Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Arrigorriagan drogaren kontrako operazio batean. Hain zuzen, 36 kilo speed antzeman dizkiete 500.000 euro inguruko balioarekin. Ustezko hiru trafikatzaileetako bi espetxean sartu dituzte eta ikerketak zabalik jarraitzen du.
Udazkenean Ertzaintzak ikerketa bat jarri zuten abian, Arrigorriagako mekanika-tailer batean “substantzia sorgorgarrien” trafikoarekin ari zitezkeela susmatu ondoren. Une horretan zaintza-dispositibo bat ezarri zuten lantegiaren inguruan eta egiaztatu zuten talde antolatu batek droga -batez ere, speeda- kopuru handiak biltegiratu eta banatzeko erabiltzen zuela negozioa. Droga Herbehereetatik ekartzen omen zuten, eta baliteke “100 kilo ere izan zitzaketela biltegiratuta”.
Drogaren aurkako operazi horretan, mekanika-tailerreko arduraduna eta bi mezulari atxilotu zituzten joan den ostegunean, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta. Era berean, kreditu-txartelak trokelatzeko makina bat ere aurkitu zuten, eta ikertzen ari dira legez kanpoko jardueraren baterako erabili duten. Atxilotuetako bi espetxean sartu ditu epaileak eta Ertzaintzak oraingoz zabalik du operatiboa banda desegintzat eman ahal izateko.
