→Arrigorriaga

Bideoa | KorriCan proiektua jaio da Arrigorriagan gazteei txakurkrosa eta animalien zaintza sustatzeko

Bizkaian eskola mailan txakurkrosa sustatzeko KorriCan proiektua aurkeztu dute Arrigorriagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak gaur goizean Mendikosolo parkean, taberna ohiko instalazioetan. Proiektua Bizkaia osoan garatzeko asmoa badute ere, lehen esperientzia pilotoa Arrigorriagan egingo dute, institutuagaz elkarlanean.

Bertan izan da Xabier González Santamaría Deustuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko irakasle eta ikertzaile arrigorriagarra, proiektuaren burua. Beragaz Arrigorriagako gobernu taldeko Maite Ibarra alkatea, Eñaut Barandiaran Kirol zinegotzia eta Bizkaiko Foru Aldundiko Carlos Sergio kirol aholkularia eta Deustuko Unibertsitateko Itziar Urquijo Hezkuntza eta Kirol fakultateko jarduera fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko zuzendaria egon dira.

Maite Ibarra, eguerdiko aurkezpenean // Geuria

“Korrican proiektuaren berri izan genuenean ez zitzaigun guztiz arrotza egin, herrian Ausartak taldeak antolatzen duen lasterketa ezagutzen baikenuen”, azaldu du Maite Ibarrak aurkezpenari hasiera emateko. “Hala ere, proiektu hau harago doa eta baditu gure ustez azpimarragarriak diren hainbat kontu: proiektu hezitzailea da kirola, natura, hezkuntza eta Mendikosolo bezalako gune naturala lotzen dituena. Gainera, Arrigorriagako institutuko ikasleekin hasi eta garatzeak ilusio berezia egiten digu, modu honetan gazteen gizabidezko hezkuntzan eragiteko aukera izango dugulako, balioen transmisioan, naturan eta animaliekiko errespetuak talde eta elkarlana garatuko dituztelako”.

“Europan tradizio luzea duen diziplina hau mushingetik dator eta txakur bat gerri lotu eta animaliak tiraka  korrika egitean datza, modu seguruan praktikatzeko  aukeratutako berariazko materiala erabiliz. Gurean finkatzen hasita dagoen kirol honek abantaila garrantzitsuak dituela egiaztatu da, bai jabeentzat eta bai haien maskotentzat“, azaldu du Xabier Gonzálezek. Proiektu honek Xabierren doktore-tesian du jatorria eta beronen jarraipena “ikerrildo estrategiko gisa” garatu da unibertsitatean.

2021eko Ausartak Mendi Lasterketako Txakurkros proba, Arrigorriagan // Geuria

KorriCanen helburu nagusia eskola-adinean dauden haur eta nerabeei txakurkrosa ezagutaraztea eta animalien eta ingurumenaren zaintza eta errespetua sustatzea da, eta horiek erdiesteko sentsibilizazio-tailerrak diseinatuko dituzte, txakurkrosaren eta txakurren hezkuntzaren praktikari buruzko material didaktikoa sortuz. Proiektua martxoan aurkeztu eta urte osoan diseinatu ostean, 2023ko urtarrilerako finkatuta edukitzea espero dute antolaketatik.

Hezkuntza eta osasuna, eskutik

“Gaur egun, kirol honen praktikaren inguruko bi ikerketa zientifiko daude abian, kirol horren praktika fisikoa hezkuntza arloarekin eta osasunaren sustapenarekin lotuta”, azaldu du proiektuko zuzendariak eta KorriCan proiektuak Arrigorriagako instituko gorputz-hezkuntzako lau saiotan esku-hartuko duela iragarri du.

Horrekin batera, Ausartak Amarok Txakur-trail Mendi Eskola abiaraziko dute, eskolaz kanpoko jarduera bezala eta jarduera didaktikoak non eta Mendikosolon antolatuko dituzte, Arrigorriagako biriki berdean. Mendi eskolagaz batera KorriCan.eus multimedia ataria sortuko dute eta bertan hezkuntzako materiala eta bestelako euskarri dokumentalak partekatuko dituzte.

Aurkezpena bukatu ostean, korrikalari eta txakurrak prestatu eta ikuskizun itzela egin dute, txirrindula eta guzti. Hemen argazkiak:

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak