→Arrigorriaga

Epaileak Arrigorriagako Udalaren aldeko behin-behineko sententzia onartu du Mendikosoloren aferan

Naturbaso S.L enpresaz gainera, langile kaltetuak salaketa jarri zion Arrigorriagako Udalari ere “langileen kontratua 2020ko irailaren 30ean amaitutzat emateagatik, idazkariaren informeagaz kointzidituz. Gobernu taldeak horixe behar baitzuen langile horietaz libratzeko”

Mendikosoloko segurtasun kamerek monitorizatzen dituen ordenagailua // Geuria

Mendikosolo parkea kudeatzen zuen Naturbaso S.L enpresak lan-arloko epaiketa galdu du langile bati “bidegabeko kaleratzea egiteagatik”. Gauzak horrela, Bilboko Lan Arloko 6 zenbakiko Epaitegiak langilea “lan-baldintza berean berriro onartzera” derrigortu du 6.107 euroko soldataz edo 72.235 euroko kalte-ordainketagaz. Epailearen arabera “enpresak ez zuen fede onez jokatu”, Naturbasok hiru hilabete eman zituen langileari ordainketarik egin gabe eta egin behar izan zuenean, ez zegoen saldorik enpresaren kontuan. Udalaren arabera, horrek guztiak atzerapenak ekarri ditu parkearen kudeaketa berriro martxan jartzeko orduan.

Bestalde, langile horrek Arrigorriagako Udala salatu zuen “Naturbasoko kontratuak 2020ko irailaren 30ean amaitzeagatik, idazkariaren informeagaz kointzidituz”. Hori izan zen, kaltetuaren hitzetan “Udalaren aitzakia parkeko langileetaz libratzeko”.

Mendikosoloko langileen elkarretaratzea, Arrigorriagako udaletxearen aurrean // Geuria

2020ko irailaren 21ean, langileen kontratuak hilaren 30ean amaituko zirela jakinda, Naturbaso S.L. enpresak kontratua luzatzeko eskabidea egin zuen. Momentu hartan 142.942,83 euro zeuden Naturbasoren kontu korrontean eta hilabete hartatik aurrera, enpresako kontu korronteko diru kopurua aldatzen joan zen, zenbait gorabeherarekin: aurtengo urtarrilaren 29an 547,92 euro zeuden eta 2021eko otsailaren 13an 4.861 euro.

2020ko irailaren 24an Udalak atzera bota zuen Naturbaso S.L.ko kontratua luzatzeko eskabidea eta errekurtsoa jarri zuten Arrigorriagako Udalean. Administrazioarekiko Auzien 2. Jurisdikzioaren autoak iazko abenduan desestimatu zuen eta data horretara arte Mendikosolo parke eta tabernako aktibitatea mantendu zen, Arrigorriagako Udalak hala baimenduta. 2021eko urtarrila amaieran amaitu zen Mendikosolo parkeko lan-aktibitatea.

Arrigorriagako Udalak lehiaketan jarri zuen Parkeko tabernaren kudeaketa eta prozesuak aurreko enpresako langileak subrogatzeko klausula bat zuen. Inork ez zuen bere burua aurkeztu lehiaketa hartara eta Udalak aurtengo ekainean lehiaketa berri batera atera zuen taberna. Alokairua igo (1.368,58 eurokoa, aurreko enpresak ordaintzen zuenaren bikoitza) eta klausulak aldatu zituen: oraingo honetan tabernako kudeatzaile berriak ez lituzke aurreko enpresako langileak subrogatu behar.

Langile kaltetuak salaketa jarri zion Arrigorriagako Udalari ere “langileen kontratua 2020ko irailaren 30ean amaitutzat emateagatik, idazkariaren informeagaz kointzidituz. Gobernu taldeak horixe behar baitzuen langile horietaz libratzeko”. Hala ere, epaileak ez du arrazoirik ikusten Arrigorriagako Udala prozesu honetan inputatzeko eta Arrigorriagako Udalaren aldeko behin-behineko sententzia egin du.

Mendikosolo parkeko tresnak, biltegian // Geuria

 

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak