→Arrigorriaga

Arrigorriagako San Andres pasabidea birgaitzeko eta bideo-zaintza sistema ezartzeko eskaintzak aurkezteko epea zabaldu dute

Auzotar bat, txakurra pasabidean zehar paseatzen // Geuria

Arrigorriagako Udalak San Andres pasabidea edo ‘Zubi Zuria’ birgaitzeko eta trafikoa kontrolatzeko bideo-zaintzako sistemak eskuratu eta instalatzeko eskaintzak aurkezteko epea zabaldu du. Bi proiektu hauek Arrigorriagako Gobernu taldeak, NOA alderdiagaz batera proposatu eta adostu zituen 2021eko Udal aurrekontuetan.

San Andres pasabideari dagokionez, 90. hamarkada hasierako egitura dugu, Kubo auzoa herriguneagaz konektatzen duena, trenbideen gainetik igaroz. Urteek aurrera egin ahala eta zeru zabalean kokatuta egonik, zahartze prozesua jasan du eta Udalak birgaitzeko garaia dela erabaki du. Horrela, 226.575,72 euroko aurrekontua dago (BEZa barne), kontrata baten bidez birgaitze-lan horiek gauzatu ahal izateko. Eskaintzak jasotzeko epemuga urtarrilaren 19a izango da.

Oinezkoa, San Andres pasabidea erabiltzen // Geuria

 

Pintadak eta erdoila. azpiegituraren azpiko aldean // Geuria

 

Zati ezberdinen arteko konexioa // Geuria

Bestalde, trafikoa kontrolatzeko bideo-zaintza sistemak hornitu eta instalatzeko 128.500 euroko aurrekontua dago (BEZa barne). Lan hauek ere kontrata baten bidez gauzatuko dira eta lan eskaintzak jasotzeko epemuga otsailaren 2a izango da: “Lehendik dauden sistemen antzinatasuna eta funtzionamendu mugatua kontuan izanda, Arrigorriagako Udalak bideozaintzako azpiegitura berritu eta handitu behar duela erabaki du; bai Udal eraikin eta instalazioetan, bai udalerrian zehar ibilgailuen trafikoa kontrolatzeko”, azaldu du Arrigorriagako Gobernu taldeak. Udaltzaingoaren eraikinean egingo dituzte sistema horien ikuskapenak.

Idoia Molina Auzo, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu du “Gobernu taldearentzat lehentasuna izan dela betidanik Arrigorriagako auzoetako bizilagunen beharrei eta aldarrikapenei erantzutea”, aurkeztu berri dituzten bi lizitazio hauek “lan horren fruitua delarik”.

Arrigorriagako auzoetako seinaleak // Geuria

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak