Sareak

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Arrigorriagako Euskal Azokak Zeberio eta Ugaoko nekazal produktuak ekarri ditu

|

Pasa den igandean Euskal Astearen barne Euskal Azoka antolatu zuen Arrigorriagako Udalak, udaletxeko arkupean bertan. Hainbat ekoizle izan ziren euren nekazal produktuak saltzen, eta euren artean Zeberioko Aitor Azkueta eta Ugaoko Esnetik enpresako Olatz Etxebarria gaztagileak izan ziren.

Koronabirusak benetan gogor astindu du nekazaritzako sektorea, eta aurten, zonaldeko ekoizleei laguntzearren edizio benetan berezia antolatu zuen pasa den igandean Arrigorriagako Udalak. Azokak 11:00etan ateak ireki bazituen ere, jendea eguerdi aldera hurbiltzen hasi zen udaletxeko plazara eta nekazal produktuak ikusi eta erosi ahal izateko azokako antolatzaileek ezarritako segurtasun zirkuitua jarraitu behar izan zuen, eskuak gelez behar bezala garbitu ostean. Euskal pastelak, barazkiak, ogiak, gaztak eta esnekiak… denetarik egon zen salgai bertan. Azokaren sarreran ere Euskaraldiko postu bat ipini zuten, nahi zuenak ekimenean izena emateko. Gogoratu, hala ere oraindik izena eman dezakezula Euskaraldiko webgunean.

Aurtengo azokan kupelarik edo dastaketarik egon ez arren, 14:00etan mariskada-zozketa egin zuten udaletxe parean.

 

Arrigorriagako Euskal Azoka 2020 / Geuria

 

Bideoa | Koronabirusak Arrigorriagako Euskal Azoka baldintzatu du aurten

☉ Arrigorriaga

Garrikoko hiru arrigorriagar gazte Espainiako Taekwondo Txapelketarako sailkatu dira

Borroka-txapelketak Bilboko Miribilla frontoian egin dituzte joan den asteburuan eta Arrigorriagako Taekwondo CD Garrikok bederatzi domina eskuratu ditu guztira

|

Garrikoko 21 urtez azpiko taldea // CD Garriko

Joan den asteburuan, martxoaren 16an, Tekwondoko borroka-txapelketa bi egin dituzte: Euskadiko 21 urtez azpikoa eta Bizkaiko Kadete Txapelketa. Biak Bilboko Miribilla frontoian egin dituzte eta Arrigorriagako Taekwondo CD Garrikok bederatzi domina eskuratu ditu.

Izarbe Cimadevilla (Arrigorriaga, 2006), Maider Castro (Arrigorriaga, 2005) eta Daniel Zaldivar (Arrigorriaga, 2005) kirolariek urrezko hiru domina eta Naroa Ballestero (Bilbo, 2007) eta Airon Berrocalek (Arrigorriaga, 2007) zilarrezko bi eskuratu dituzte 21 urtez azpikoen Euskadiko Txapelketan. Honek esan nahi du hiru kirolari hauek ekainean egingo duten Espainiako Txapelketarako sailkatu direla zuzenean: “Egia esateko, emaitza onak espero genituen txapelketa honetan”, azaldu dio GEURIAri Jon Garnika CD Taekwondo Garrikoko entrenatzaileak. “Urrezko hiru domina izan dira eta zuzenean goaz Espainiako Txapelketara gure kirolariekin”.

Jon Garnika: “Egia esateko, emaitza onak espero genituen txapelketa honetan”

Garrikoko Kadete taldea // CD Garriko

Bizkaiko Kadete Txapelketan bronzezko lau domina eskuratu dituzte Elene Llorentek (Arrankudiaga, 2012), Oier Pereak (Arrigorriaga, 2010), Antxoka Portugalek (Arrigorriaga, 2011) eta Paule Sagredok (Galdakao, 2011) . Emaitza honek ezustean harrapatu du Garrikoko entrenatzailea: “Taldea oso gaztea da eta emaitza oso ona izan da”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Athleticeko jokalariak gabarran ikusi nahi dituzu?

Sergio del Álamo Izquierdo arrigorriagarrak eraikitako Athleticen gabarra Bilboko FNACen dago erakusgai

|

Sergio, Bilboko FNAC dendan // Geuria

Zer gertatuko litzateke Athleticek Kopako finala irabaziko balu? GEURIA simulazio baten lekuko izan da Hego Uribeko herritar baten eskutik. LEGOak betidanik gustatu bazaizkio ere, 2008an hasi zen Sergio del Álamo Izquierdo (Arrigorriaga, 1981) zaletasuna hurrengo mailara eramaten. Azken erronka Athleticen Bilboko gabarra bera eraikitzea izan da, Mallorcaren aurka Sevillako La Cartuja estadioan jokatu beharreko Kopako finalaren haritik. Athleticeko ontzi mitikoa, eskala txikian bada ere, xehetasunez beteta dago eta kubiertan taldeko jokalari gehienak ageri dira: Muniain, Bufalo, Williams anaiak…

Ontzia eraikitzeko lau egun eman ditu Arrigorriagakoak eta egun hauetan Bilboko FNAC dendan ikus daiteke (Urkixo Zumarkalea, 4, Abando). Gabarra sortu ahal izateko 1983ko argazki historikoetan lortu du inspirazioa: “Lan hau egiteko ez dut inolako argibiderik izan”, aitortu du del Álamok. Izan ere, LEGOko jostailu jakin bat ez bezala, gabarrako pieza guztiek bat egiteko arrigorriagaren beraren sormen lana dago eta LEGOko beste jostailu batetik ateratako piezak erabili ditu elementu jakin batzuk eraikitzeko, gabarrako atzealdean dauden arrabolak kasu: “Pieza horiek neure kabuz bilatu nituen”, dio Sergiok.

Bilboko FNAC dendaren bihotzean ikus daiteke Sergioren arte lan hau, merchandising zonaldeko iragabidearen erdi-erdian. Bertan elkartu gara Sergiorekin eta gabarra beira-arasatik atera digute ontziaren xehetasun guztiak gertutik ikusteko: “Gabarrako kroskoa egiteko etxean nuen itsasontzi baten aurrealdea erabili nuen oinarri modura”, azaldu du.

Sergio del Álamo: “Lan hau egiteko ez dut inolako argibiderik izan; 1983ko argazkietan oinarritu naiz”

Museo-tailerra etxean

Sergiok milioika LEGO pieza ditu etxean eta horiekin eraikuntza ikaragarriak sortu ditu: Back to the Future edo Gohstbusters filmetako autoak, mundu osoko jauregi famatuak, argazki kamerak, VW furgoneta klasikoak… eta baita hurbilago topa daitezken lekuak eta elementuak ere: Artxandako jolas-parke ohia eta Arrigorriagako zubia, udaletxea eta herriko hainbat eraikuntza esanguratsu, besteak beste.

Sergio, etxeko estudioan duen Arrigorriagako eraikuntza batzuk biltzen dituen maketa batekin // Geuria

Arrigorriagako auzotarrak LEGO jolas ugari erosi ditu bizitzan zehar (lehen eta bigarren eskukoak), baina gainera, piezak solte erosten ditu sarritan eta horiek guztiak egongelako bazter batean behar bezala antolatutako kaxoi batean sailkatuta ditu. Egongelaren bestaldean bilduma piezak gordetzeko hiru beira-arasa ditu Sergiok eta bertan, LEGO piezekin eraikitako sorkuntzez gainera Playmobilak eta MicroMachineak topa daitezke, besteak beste.

Bere zaletasunean inbertitutako diruaz galdetzean, Sergio ez da gai kopuru bat esateko, eta erreferentzia modura armairuan dituen jauregi guztien artean Frank Lloyd Wright arkitektoaren Robie Housea aipatzen du: “200 euroren truke erosi nuen jauregia. Gaur egun bere prezioak nabarmenki egin du gora”.

LEGOren Hispalug komunitateko parte da Arrigorriagakoa. Gaur egun 125 pertsonek osatzen dute talde hau eta horietako 84k ordainpekoak dira eta horien artean dago Sergio.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Arritxikerrakeko haurrek M8ko Kantu Martxa Feministan hartu dute parte

19:00etan, herritarrek, haurrekin batera, eta alboko herrietako auzotarrek Kantu Martxa Feministarekin bat egin dute

|

Martxa, Severo Otxoa kalean barrena // Geuria

Aurtengo M8a berezi xamarra izan da Arrigorriagan. Urruma Asanblada Feministak Kantu Martxa Feminista antolatu du berritasun modura (Udalaren babesagaz), eta horrez gainera, Arritxikerrak dinamikako haurrek ere parte hartu dute aurtengo ekimenean, gaur bertan GEURIAn aurreratu lez.

17:30ean antifazak sortzeko tailerra prestatu dute Arritxikerrakoek udaletxeko arkupeetan eta umeak etxeko mozorroekin hurbildu dira bertara. 19:00etan, herritarrek, haurrekin batera, eta alboko herrietako auzotarrek Kantu Martxa Feministarekin bat egin dute.

Urrumak Arrigorriagarekin batera antolatutako “manifestazioa” izan da Kantu Martxa Feminista: “Gaurkoa ez da manifestazio arrunta izango”, azaldu zioten GEURIAri duela egun batzuk Berdintasun Sailetik. “Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”.

Eta hala izan da: manifestazioa 19:00etan hasi dute herritarrek “Buruko nahaste bera duten lagunak izateak ez du preziorik!!” lelopean. Baina jendea udaletxe ondoko biribilgunera heldu denean Lehendakari Agirre parkera desbideratu da eta bertan kantu eta dantzan aritu dira.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arritxikerrakek Arrigorriagako Kantu Martxa Feministarako antifazak prestatuko ditu haurrekin gaur

Helburua udaletxeko arkupeetan biltzea da 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako martxa feministarako mozorroak prestatzeko

|

Mozorrotutako herritar bat, haur batekin, 2022ko M8an // Geuria

Gaur arratsaldean, 19:00etan hasiera emango diote M8ko Arrigorriagako Kantu Martxa Feministari. Jarduera hasi baino lehen, 17:30ean, Antifazak prestatzen izeneko jarduera prestatu du Arrigorriagako Arritxikerrak-ek 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat.

Helburua udaletxeko arkupeetan biltzea da martxa feministarako mozorroak prestatzeko: “Ekarri etxetik txanoak edo bestelako osagarriak umeak nahieran janzteko”, azaldu dute Arritxikerrak-etik.

Kalez kale, kantu kantari

Kantu Martxa Feminista Urruma Mugimendu Feministak antolatu du “Buruko nahaste bera duten lagunak izateak ez du preziorik” leloarekin eta Arrigorriagaren babesa izango du.

“Gaurkoa ez da manifestazio arrunta izango”, azaldu dute Berdintasun Sailetik. “Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”.

Ibilbidea udaletxeko plazan hasiko dute 19:00etan eta herritarrak “mozorrotuta” parte hartzera gonbidatu dituzte (pelukak, lepokoak, apaingarriak…). “Emakumeak elkartzeko helburuarekin antolatu dugu Kantu Martxa Feminista aurten”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kamioi batek bobina bat galdu eta auto ilarak sortu ditu Bi-625 errepidean, Arrigorriagan

Ertzaintza errepidean dago momentu honetan trafikoa erregulatzeko lanetan, kamioak galdu duen karga momentura arte ez dutelako errepidetik kendu

|

Kamioi bat, istripua gertatu den Bi-625 errepidearen inguruetan // Geuria

Gaur goizean, 10:50ak aldera, Bi-625 errepidetik zebilen kamioi batek bobina bat galdu du eta errepidean bertan geratu da. Gertakariak ez du zauriturik utzi, baina bai ordea auto ilarak, errepidearen noranzko bietan.

Ertzaintza errepidean dago momentu honetan trafikoa erregulatzeko lanetan, kamioak galdu duen karga momentura arte ez dutelako errepidetik kendu.

Osorik irakurri