→Arrigorriaga

Abusuko aparkaleku arazoa konpontzeko aurrerapauso handia egin dute Bilbok eta Arrigorriagak

Bilboko Udalak ez du Arrigorriagak proposatutako TAOren ordenantzaren aldaketa onartu, baina xedapen gehigarri bat eranstearen aldeko agertu da. Horren arabera, Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu Bilbo bezalako aparkatzeko sistema duten udalerriekin (Abusuko Santa Isabel, Olatxu eta Ollargan auzoertan, kasu) ematen dituzten tituluak elkarri aitortzeko, elkarrekikotasun-baldintzagaz.

Santa Isabel kalea, autoz beteta // Arrigorriagako Udala

Datorren maiatzean TAO sistema Bilboko La Peña auzora helduko da ondo bidean. “La Peña auzoan TAOa ezartzeko ordenantza datorren hilabeteko Bilboko Udaleko osoko bilkuran onartzeko asmoa du Bilboko Udalak eta horrela izatekotan maiatzean TAO sistema martxan jarriko litzateke” aurreratu dio Idoia Molina Auzoak eta Hiri zinegotziak GEURIA komunikabideari. Horren ondorioz, La Peñako zonaldea ordainpekoa izatera igaroko litzateke. Hori horrela izanda, Arrigorriagako Udaleko ordezkariek iragarri dute Abusu auzoan aparkatzeko arazoak areagotuko direla, bertan aparkatzea doakoa delako.

Bilboko Udalak ez du Arrigorriagak Abusu auzoan proposatutako TAOren ordenantzaren aldaketa onartu, baina auzo jakin batzuetan xedapen gehigarri bat eranstearen aldeko agertu da. Horren arabera, Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu hiri inguruko udalerrietan TAO sistema ezarri ahal izateko, Arrigorriagako Abusu auzoa, kasu: berau osatzen duten Santa Isabel, Olatxu eta Ollarganenekin. “Pozten gaitu Bilboko Udalak alegazioa onartu izanak. Duela urte eta erdi hasi ginen bide luze hau egiten, eta harrezkero etengabe bildu gara konponbideak bilatzeko. Helburua hasieratik izan da,  eta hala izaten jarraitzen du, Abusuko bizilagunei irtenbideak ematea. TAOren ordenantzan xedapen berri hau ezartzea aurrerapauso handia da, eta, beraz, lanean jarraituko dugu udalerrien arteko hitzarmena lortu arte”, azaldu du Maite Ibarra alkateak. Abusu auzoak TAOa izateko, Arrigorriagak Bilbok duen antzeko ordenantza izan beharko luke eta dagoeneko Udala ordenantza berri baten erredakzioa prestatzen hasi da.

Arrigorriagako Gobernu taldearen arabera, azken urte eta erdi honetan Alfonso Gil orduko mugikortasun eta Garraio arduradunagaz, Asier Abaunza Hirigintza arduradunagaz eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateagaz bildu dira: “2022ko  urtarrilean, Arrigorriagako Udalak alegazio bat aurkeztu zuen. Alegazio horretan, lankidetza-hitzarmena egiteko proposamena aurkeztu zuen, aparkatzeko sistema arautuaren aplikazio-eremua Santa Isabel, Olatxu eta Ollargan auzoetara zabaltzeko“, azaldu dute Arrigorriagako Udal ordezkariek. Gauzak horrela, TAOa Abusun ezartzeko asmoa dute, baina prozesuak, La Peñakoaren paraleloa bada ere, denbora gehiago eman behar du, tramite jakin batzuk burutu behar dituztelako. Hala ere, Abusuko TAO zerbitzua errealitatea izango dela azaldu du Molinak: “Hilabete batzuetan zehar La Peñako auzotarren autoak Abusun izango ditugu, baina denbora tarte mugatuan baino ez da izango”.

Abusun aparkatzearen erronka

Molinak azaldu du abusutarrek bizitzaren zati handiena Bilboko La Peñan egiten dutela: “kiroldegiaren erabilera, erosketak, bankuen erabilera… eguneroko bizitza La Peñan egiten dugu eta bestelako tramiteak egiteko Arrigorriagara joan behar gara”. Horrez gainera, Abusuko auzotarrek aparkatzeko zailtasun ugari dauzkate, bereziki Bilbon TAO zerbitzua ezarri zenetik. Ordainpeko guneak jarri zirenetik Bilbon lan egiten duen jende askok Arrigorriagako auzoan aparkatzen dute autoa, TAO zerbitzurik ez dagoelako, eta ondorioak abusutarrek beraiek jasaten dituzte: “Auzoan aparkatzea benetan zaila da garaje propioa ez badaukazu”, azaldu du Jose Luis Barroso abusutarrak. “Gero eta gehiago nabari da Bilbotik ibilgailu gehiago ekartzen dituztela gure auzoan aparkatzeko. Gainera, badago garaje propioa izanik autoa kanpoan aparkatzen duen auzotarrik gonbidatuen autoak garajean aparkatu ahal izateko”, kexatu da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak