Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Udala absolbitu dute Mendikosolo tabernako auzian

Aurtengo urtarrilean absoluzio-ebazpena “epai irmoz” jaso du Arrigorriagako Udalak 2021ean Mendikosolo tabernako langile ohi batek iaz enpresa kontratistari eta Udalari berari salaketa jarri ostean. Absoluzio-ebazpena jaso duelarik, lizitazio prozesuari berriro egiteko asmoa iragarri du Arrigorriagak.

|

Tabernako mahai eta bankuak // Geuria

Aurtengo urtarrilean absoluzio-ebazpena jaso du Arrigorriagako Udalak 2021ean Mendikosolo tabernako langile ohi batek iaz enpresa kontratistari eta Udalari berari salaketa jarri ostean. Absoluzio-ebazpena jaso duelarik, lizitazio prozesuari berriro egiteko asmoa iragarri du Arrigorriagak.

Aurrekariak

2021eko martxoan parkeko tabernaren lizitazioa argitaratu zuen aldiz Arrigorriagako Udalak momentura arte lokala zuzendu zuten langileen subrogazioagaz baina lizitazio hartara ez zen inolako enpresarik aurkeztu. Maiatzean lizitazio berria kaleratu zuen Udalak, subrogazio gabekoa oraingo honetan eta lau enpresa aurkeztu ziren lehiaketara.

Esleipen-prozesua abian zen unean, tabernako langile ohietako batek enpresa kontratistaren aurkako auzia aurkeztu zuen, eta salaketa Udalari ere zabaldu zion. Gainera, lizitazioaren enpresa esleipenduna ere demandatua izan zitekeen”, azaldu dute Gobernu taldetik. Udala ohartu zen hori oztopo bihur zitekeela interesatua suertatu zen enpresarentzat, eta “prozesuarekin ahalik eta gardentasun gehienarekin jarraitzeko asmoz, jakinaren gainean jartzea erabaki zuen“, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik. Gauzak horrerla, Udalak irekitako prozesu judizialaren ebazpenari itxarotea erabaki zuen “bidea guztiontzat ahalik eta ondoen jarraitzeko”.

Absoluzio-ebazpena jasota, Gobernu taldeko ordezkariek lizitazio-prozesuari “berme guztiakaz” berriro heltzeko asmoa iragarri dute: “Askotan errepikatu dugun bezala, udal gobernura iritsi ginenean, Mendikosoloren gaia korapilatsua eta gogorra izango zela ikusi genuen. Hala ere, beste aldera begiratu beharrean, bere gordintasun osoan jorratzea erabaki genuen eta, zailtasun guztiak gorabehera, orain arte behar bezala funtzionatzen ez zuen guztian ordena jartzea. Zuhurtziaz eta errespetuz jokatu dugu, eta horrek aukera emango digu orain lanean jarraitzeko Arrigorriagan guztiok merezi dugun Mendikosoloko parkea berreskuratzeko: dena ordenan izateko eta etorkizun jasangarria marrazteko, bai arlo ekonomikoan, bai ingurumen arloan“, gogoratu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Maite Ibarra alkatea, Mendikosolo birgaitzearen inguruko saioetan, Lonbo aretoan // Geuria

 

Epaileak Arrigorriagako Udalaren aldeko behin-behineko sententzia onartu du Mendikosoloren aferan

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Clown eta Pailazoen Nazioarteko jaialdiaren bigarren egunak algara eta hausnarketa uztartu ditu

Porrotx, Marimotots  eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin ibili dira goizean, eta Oyun malabarista berritzailea arratsaldean

|

Porrotx umeen aurrean / Geuria

Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdiak Arrigorriagako kaleak bete ditu beste urtebetez. Bigarren egun honetan, Porrotx, Marimotots  eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin  heldu dira kantxa urdinera.

Abentura berri honen abiapuntua honako hau da: “Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira”.

Lurra zaintzearen eta maitatzearen beharra, munduko toki ezberdinetan joan etorria… planeta puntarik punta ezagutzeko aukera paregabea izan da!

Arratsaldean, aldiz, eta eguraldiak behartuta, kantxa urdinean egin dira ikuskizun guztiak, eta Oyun izenekoan egon da GEURIA. Bere sortzaileek adierazi dutenaren arabera, “Oyun izeneko lanean (turkiarrez jokoa), dena eltzeen eta eguneroko beste elementu batzuen inguruan dabil, eta, orekan dagoen tresna bat eraikitzen doan heinean, malabaristak espazioa sortzen du, airea marrazten du eta, batez ere, grabitateari aurre egiten dio”.

EZ GARA JAITSIKO – PORROTX ETA MARIMOTOTS

OYUN

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea

Hobekuntzez gain, Arrigorriagaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea aurreikusten du proiektuak, Ugaora bidean

|

Bidegorria, Martiartun // Geuria

“Arrigorriagako Udalak udal bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bidegorriarekin lotzeko proiektua burutuko du”, hori esanez zabaldu dute Arrigorriagako Udaletik udalerriko bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea, eta enpresek maiatzaren 27ra arte aurkeztu ahal dituzte proposamenak.

Herrigunetik igaro den bidegorri hainbat zatik hobekuntzak behar dituztela kexatu dira auzotarrak. Udal ordezkarien arabera konponketa horiek “zehazki, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino” egingo dituzte.

Arrigorriagak 366.696 euro bideratuko ditu proiektu honetara Herriak Egiten funtsen bidez emandako transferentziak aprobetxatuz eta jarduketen artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea aurreikusi dute Udaletik.

Martiarturantz doan bidegorri zatia, Ugao noranzkoan // Geuria

Ugaorantz zabalduz

2022an Arrigorriagako erdigunea Martiartu industrialgunearekin lotzen duen bidegorri zatia inauguratu zuten. Horrela, Arrigorriaga eta Ugao lotzeko lehen urratsa eman zuten. Proiektu honen helburu nagusia industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba bidea sortzea dela azpimarratu dute (aisialdirako alternatiba izateaz gainera), baina ez hori bakarrik: gainera, proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz.

Proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz

“Gure helburua mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzea da”, azaldu du David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako ziengotziak.”Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bertsolaritzako eskolarteko eta taldekakoen finalak jokatuko dituzte Arrigorriagan

Final handia maiatzaren 25ean antolatu dute Arrigorriagako Elizondo tabernan

|

Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketaren hasiera, Getxon // Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Maiatzaren 25ean Oinak buruan eskolartekoaren eta Bizkaiko taldekakoen finalak antolatu dituzte Arrigorriagan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Elkar eta Arrigorriagako Udalaren babesarekin.

10:00etatik 22:00ak arte prestatu dituzte finalaurreko eta final guztiak. “Arratsaldean zehar hiru taldez osatutako hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakoitzeko irabazlea gauean jokatuko den finalera sailkatuko da”, azaldu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

Bazkaria ere egingo dute eta bertan parte hartu nahi dutenek esteka honen bidez eskuratu ahalko ditu txartelak.

Programa | Finalak 2024

Maiatzak 25, larunbata

10:00 Bizkaiko eskolarteko idatzizko finala
11:30 Bizkaiko eskolarteko bat-bateko finala
14:30 Bazkaria
16:00 1. Finalaurrekoa, Arrigorriagako eskola
17:30 2. Finalaurrekoa, kalean
19:00 3. Finalaurrekoa, kalean
22:00 Finala, Elizondo jatetxea

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Nerea Lupardo arrigorriagarrak Euskalduna jauregiko zuzendari izateari utziko dio

Arrigorriagarraren Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute administrazio batzordean

|

Nerea Lupardo eta Euskalduna jauregia // euskaldunabilbao.com eta disfrutabizkaia.com

Lau urteko zuzendaritza lanak eta iazko jarduera ekonomikoan diru-sarreren marka hautsi ostean (zortzi milioi euroko diru-sarrerak eta 100etik gorako eragin ekonomikoa lurralde osoan), Nerea Lupardo Atutxa arrigorriagarrak Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendaria izateari utziko dio datorren astean. Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute admninistrazio batzordean.

Euskaldunako karguari heldu baino lehen, Lupardo Euskaltel enpresako Erakundeekiko harremanetarako zuzendaria izan zen 22 urtez (1997-2019), Arrigorriagako EAJko zinegotzia eta baita Bizkaiko legebiltzarkidea ere (1994-1996). 2021ean Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendari kargurako hautatu zuten, gaur egun EiTBko zuzendari orokorra den Andoni Aldekoa ordezkatuz (2017-2020). Aldekoaren aurretik Jon Ortuzar izan zen jauregiko zuzendaria (1999-2017). Koronabirusak eragindako garaiak ziren Lupardok kargu berria hasi zuenean eta egoera horri aurre egin zion arrigorriagarrak zuzendari berri lez.

Lupardoren ondorengoen hautagaien artean Iñigo Iturrate EAJko parlamentaria dago, hiru hamarkada kargu publikoetan lan egiten egon ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, besteak beste. Zuzendari berriaren izena Nerea Lupardoren kargu-uztea iragarriko duten ekitaldi berean emango dute jakitera.

Nerea Arrigorriagan jaio zen 1968an eta Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionala Euskaltel enpresarekin lotuta egon da, baina IZAITEko (Iraunkortasunaren aldeko Euskal Enpresen Elkartea) presidente ere izandakoa da (2014-2019), baita Kursaal Eszenako presidentea ere (2001-2019), erakunde eta entitate pribatuekin txandakatuta betiere.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dute Ollarganen, larunbatean

Bazkaria, moto-jolasak, ibilbidea eta kontzertuak antolatu dituzte maiatzaren 11n, Ollarganen

|

Motozale bat // Jon Goikouria Larrabeiti

Maiatzaren 11n, eskualdeko motozaleek hitzordua dute Ollarganeko parkean, Abusuko Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dutelako bertan. 10:00etatik 20:30ak arte jardueraz betetako programa izango dute 10:00etatik aurrera. Prestatutako jarduera guztien artean 11:00etan hasiko den moto ibilbidea ageri da.

Jardueran parte hartzeko prezioa 15 eurokoa da. Horren truke ongi etorri-kafea, bazkaria, oparia eta zozketa batean parte hartzeko txartela izango du motozale bakoitzak.

Programa | Ilargikoak X. urteurrena

Maiatzak 11, larunbata

10:00 Izen emateak zabalik.
11:00 Moto ibilbidearen hasiera Ollargan parkea
14:00 Moto ibilbidearen amaiera, Ollargan parkea
15:00 Parte-hartzaileen bazkaria
16:30 Kontzertua: Hambre
17:30 Moto jolasak
18:30 Musika saioa: Freyky DJ
20:00 Parte-hartzaileentzako zozketa
20:30 Musika saioa: Freyky DJ

Osorik irakurri