz”, azaldu du Udalak, eta gogorarazi du katu koloniak sustraitik kentzea “ekintza krudela izateaz gainera ez dela irtenbidea, beste katu batzuek hartuko dutelako haren lekua”.

Ekimen honetarako, Katu Arima elkarteko kideakaz elkarlanean dago Udala. Bertako bolondresek elikadura arautua emango diete animaliei. Elkarte hau kale katuen koloniak zaintzeaz arduratzen da, horretarako elikadura emanez, desparasitazioak eginez, albaitaritza zerbitzuak eskainiz… horrez gainera, kaleko katuak erreskatatu eta etxeak bilatzen dizkiete horiei.

Denis Allende Katu Arima elkarte arrigorriagarraren kidea dugu eta urteak eman ditu zonaldeko kale katuen koloniak zaintzen: “Kolonia handitzen hasi zen, gainezka egin arte”. Hori dela eta, Etxebarrin lantzen duten katuen populazio kontrolaren sistema eredura jo zuten elkartekoek, Denisen hitzetan “aitzindaria” omen delako. “Katu Arima katu koloniak kudeatzeaz gainera, horiek behar bezala mantentzeko lan egiten duten bolondresak kudeatzen laguntzen du. Euren lanari esker ondo bideratzen ari gara kale katuen kudeaketa: katakumeak eta sozialak diren katu horiei etxea bilatzen diegu Katu Arimakook eta gainontzekoei dagokienez, harrapatu eta esterilizatu ostean askatu egiten ditugu, horien ugalketa ekidinez”.

Azken bi urteetan 37 katu esterilizatu dira Arrigorriagan, horietatik 11 emeak. Eme bakoitzeko batezbestekoa 12 katakume izanik, jaio gabeko 132 katu. Era berean, 23 adopzio egin dira. Errolda 101 katutik 87ra jaitsi da. Horrek erakusten du boluntarioek denbora horretan guztian egindako lan handia, eta, horrexegatik, gure errespetu osoa merezi dute”, azaldu du Maria Jesús Acedo Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak.

Kale katu bat, auto baten azpian // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak