→Arrigorriaga

Erreka naturalaz baliatutako etorkizuneko Mendikosolo parkea proiektatu dute

Mendikosoloren inguruko Maiatzaren 28ko bilera irekiaren eta herritarren aurrean hainbat aurkezpen egin ostean, Arrigorriagako Udalak bigarren bilera irekia egin zuen atzo Lonbo aretoan

Maite Ibarra, Amaia Albeniz, Paola Sangalli eta Maria Jesus Acedo // Geuria

Mendikosoloren inguruko Maiatzaren 28ko bilera irekiaren eta herritarren aurrean hainbat aurkezpen egin ostean, Arrigorriagako Udalak bigarren bilera irekia egin zuen atzo Lonbo aretoan. Aretoko oholtzan Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Amaia Albeniz arkitektoa, Paola Sangalli SCIAko teknikaria eta Maria Jesus Acedo Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotzia izan ziren, Arrigorriagako birika berdearen proiektuaren garapenak herritarrei azaltzen. “Hilabete batzuk igaro eta gero heen gaude berriro prozesuaren berri eman eta hasieran esan genuen bezala bidea elkarrekin egiteko”, azaldu zuen Maite Ibarrak. “Azken hilabete hauetan ez gara geldi egon: talde teknikoak urtegiaren inguruko azterketa teknikoa eta lanak egiten jarraitu du eta prozesuaren zati hau prozesu parte-hartzailea guztiz baldintzatuko duenez, hemen daude teknikariak lanen berri emateko prest”. Maria Jesus Acedo zinegotziak azaldu zuen “bilerako helburu nagusia Mendikosoloko presaren problematikari alternatiba eraginkor, iraunkor eta batez ere jasangarria eraikitzea” zela.

Paola Sangalli teknikaria // Geuria

Bileraren hasieran pasa den maiatzaren 28an komentatutakoa laburbildu zuen Amaia Albeniz arkitektoak, bilera hartara joan ez ziren hainbat lagun hurbildu zirelako Lonbo aretora. “Mendikosolo proiektuak parte bi dauzka: prozesu teknikoa eta parte-hartze prozesua”. Paola Sangalli prozesu teknikoaz arduratu da eta Albeniz, parte-hartze prozesuaz: “Parte-hartze prozesuan hiru fase bereiztu genituen: informazio-fasea (maiatzean Lonbo aretoan egindako bilera), formakuntza eta eztabaida fasea (herritarrekin batera herrigunean eta Abusun egindako tailer parte-hartzaileak) eta itzultze-fasea”, azaldu zuen arkitektoak. “Gaur laugarren fasean gaude: araudi berriak agertu dira eta gaur egungo presa araudi horrek dioen markora moldatu behar dugu”.

Amaia Albeniz // Geuria

Horregatik, talde-teknikoak herriko herriko kolektibo ezberdinakaz berba egin zuela adierazi zuen Amaiak, gaur egun herritarrek Mendikosoloko presako erabileraren inguruko galderak eginez: “Horrela Mendikosoloko erabileraren inguruko radiografia osotua egin ahal izan genuen”. Erantzunak askotarikoak izan ziren eta nagusien taldearen berezitasun bat gortaipatu zuen: “Nagusiek eurak ez diren gainontzeko kolektiboetan pentsatzen dute, parkearen erabilera gazte eta familiei zuzenduz”. Jendearen ideiak jaso ostean, talde teknikoak parkearen bestelako erabilerak erakutsi zizkieten kolektiboei, inspirazio-iturri modura. “Hilabete hauetan zehar kolektibo ezberdinekin tailerrak egiteko asmoa geneukan, baina lan teknikoaren fasean datu ugari azaleratu dira eta Urtegiak, Ura, Ur Konfederazioa eta Foru Aldundiaren argi berdea behar dugu ikerketako emaitzekin aurrera egin eta itxaropen faltsurik ez sortzeko”.

Albenizek gogoratu zuen Mendikosoloren proiektua Arrigorriagako Udalaren “gardentasun-ariketa” zela eta atzoko bileraren bidez horixe erakutsi nahi zela: prozesuaren nondik norako guztiak Arrigorriagako herritarrei plazaratu. “Gure asmoa azaroan zehar prozesu parte-hartzailearen lan saioak egin eta abenduan, itzulketa faseari ekitea da”.

Paola Sangalli // Geuria

Ondoren Paola Sangalli teknikariaren txanda izan zen, bioingeniaritza eta paisaia ikerketetan aditua. SCIAko teknikariak azken hilabeteetan egindako ikerketen emaitzak plazaratu zituen oholtzan herritarrek ezinhobe uler zezaketen lengoaia batez baliatuz, parkearen definizio orokor batekin hasiz: “Mendikosolo urtegia, basoa eta erreka da. Bertan aisialdiaz gozatzen dute herritarrek, naturarekin harremanetan. Balioz jositako lekua dugu alde batetik eta arazoren bat baita ere”.

Hiru zonalde

Urtegi zonalde bat daukagu, lurrezko presa bat eta zelaigune erraldoi bat. Zelaigune hartan jatetxea, askaldegia eta umeentzako parkea daude”. Sangallik hainbat diapositiva erakutsi zizkien herritarrei eta horien artean 1983. urtean Kubo errekarenak ikusi ahal izan zituzten: “Hauxe zen Mendikosolo lehen: erreka bat. Gaur egun parkeko eskumaldetik igarotzen bada, antzina eskerretik egiten zuen bidea”. Ortofoto ugariren lekuko izan ziren arrigorriagarrak. “Erreka modu naturalean ikus zitekeen Mendikosolon eta herrigunera heltzean kanalean sartzen zen”.

Ondoren presa eta ondorioz urtegia sortu ziren. Presa urtegiko ura mantentzen duen horma dugu eta presaren alde batean gordetako ura urtegia deritzo. “Presa eta urtegia eraiki ostean, betegarria jarri zuten ura ez zegoen presaren bestaldean Nerbioi ibaiko kanalizazio lanetako lurragaz”. Mendikosoloko presa, hormigoizkoa baino lurrez beterikoa dugu: “Material buztintsu trinkotuzko legarraz osatutako horma dugu“. Teknikariak azaldu zuen Mendikosolokoa urtegi handia ez dela, baina metro baten faltan urtegi handien artean sailkatu beharrekoa dela: “Hormak 16 metroko altuera du eta legediak dio 15 metroko garaiera baino handiagokoak ‘Urtegi Handiak’ bezala defenitzen direla. Beraz, metro batengatik bada ere, Mendikosolokoa urtegi handi bat dugu eta Esako presaren sailkapen bera du (Nafarroa) baina Mendikosolokoak hektometro kubiko bat baino gutxiago gordetzen du eta Esakoak 447”.

Mendikosoloko urtegia, lurrezko presaren gainetik ateratako argazkia // Geuria

Bestalde, urtegiak A, B eta C motakoak izan daitezke, gorde dezaketen uraren arabera eta baita sortu ditzaketen kalteen araberakoa ere, urtegia apurtuz gero. A kategoriakoek arrisku eta mantentze-lan garestienak dituzte eta horixe da Mendikosolo urtegiaren sailkapena gaur egun.

Paola Sangallik azaldu zuen egoera honen aurrean hainbat aukera aztertu zituztela garai batean: lehena A kategoria mantentzearena da, araudiak dioena zurrun jarraituz. Horrek eskatzen duen segurtasun neurri guztiak betez eta dena posible izateko teknikari espezialistek osatutako lantaldea izanik: “Jarraipen zurruna eta informe ugari eskatzen du A kategoriako urtegia mantentzeak. Urteroko gastu eta inbertsio nabarmena dugu”. Bigarren aukera batek urtegiaren bolumena gutxitzera dakar: “Hemen legedi berriarekin egiten dugu topo eta bolumena gutxitzeko asmoa badugu horma ez litzateke aldatuko eta 16 metro izaten jarraituko luke”. Hirugarren aukerak urtegia guztiz hustera garamatza, urtegia zerbitzuz kanpo utziz.

Laugarren aukera

“Guk aukera horien artean bidea zabaltzea pentsatu genuen: aukera egingarriak aztdertu genituen, helburua A kategoriatik atera hainbat arrazoi erabiliz”. SCIAkoek ikerketa egiten ari zirela murrizketa gehiagoko araudi berria agertu zen: “Araudi zurrunagoa bada ere, aukerak ikusi ditugu bertan”, azaldu zuen Sangallik.

Denbora tarte honetan ikerketa ugari egin dituztela azaldu zuen SCIAko teknikariak, eta Mendikosolo bezalako urtegien adibideak bilatzen egon dira nazioarte mailan. Horrez gainera hainbat analisi eta ikerketa eskatu zituen Arrigorriagako Udalak, zoruaren nolakotasunatik hasiz: “Mendikosolon edozer gauza egin nahi badugu urtegiko zorua nolakoa den ezagutu behar dugu eta betegarriak Nerbioi ibaitik datozela esan digute”. Bigarren pausua analisiak egitea da “Zorua, sedimentuak eta betegarriak aztertu genituen ingurumen ikuspuntutik eta baita agronomikotik ere”. Lodoak eta ura ere aztergai izan ziren urtegira heldu baino lehen, urtegian bertan eta urtegitik irten ostean: “Mendikosoloko uraren eta bertako ibai-sedimentuen kalitatea oso ona da”, goraipatu zuen Sangallik.

Bestalde, ikerketa hidrologiko eta hidraulikoak egin zituzten uztailean, uraren transmisioa nolakoa zen aztertzeko: “Ikerketak uztailean zehar egin baziren ere, emaitzak irailaren amaieran heldu ziren eta horretan gabiltza egun hauetan”.

Hitzaldian zehar Alemaniako Krebsbacheko urtegian egindako proiektuaren irudi batzuk ikusi zituzten herritarrek, Mendikosolo bezalako urtegi ohia, errekatxo batean birgaitutakoa: “Gauza bera egin daiteke Mendikosolon? Bada, 300 metroko luzeera duen presa atzeko zelaigunea apurtu beharko genuke, baina Alemaniako urtegiaren adibidea erabilgarria da Mendikosolon egingo den proiektuan inspiratzeko”.

Maria Jesus Acedo, Amaia Albeniz, Maite Ibarra, Idoia Molina eta Jose Ignacio Fernández // Geuria

Ikerketa geoteknikoei dagokienez, proba bi eginda zituztela azaldu zuen Paolak: “Proba horiek betegarri gutxiko zonaldean egin ziren eta hori ikusita 3 zundaketa eskatu genituen: presan, parkearen erdialdean eta betegarriaren hasieran”. Zundaketa horiek makina baten bidez egiten dira eta teknikariaren esanetan, zundaketak horiek egin zirenean aldez aurretik egindako betegarriak topatu zituzten lur azpian: “Betegarriaren geruza hori ziurrenik AP-68 autopistako lanetatik dator”. Sondeoei esker Mendikosolo urtegiaren perfila sortu ahal izan dute teknikariek ur eta lur azpian zer dagoen erakutsiz.

Ondorio modura, azterketa horien bidez teknikariek lokatza topatu zuten eta baita legar-bolak eta ibaiko lur tipikoa ere: “Hori zoragarria da bertan barrenak erabili gabe hondeatu daitekeelako eta ur azpitik ateratako lur gehiengoa parke eta lorategietan erabili ahal izango litzatekeelako”.

Ikerketa guztietako emaitzak bateratuz, hurrengo proposamena egin zuen Paola Sangallik etorkizuneko Mendikosolo eraikitzeko: “Gaur egungo hormak 16 metro izanik, 14,5 metrora jaitsiko genuke, horrela urtegi handien sailkapenetik kanpo lotuko litzateke Mendikosolo”. Metro eta erdi hori mendoitzetik kenduko lukete teknikariek, zisne formako pedaloak atrakatuta zeuden lekuan bertan, gaur egun existitzen den inklinazioa ezabatuz eta mendoitza hegalean bihurtuko litzateke.

Uholde-arriskuaren orbanari dagokionez, edukiera gutxitzearren, urtegiak ura metatzen jarrituko luke momentuz. Horren haritik ikerketa egin dute SCIAkoek eta uraren ibilbidea aztertzeko, ataletan banatuta: “Uraren ibilbidea ona da ibilbide osoan, zubi baten azpitik igarotzen den zati batetik izan ezik”, azaldu zuen Paolak. “Tarte horretan uraren bidea estutu egiten da eta bi aukera ditugu: obra aldatzea edo bestelako irtenbide bat bilatzea”. Irtenbide modura, teknikariak ijezketa-putzuez lagundutako lur ibilgu berria sortzea proposatu zuen: “Urak aurrera egingo luke arazo barik, eta ur gehiagoko egunetan, errekak urez gainezka egin beharrean lamina horiek beteko lirateke, uholdeak saihestuz”.

Presak hauskortasun maila txikia izango luke, lur erosioa kausa bakarra izanik “aukera gutxi egon arren”. Hala ere, azken hilabeteetan egin dituzten ikerketen arabera 100 eta 500 urteko uholdeei eusteko gaitasuna izango luke presak: “Ziurrenik denbora hori igaro baino lehen autopista bera hondatuko litzateke”, gehitu zuen brometan. Sangallik azaldu zuen proposamen horrek ez lukeela uraren desagerpena ekarriko Mendikosolora: “Uraren sentsazioa mantenduko litzateke eta zelaigunean erreka natural bat izango genuke ijezketa-putzuekin”. Proposamen honek jarraipen bat edukiko luke bost urtetik behin.

Bilerari amaiaera emateko, Sangallik behin behineko hiru dimentsioko simulazio bat erakusti zien herritarrei, ur balsa eta erreka natural batez osatutako balizko Mendikosolo moderno batena. Herritarren txanda heldu zenean lanen luzapenaz galdetu zuten: “Lur mugimendu eta ingeniaritza lanak izango dira gehien bat eta 4-6 hilabeteko obrak espero ditugu horretarako, gutxi gorabehera”.

“Hala ere, proiektuak aurrera egiten badu, zundaketa eta topografia lan gehiago egin beharko lirateke, azken orduko ezustekoak saihesteko”, gehitu zuen Paolak. Amaia Albenizek gogorarazi zuen lan horiek egin ahal izateko egikaritze-proiektua idaztearen fasea legokeela: “Mendikosolon lanak hasteko proiektua idatzi beharko dugu eta horrek urte erdiko lana emango digu gutxi gorabehera”. Paolaren lehentasuna gaur egungo Mendikosolok duen esentzia mantendu nahi duela azaldu zuen: “Gaur egun ekosistema propioa dauka parkeak eta aisialdirako leku zoragarri bezala mantentzea da gure asmoa”.

“Hainbat urte daramatzagu Mendikosolo proiektuaren ziurgabetasunarekin eta badirudi argia ikusten hasi garela”, azaldu zuen Maite Ibarrak atzoko topaketari amaiera emateko. “Momentura arte lortutako emaitzak oso onak izan dira eta esku honenetan gaude. Prozesuaren azken txanpan gaude Mendikosolo parkearen etorkizuna guztion artean definitzeko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak