→Arrigorriaga

Ainize Barea: “Ugaon jokatzen nuen garaia ez nuke ezergatik aldatuko”

Ainize Barea arrigorriagarrak Espainiako Selekzioaren deia jaso zuen irailean lehen aldiz. A Coruñan bere onenak ematen ari da, baina ez du ahaztu Ugaon hasi zela futbolean jokatzen

Ainize Barea / Utzitakoa

Ainize Barea (Arrigorriaga, 1992) Deportivoren emakumezko taldearen historiako golegile nagusia da: 77 partidatan 74 gol sartu ditu. Iaz hirugarren gelditu zen golegileen artean, eta horixe izan da irailaren hasieran Espainiako Selekzioaren deialdian sartzeko arrazoietako bat. Gaur egun Galizian bizi da baina bere futbolari ibilbidea C.D. Ugaon hasi zuen.

Deportivon zure onenak ematen ari zara, baina Ugaon jokatzen zenuen egunetara egingo dugu salto. Nolakoak ziren egun haiek?
Sei urte nituenean Arrigorriagako nesken taldean jokatzen hasi nintzen. Gero C.D. Ugaora joan ginen guztiak jokatzera. Beraz, gauza desberdina zen, hobby bat izango balitz bezala hartzen nuen, ondo pasatzeko jokatzen nuen. Gaur egun ez daukat sentsazio hori, mailaz igotzen duzunean beste ohitura batzuk izan behar dituzu, askoz gehiago zaindu behar zara. Beraz, esaten didatenean arrakasta berandu heldu zaidala, nik ez diot garrantzirik ematen. Ugaon jokatzen nuen garaia ez nuke ezergatik aldatuko. Ugao nire bizitzako taldea da.

23 urte zenituela Ugaon jokatzetik Santa Teresan (Badajoz) jokatzera pasa zinen. Nola sortu zen aukera?
Ugaon Euskal Ligara igotzea lortu genuen eta denboraldiko lehenengo zazpi jardunaldi generamatzan jokatuta. Nirekin jokatzen zuen taldekide bat Santa Teresan egona zen. Berak esan zidan Badajozera joan behar nuela lehen mailan jokatzera. Hasieran ez neukan itxaropen handirik, baina lehen mailako talde batean jokatzeko aukera daukazunean ezinezkoa da ezetz esatea

Nolakoak izan ziren lehen egunak Badajozen?
Hasteko, klima: hemen dugunarekin alderatuz, oso desberdina, bero gehiegi egiten du. Gainera, lehenengo egunetan oso urduri nengoen, hango jokalariak baino gutxiago nintzela sentitzen nuen; azkenean, ia maila erregional batetik nentorren eta lehenengo mailara egin nuen salto. Hala ere, hasieratik oso ondo tratatu ninduten, familia izaera duen taldea da. Talde txikia izanda, lan-taldea jokalarien beharrei erantzuteko dago.

Noizbait pentsatu izan duzu dena utzi eta Ugaora itzultzea?
Lehen ia ez zen dirurik irabazten emakumezkoen futbolean. Beraz, pentsatzen nuen pare bat urtez kanpora joan nintekeela, eta horren ostean, gustura ez banengoen, etxera itzuli: Ugao beti han egongo da. Baina, ikusten duzunean emakumezkoen futbolaren mundua gorantza doala eta handiago bihurtzen ari dela, ideia hori baztertzen duzu. Horraino heldu bazara gorago egin behar duzula pentsatzen duzu. Hortaz, gaur egun ez dut ideia hori nire buruan.

Duela bi denboraldi bigarren mailan jolasten zenuen, eta gaur egun Espainiako Selekzioren deialdietan sartu zara. Pauso handi horrek bertigorik ematen al du?
Belauna apurtu nuenean, 2016. urtean, ez nuen imajinatzen berriz lehen mailako futbolean jokatuko nuenik. Ia herren egotetik selekzioan jokatzera pasa naiz. Hau oso garrantzitsua izan da niretzat, baina azkenean, honen guztiaren atzean esfortzu handia dago. Emakumezkoen liga hobetzen doanez, taldeek prestakuntzan atentzio handiagoa jartzen dute. Nire egunerokotasunean gehien nabaritu dudan aldaketa hau dela esango nuke.

Eta nola heldu zitzaizun Deportivon jolasteko aukera?
Santa Teresatik atera nahi nuen, aldaketa baten beharra sentitzen nuen. Gainera, lesioaren ostean jokatzeko beharra neukan. Sei hilabete neramatzan lesiotik aterata eta futbolean jokatu behar nuen. Deportivon jokatzen zuen jendea ezagutzen nuen eta hango proiektuaz hitz egin nuen beraiekin noizbait. Gainera, lau urte nituenetik etorri izan naiz udan A Coruñara, beraz, etxez aldatzea bezalakoa zen, Galiziara etortzea gauza normala zen.

Iaz 14 gol sartu zenituen.
Azkenean golak boladen emaitzak dira, aurrelari batek jardunaldi asko igaro ditzake golik sartu gabe, baina aldi berean taldeari asko eskainiz. Egia esan, Deportivo hain dinamika onean egoteak asko lagundu dit golak sartzeko orduan. Taldekideei esker hainbat gol aukera sortu ditugu, eta nik horiek aprobetxatu ditut.

Covid-19ak eraginda, Iberdrola ligak ez zuen egun bat finkaturik berriz hasteko; Europako beste liga handi guztiek, ostera, bai. Hau ez errepikatzeko zer egin beharko litzateke?
Jarraitu beharreko protokolo bat ateratzen ez den momentutik badakizu ligaren hasiera atzeratuko dela. Horrelako egoerak ekiditeko, lehenengo pausoa emakumezkoen liga profesionalizatzea izango litzateke, horrela emakumezkoen futbolak pisu handiagoa lortuko luke. Egoera honetan bigarren plano batean egon baikara. Egia da Covid-19ak eragin duen egoera kontuan izanda zortea dugula gustuko dugun honetan lan egin ahal izateagatik, beranduago hasi behar izan arren. Talde xumeetan, C.D. Ugaon kasu, egoera askoz zailagoa da; azkenean jokalariak ez dira futboletik bizi, beste lanbide batzuk dituzte. Beraz, federaziotik esaten denari men egin behar diote.

Hortaz, egoera kaxkarra kontuan izanda, jokalari asko beren ibilbidea bukatu ostean beste zerbaitetan aritzen dira. Zure kasuan aukera hori badago?
Bai, egia da futboletik erretiroa hartu ostean ezin dugula gure ibilbide profesionala utzi. Nik Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasten dut UNEDen. Jokatzen dudan bitartean ikasten jarraituko dut, futbola utzi behar dudan momentuan zerbait edukitzeko. Hala ere, egia esan, nik ez dakit futbolean jokatzeari uzten diodanean zertan ibiliko naizen.

Noizbait Arrigorriagara bueltatuko zara?
Ez dakit, etxetik joan nintzenean burutik pasa zitzaidan behin baino gehiagotan Ugaora edo Arrigorriagara bueltatzea, baina orain ez dakit non bukatuko dudan. Momentu honetan ez dago nire planen artean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak