→Arrigorriaga

98.000 euro bideratuko dituzte Abusuko Zentro Soziokulturaleko plaza eta Ollarganeko pasabidea konpontzeko

Ollarganeko pasabidea, obretan // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak, herritarren eskaerei erantzunez Abusuko Zentro Soziokulturaleko erretiratuen plaza eta Ollarganeko pasabidea konponduko du, horretarako 98.000 euroko inbertsioa eginez.

Zentro Soziokulturaleko hormako baldosak kendu dira eta horma osoa leundu egin da, ondoren margotu ahal izateko. Konponketa honetarako 25.006,65 euro bideratu ditu guztira Arrigorriagako Udalak.

Horma, leunduta // Arrigorriagako Udala

Pasabide eraberritua

Ollarganeko pasabidean ere lanak egiten ari dira, bertako barandak ordezkatuz: “Oso egoera txarrean zeuden barandak, eta aldaketa horrekin indarrean dagoen araudia ere beteko litzateke”, argitu du Udalak. Horrez gainera, pasabidea eta arrapalen zoladura aldatuko dela azaldu du Udalak, “zoru labainkorrak zekarren arazoari irtenbidea emateko, pasabidearen teilatua garbitzeko eta baldosa podotaktila jartzeko”. Zoladuraren aldaketaren ondorioz arrapalak itxi beharko dituzte urtarrilaren 18tik 22ra. Arrapalen zoladura aldatzeko obrek, ordea, ez dute pasabidea itxiaraziko, baina igogailua erabili beharko dela argitu du Arrigorriagako Udalak: “Gainera, igogailuaren irteeran foku bat jarri da, pasabidearen argiztapena indartzeko“. Pasabidearen lanak burutu ahal izateko 73.106,48 euro bideratu ditu Udalak guztira. “Auzotarren aspaldiko eskakizunak dira, eta egoerak ahalbidetu duenean erantzun dugu. Helburua da arriskutsuak izan daitezkeen elementuak ezabatzea, hormaren kasuan bezala, eta auzotarrek asko erabiltzen duten pasabide baten irisgarritasuna hobetzea. Ez da Abusun irisgarritasunarekin lotuta egingo den ekimen bakarra, beharrak askotarikoak eta konplexuak baitira “, azaldu du Idoia Molina Auzoetako eta Hirigintzako zinegotziak.

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak