→Arrigorriaga

2022ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du Arrigorriagako Gobernu taldeak

EH Bildu eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldeak Arrigorriagako 2022ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu gaur goizean udaletxeko Osoko bilkuren aretoan. Bertan izan dira Peio Garmendia Ogasun eta Kontu eta Giza Baliabideetako ziengotzia, Maite Ibarra alkatea eta Iratxe Rubio Kultura eta Gazteria arloko zinegotzia.

Peio Garmendia, Maite Ibarra eta Iratxe Rubio // Geuria

EH Bildu eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldeak Arrigorriagako 2022ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu gaur goizean udaletxeko Osoko bilkuren aretoan. Bertan izan dira Peio Garmendia Ogasun eta Kontu eta Giza Baliabideetako ziengotzia, Maite Ibarra alkatea eta Iratxe Rubio Kultura eta Gazteria arloko zinegotzia. Maite ibarrak aurreratu du 2022ko aurrekontuak ez dituztela urtea bukatu baino lehen onartuko, 2022ko lehen Osoko bilkuran baizik.

“Gaur Arrigorriagako Udal Gobernuko EH Bildu eta Arrigorriaga Garako ordezkariak hemen bildu gara 2022ko aurrekontuetarako prestatutako proiektua aurkezteko”, azaldu du herriko alkateak. “Hilabeteko lan kolektiboa izan da aurkeztuko dugun aurrekontuen proposamen hau. Aurreko urteetako proiektuetatik ikasi, erronka berriak kokatu eta batez ere aurrekonto parte-hartzaileetan herritarrek egindako ekarpenak jaso dira”. Ibarraren hitzetan, “aurrekontuak Udal kudeaketarako funtsezko tresna izanik, Udal jarduerak planifikatu, kontrolatu eta ebaluatzeko tresnak dira eta horregatik berebiziko garrantzia du aurrekontuak adostea eta ahalik eta lasterren martxan jartzea. Modu batean edo bestean adosteak eragina izango du herritarren bizitzetan eta ongizate mailan”. Alkateak gehitu du Gobernu taldearen helburua ahalik eta adostasun maila altuena erdiestea dela.

Arrigorriagako Udalaren 2022rako aurrekontu proiektua 15.172.636,16 eurokoa da. Iazkoarekin alderatuta 10,7ko igoera izan du. Datorren urteari begira, Udal Gobernuak azaldu du nabarmentzekoa dela 2022an 961.764,84 euroko zorra izango duela (2021eko aurrekontuetan 399.292,64koa zen) eta arrazoia 2020an Bizkaiko Foru Aldundiaren alde zegoen Udalkutxaren 446.440 euroko likidazio positiboaren itzulketa da.

Peio Garmendia, Maite Ibarra eta Iratxe Rubio // Geuria

Diru sarrerak eta gastuak

Diru sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da 2022rako Udalkutxaren konturako emanak eta 2021eko likidazioa 9.065.090 eurokoa izango dela, 2021ean baino 1.322.778 euro gehiago.

Tasei dagokienez, Udal-kirol-instalazioak erabiltzeko tasetan 90.000 euro gehiago biltzea espero dute Goberu taldekoek eta 8.700 euro kultura zerbitzuetarako. Gainera, energia elektrikoaren linea, hodiak eta eroanbideak erabiltzeagatiko tasetan 10.000 euro gehiago bilduko dituztela aurreikusi du Arrigorriagako Udalak.

Gastuen esparruan 5.025.551 euro bideratuko dituzte izaera orokorreko arloan, 2021ean baino 346.737 euro gehiago. Arrazoien artean hauek dira azpimarratzekoak: Udal langileen soldatak %2 igotzea, Udaltzaingoaren plantilla berregituratzea, enplegua sustatzeko kontratazio plana (153.850 euro, 2021ean baino 67.966 euro gutxiago)…

Ingurumen eta jasangarritasunaren esparruan aurrekontua 470.282,46 eurotan handitu da eta nabarmentzekoa da diru partida bat gordeko duela Udalak Mendikosoloko zerbitzuaren kontratazioa osatzeko. Horrez gainera, esparru honetan honako ezberdintasunak nabarmendu ditu Udalak 2021 urteagaz alderatuta:

  • Energia elektrikoa: 2021ean  energia elektrikoaren kostua 280.275 eurokoa zen eta 2022an 520.804ra igoko dela aurreikusi du Gobernu taldeak
  • Gasolioa eta gas naturalaren partida 11.855 euro handitu da
  • Udaltalderen kostua 115.830 euro handitu da

Maite Ibarra, gaur goizean // Geuria

Gainontzeko arloetan

Kontu, Ogasun eta Ondaroa arloko aurrekontua 467.355,29 eurokoa izango da. Bertan, Kutxabankekin kontratatuta dauden mailegu biez gain, 2020ko Udalkutxako likidazio negatiboa aurreikusi dute, 446.440 eurokoa. Kulturako aurrekontua 51.768,61 eurora handitu da eta Peio Garmendiak azpimarratu du Arrigorriagako kultura elkarteek beren jardueretarako diru-laguntza berreskuratuko dutela. Euskararen alorrean eta euskaltegiari dagokienez, 2021ean 191.040 euroko aurrekontua izatetik 206.708,56era igaro da eta aurrekontu osoa 16.817,76 euro handitu da.

Politika feministari dagokionez, Udal gobernuak “igoera nabarmena” aurreikusi du datorren urteari begira, aurrekontua 9.000 euro hadituko baita: “Berdintasunaren Udal Ordenantzan jasotako konpromisoa ahalbidetuko da. Honek esan nahi du aurrekontua pixkanaka handitzea Udal aurrekontuaren  %1era iritsi arte. Kasu honetan, horri esker Ahalduntze Eskola feminista sendotu ahal izango da, funtsezkoa baita indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko eta udalewrriko emakumeen berdintasunezko posizio soziala lortzeko”. Gazteriak eta Jaiak esparruan, aurrekontua 27.345,20 euro handitu da eta herriko jaietako partida 116.000 eurora igo da. Kirolen esparruan 2020ko diru-laguntzak berreskuratu dira eta 2021eko kirol-jarduerak mantenduko dituzte. Gizarte ekintzako aurrekontua 35.724 euro igo da 2021 urteagaz alderatuta.

“EAJk eta PSEk 2023ko Udal hauteskundeetan pentsatzen hasi dute kanpaina”, azaldu du Peio Garmendiak. “Nire ustez aurrekontuak ez dira horretarako; aurrekontuetan Arrigorriagako herritarren ongizatea jokoan dago eta denon artean adostutako aurrekontuen bidez auzotarrek irabaziko lukete“. Hori dela eta, Ogasun eta Kontu eta Giza Baliabideetako zinegotziak azaldu du beste alderdiekin berba egiteko prest agertuko dela Gobernu taldea.

“Gaur egungo Gobernu taldeak, jarduten hasi zen lehen momentutik, esan genuen alkatetzako ateak zabalik daudela edozein motako proposamenak eta iradokizunak jasotzeko, arrigorriagarren alde”, gehitu du Ibarrak. “Momentura arte ez dugu inolako proposamenik jaso gainontzeko alderdi politikoetatik. Gu, geure partez, zabalik gaude”.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak