→Arrigorriaga

AP-68 autopista Arrigorriaga aldean itxiko dute Supersurreko obren garraio-lan bereziak egiteko

Kamioi batzuk, AP-68 autopistan // Geuria

Asteazken eta osteguneko gauetan (gaur eta bihar, alegia), 22:00ak eta 06:00ak bitartean Buia eta Arrigorriaga arteko 4,5 kilometroko zatia itxi egingo dute Supersurreko lanetarako garraio-lan bereziak egiteko. Ibilgailu batzuek Supersur zubibideko metalezko pieza batzuk garraiatuko dituztela jakinarazi du Foru Aldundiak, Buia Benta Altuko AP-68 gaineko zubibideko lanetarako.

Hori dela eta, A8tik Zaragozarako norabidea jarraituko duten gidariek 111 ‘Arrigorriaga-Burgos’ irteera erabili beharko dute. Ondoren, Bi-625 errepidetik Arrigorriagako biribilgunera gidatu beharko dute. Bertan izango dute AP-68ari berriro heltzeko aukera.

MHSarekin lotura

Garraio berezi hauetan  Buia Bental Altuan AP-68 autopistaren gainean eraikiko den zubibidearen metalezko piezak garraiatuko dira. Berez, Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea AP-68 autopistarekin lotuko du Foru Aldundiak 197 metroko zubibide honen bidez. Pasa den urrian, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatu Imanol Pradalesek azaldu zuen MHS azpiegitura estrategikoa izango dela Bizkaiarentzat: “Izan ere, irtenbidea eskainiko die Bilbo metropolitarreko trafiko kongestioei, eta hobetu egiten ditu lurraldeko jarduera ekonomikoaren polo nagusien arteko errepideko konexioak”. MHS eta AP-68 autopista uztartuko dituen zubibidea mesetaren eta mediterranioko korridorearen arteko lotura egiten duen gaitasun handiko bide nagusia dela azaldu du Foru Aldundiak.

 

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak