→Arrigorriaga

Aztarnak kolektiboa emakume kirolarien inguruko murala margotzen ari da Arrigorriagako kiroldegian

Arrigorriagako Aztarnak Kolektiboko Iñigo Modrejo, Iker Martin eta Andoni Ortiz artistek aste bi daramatzate kolore biziko eta berdintasunaren eta inklusibitatearen aldeko mural erraldoia margotzen Severo Otxoa kalera ematen duen horman (Lonbo areto ondoko biribilgunearen aldamenean)

Iñigo eta Martin, muralaren aurrean // Geuria

Arrigorriagako Aztarnak Kolektiboko Iñigo Modrejo, Iker Martin eta Andoni Ortiz artistek aste bi daramatzate kolore biziko eta berdintasunaren eta inklusibitatearen aldeko mural erraldoia margotzen Severo Otxoa kalera ematen duen horman (Lonbo areto ondoko biribilgunearen aldamenean). Artisten arabera, mural erraldoi honen helburua “Emakumeari kirolean presentzia handiagoa ematea da”. Dagoeneko, horma honetan emakumeak kirol ezberdinak praktikatzen ikus daitezke “aukera berberak” eta “eskubide berberak” bezalako testuez lagunduta. “Orain arte horma gris triste bat genuen Severo Otxora kalera begira, eta mezu garrantzitsua eta kolorea gehitu diogu espazio huts honi”, azaldu du Iker Martinek.

Muralaren zergatiaz galdetzean, Idoia Molina Arrigorriagako Udaleko Auzoak, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu du arrazoi nagusia fatxadako konponketa batetik duela jatorria: “Kiroldegiko fatxada egoera txarrean zegoen, eraikinaren egitura agerian geratuz. Horregatik konpondu eta horma horri erabilera berri bat ematea erabaki genuen: espazio publikoko emakume kirolariei ikusgarritasuna ematen dio mural zoragarri honek eta errepidetik ikus daiteke”. Fatxadaren konponketak 14.394,49 euroko kostua izan zuen eta murala egiteko 27.830 euro bideratu ditu Arrigorriagako Udalak.

Kolektiboko kideek lan gogorra egiten ari dira eguraldi hain ezberdina izandako azken aste bitan: beroa, eguzkia, eta azken egun hauetan euri zaparradak: “Eguraldiak uzten digun tarteetan egiten dugu lan plataformaren gainean, bereziki azken egun hauetan. Horma honek ez dauka estalkirik”, azaldu du Iñigok.

Artista herritarrak

Aztarnakekoek konpromiso handia dute Arrigorriagagaz. Euren obrak dira Gaztegunearen hormako margolana eta Abusuko Zentro Soziokulturalean ikus daitezken paretetan egindako arte puskak. “Aztarnakekin harremanetan jarri ginen eurekin lan egin dugulako behin baino gehiagotan”, azaldu du Molinak. “Erdiguneko eta Abusuko muralez gainera Basaurin egindako lanak erreferentziazkoak izan dira guretzat”. Zinegotziak azaldu du murala egiteko ideia Aztarnakeko kideei komentatu zietenean kolektiboaren hainbat proposamen jaso zituztela arin batean.

Murala azaroaren 25erako prest egon beharko litzatekeela azaldu du Idoia Molinak: “Eguraldiaren arabera egiten ari dira lan muralistak. Gure asmoa azaroaren 24 familia argazki bat egitea proiektuan parte hartu duten pertsona guztiekin”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak