→Arrigorriaga

Arrigorriagak A25, Euskararen Nazioarteko Egunaren eta Migraziorako Euskal Itun Sozialak onartu ditu

Arrigorriagako Udalarentzat “hiru puntu garrantzitsu” onartu zituzten joan den azaroaren 25eko Udalbatzan: 2021eko azaroaren 25eko eta Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpenak eta Migraziorako Euskal Itun Soziala.

Osoko bilkura ostean Urruma Asanblada Feministak antolatutako elkarretaratzea, udaletxeko arkupean // Geuria

Arrigorriagako Udalarentzat “hiru puntu garrantzitsu” onartu zituzten joan den azaroaren 25eko Udalbatzan: 2021eko azaroaren 25eko eta Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpenak eta Migraziorako Euskal Itun Soziala.

2021eko azaroaren 25eko adierazpenari dagokioenez, Gobernu taldeak udalerrian indarkeria matxista desagerrarazteko neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen, honako helburuak jarraituz, besteak beste: “Indarkeria bikarioa ikusarazten eta behar bezala artatzen laguntzea; emakumeentzako ahalduntze-espazioak sustatzea; Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea; Udal langileak berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea edo eskolan eta institutuan prestakuntza sustatzea”. Adierazpena aho batez onartu zuten Osoko bilkuran.

Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpenak NOA taldearen abstentzioa izan zuen. Udalak “erakundeek euskara lehentasunez erabiltzea, komunikazio guztietan euskararen erabilera bermatzea, Arrigorriagako enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea” bezalako konpromisoa azaldu zuen.

Migraziorako Euskal Itun Sozialak NOA alderdiaren abstentzioa izan zuen ere. Adierazpen honen helburu etikoa migratzaileen premien aurrean erantzun solidarioa eta arduratsua indartzen laguntzea dela azaldu du Udalak: “Prebentzio-helburua, populismoen eta asmo xenofoboak antzu bihurtuko dituen zeharkako batasun sozial eta politikoa eratzea da”.

Azaroaren 25eko Osoko bilkura 17:00etara aurreratu zuen Arrigorriagako Udalak, eta ordubeteko saioaren ostean Urruma Asanblada Feministak elkarretaratzea egin zuen udaletxeko arkupean bertan, herriko bestelako eragileekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak