→Arrigorriaga

Aitor Paredes: “Lehen taldean aritzea ametsa eta saria da. Ez dadila izan saiatu ez naizelako!”

Aitor Paredes // Geuria

Hamarkada bat darama Lezaman. Orain, hogei urteko gaztea lehoi gisa aurkeztu da lehen taldearekin. Athletic bera bere eguneroko bizimodu bihurtu da eta aurten lehen taldearen dinamiketan sartzen hasi da arrigorriagarra.

Aitor Paredesek (Arrigorriaga, 2000) Etorkizun Futbol Eskolan eman zituen lehen pausoak futbolean, eta oso goiz, hamar urte besterik ez zituela, Lezamako ateak ireki zizkioten. Ibilbide luzea egin du dagoeneko eta igarotako kategoria guztietan sendo mantendu da. Euskadiko eta Espainiako Selekzioekin aritu da hainbat alditan eta 2018an Mediterraneoko Jokoetako urrezko domina irabazi zuen. Iazko abuztuan, Lezamara heldu eta hamar urtera, Athleticen lehen taldearekin debuta egin zuen, bere ametsetako bat egia bihurtuz. Egun, Athleticeko bigarren taldean aritzen da, onenen artean bere tokia bilatzeko bidean.

Bizitza erdia Athleticen eman duzu. Ez da unerik aproposena ospakizunetarako, baina pozik, ezta?
Hamar urte daramatzat lehen taldearekin jokatzeko bidea eginez, eta eguna iristen denean, lagunarteko partidu batean izan arren, ilusio handia egiten du. Esperientzia izugarria izan da eta oso pozik nago. Alebinetan sartu nintzenean oso urrun geratzen zen lehen taldea. Asko kostatu zait nagoen lekuraino iristea, baina jasotzen dudan babes guztiarekin, lan handiarekin eta apaltasunez, ia hor nago, pausotxo batera! Lehen taldekoekin entrenatzea, aldagela partekatzea… saria da niretzat. Maila goreneko dinamikekin konparatzeak ni neu nola nagoen ikusteko balio dit. Ez dakit haiekin berriro noiz jokatuko dudan, baina unea heltzen denean prest egongo naiz.

Nola hartu zaitu lehen taldeak?
Athletic herriko klub bat da, zorte handia dugu plantillaren erdia harrobitik datorrelako. Bertan daudenek badakite zer den lehen taldera igotzea, gehienek esperientzia hori bizi izan dutelako eta, kapitainek batez ere, eskua luzatu, taldean hartu eta integratzen lagundu didate. Iazko Bilbao Athleticeko jokalari batzuk ezagutzen nituen, eta ondo moldatu naiz haiekin lehendik geneukan harremanagatik eta nire adinetik hurbilen daudenak direlako. Harrobiko jendearekin ere oso harreman ona izan dut, badakitelako zer den lehen aldiz han egotea. Lezamara Asier Villalibrerekin joan naiz zenbaitetan. Bera ere oso gertu izan dut hasieratik.

Erreferentea bihurtu zara pertsona askorentzat eta suposatzen dut herrian ere zaleak izango dituzula
Umeek bereziki flipatu egiten dute, kar kar kar! Baina, tira, normaltasunez hartu behar dugu guztiok. Finean, futbolean jokatzen duen herritar bat naiz. Zorionez ondo aritzen naiz futbolean eta horregatik ezagunagoa naiz. Hala ere, saiatzen naiz futbolagatik bakarrik ez nazaten ezagutu, baizik eta Arrigoko betiko mutila izateagatik, lagunartekoa, irekia… Eta bai, herritarren beroa nabaritzen dut eta eskertzekoa da. Espainiako selekzioarekin jokatu nuen batean, partida Aldapa tabernan jarri zutela esan zidan amak, nik jokatzen nuelako eta ni ikusteko. Hor babes handia dagoela sumatzen da. Orokorrean esango nuke jendea ez dela ausartzen niri zuzenean zerbait esatera, baina batzuk bai, nire mugimendu guztiei adi daude eta beti agurtzen naute. Nire familiaren eta lagunen sostengua ere badut. Athleticekin Ligako bi partidutara joan nintzen eta partida bakoitzeko bi kamiseta oparitu zizkidaten. Kuadrillakoei oparitu nizkien eta tabernara partidak ikustera joaten diren bakoitzean jantzi egiten dituzte. Asko gustatzen zaie nabarmenkerietan ibiltzea!

Zure herriarekin lotura handia izaten jarraitzen duzu
Orain, Covid-19agatik, ez naiz kalera hainbeste ateratzen, denbora gehiago ematen dut etxean. Ez kutsatzea garrantzitsua da, arduratsuak izan behar gara; gure kasuan, esaterako, talde osoa arriskuan ez jartzeko. Baina bai, nire egunerokoa hemen egiten dut. Lagunak eta familia Arrigorriagakoak dira eta, egia esan, izugarri gustatzen zaidan herria da.

Nolakoa da Athleticen lehen eta bigarren taldeen erdibidean egotea?
Bada, egia esan, aurten jabetu naiz lehen aldiz oso modu normalean eramaten dudala. Athleticen mailaz maila igo naiz eta erritmo hori barneratu dut. Badakit erokeria bat eman dezakeela, baina ohitu egin naiz. Hamar urte urte asko dira, beraz, bizimodu normalarekin jarraitu dut eta kito. Goizetan entrenatzen dugunez, nekeza egiten zait unibertsitateko lanak aurrera eramatea, baina uztartzen ahalegintzen naiz etorkizunean karrera bat izateko. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziako gradua ikasten ari naiz Deustun, eta ikasgaiak apurka-apurka gainditzen saiatzen ari naiz. Badakit futbolari baten ibilbidea laburra dela: di-da pasatzen da, ‘orain’ edo ‘inoiz ez’ terminoetan izaten dela askotan. Hori dela eta, azkenaldian, burua futbolean dut ikasketetan baino gehiago, baina hauek aparte utzi barik. Denbora gehiago ematen dut nire egoera fisiko eta mentala zaintzen unibertsitatean baino, futbolean gora egiteak dakarren saria handia baita.

Zer nolako eragina izan du pandemiak zugan?
Eragina izan du, denongan, hori argi dago, baina horretara ohitu gara eta aurrera egin dugu. Egia esan, konfinamendua ondo etorri zaidala uste dut: hasieran, etxean gogor entrenatzen jarraitzeko garajean sartu eta hormatik hormara korrika egiten nuen; gero, baliabide gehiago eman zizkidan bizikleta estatiko bat bidali zidaten. Nabarmenduko nuke pandemiak nutrizionalki zaintzen lagundu didala, oreka mantentzen eta zorrotzagoa izaten: ez nuen play off-a bost kilo gehiagoko motxilarekin jokatu nahi! Protokoloei dagokienez, asko aldatu da. Ariketak amaitzean maskarak erabiltzea nahitaezkoa da eta, azkenean, ahalik eta kontaktu gutxien izateko beharrezkoak diren neurriak mantentzea. Garrantzitsua da ematen dizkiguten argibide guztiak betetzea; hala, positibo bat egotekotan, federazioak gainerakooi entrenatzen jarraitzen uzten digu, jakina, proba bat egin ondoren.

Paredes, entrenamendu saioetan // Athletic Club

Eta noizbait futbolari gisa duzun karrera profesionala bukatuko balitz…
Inoiz ez dut pentsatu hain azkar amaitu daitekeenik. Behin puntu horretara iritsita berriz altxatzea oso zaila dela uste dut. Beti saiatzen naiz, jokatu edo ez, aurrera egiten, baikorra izaten eta egunero gogor entrenatzen. Gurasoen babesak asko laguntzen dit psikologikoki, beharrezkoa da gauzak bide onetik aldentzen direnean. Oraintxe bertan nire futbolari ibilbidea amaituko balitz, ikasketetan murgilduko nintzateke buru-belarri, kirolaren munduan jarraitzeko, ikasten ari naizena izugarri gustatzen zaidalako. Osasunaren esparrura hurbiltzea gustatuko litzaidake: prestatzaile fisikoa, berregokitzailea, nutrizionista, fisikoa… baina beti kirolaren munduan. Energia handiko pertsona naiz eta batetik edo bestetik energia bideratu behar dut!

Eta bihartik aurrera, zein izango da Aitor Paredesen ibilbide profesionala?
Auskalo! Ondo bidean, gustatuko litzaidake Athleticen lehen taldean geratzeko aukera izatea, bertan arrakasta izatea. Txiki-txikitatik neukan ametsa egia bihurtzen ari dela dirudi, baina beti hankak lurrean: duela urte batzuk denboraldi kaxkarra egin nuen eta baja emango zidatela uste nuen. Buruari buelta asko ematen dizkiozu, batzuetan ez dakizu zer egin Lezamatik kanpo. Orain, ostera, dena ematen ari naiz. Ez dadila izan saiatu ez naizelako!

Baina, tira, hogei urte besterik ez eta ibilbide oparoa egin duzu.
Inoiz pentsatzen ez ditudan gauzak dira. Orain Lezamara heldu nintzen lehen eguna gogoratzen dut eta milaka urte pasa direla dirudi. Lehen aipatu bezala, honaino iristea ametsa da niretzat eta ibilbide osoa gogoratzea gustatuko litzaidake. Entrenatzaile guztietatik ikasitako zerbait dut nirekin. Adibidez, oso oroitzapen onak ditut Etorkizunen hasi nintzenean. Zorionez, entrenatzaile apartak izan nituen, nigan zerbait ikusi zutenak, eta eskertu nahi diet. Eskolarekin harremanetan jarraitzen dut, asko zor diet, baina dudan denbora eskasarekin ezin dut nahiko nukeen guztia lagundu. Ahal dudanean handik pasatzen naiz eta nire hondar aletxoa ematen saiatzen naiz. Javik asko eskertzen dit! Betiko lagunekin hasi nintzen, primeran pasatzen genuen eta nire bizitzako uneren batean hura berriro bizi nahiko nuke. Hori gustatuko litzaidake: une batez, profesionaltasunaren seriotasun guztia ahaztu eta lagunekin futbolaz gozatzera dedikatu.

Zer aholku emango zenieke kirol honetan hasten diren neska-mutilei?
Ondo pasa dezatela. Ez dezatela presiorik izan eta goza dezatela, oso kirol polita baita. Eta profesionalizatzeko uneak iritsi behar badu, iritsiko da, baina gozatu dezatela puntu horretaraino heldu arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak