→Arrigorriaga

Aitor Albizua arrigorriagarrak EiTBko ‘Nos Echamos a la Calle’ programa aurkeztuko du

Arrigorriagako Aitor Albizua kazetariak (Arrigorriaga, 1992) ‘Nos Echamos a la Calle’ programa aurkeztuko du ikasturte berriari hasiera emanez.

Aitor Albizua // EiTB

Arrigorriagako Aitor Albizua kazetariak (Arrigorriaga, 1992) EiTBko ‘Nos Echamos a la Calle’ programa aurkeztuko du ikasturte berriari hasiera emanez. Castinga egin eta gainditu ostean, arrigorriagarrak proba batzuk egin ditu kamera aurrean eta Madrilen 11 urtez bizi ostean Donostiako Miramonera joango da proiektu berri honi ekitera: “Oso proiektu berezia izango da niretzat, urte asko pasa ditudalako Madrilen eta Arrigorriagatik gertuago egongo naiz iraila erditik aurrera”, azaldu du kazetariak.

“Betidanik irratian egin dut lan eta kamera aurrean jarri eta bizpa hiru orduko programa bat aurkeztea sekulako erronka da niretzat”. Albizuak azaldu du bera zein lantaldea urduri daudela, eta proiektu berri honek ilusio handia egiten diela.

Herria, zuzeneko protagonista

Saioaren emisioa irailaren 13an hasiko da 17:30etatik aurrera eta betidaniko magazinen formatutik ihes egingo duela aurreratu du Aitorrek: “Programa berezia izango da, Euskal Herritarrek ahotsa izango dutelako bertan: herritarren istorioak eta iritziak ikusi eta entzungo ditugu; ez da gaurkotasunaren inguruko programa hutsa izango, betiko pertsonen terturliarik egongo ez delako. Egotekotan biztanle anonimoei egindako elkarrizketak lirateke”.

Astean zehar Euskal Herrian gertatzen diren istorioak kontatuko dituzte bertan, saio bakoitza lurraldeko herri batean hasiz. Ekologismoa edo aldaketa klimatikoa bertan landuko diren gaiak izango dira, besteak beste. “Plato kanpoan denbora gehiago emango dugu barruan baino eta ikusleak ez dira elkarrizketaren kanpo sentituko; elkarrizketatu anonimoak ‘tertulia’ horren protagonistak izango dira, genero eta adin ezberdinetakoak”.

Aitor Albizua // Utzitakoa

Formatu aldaketa honek irratiarekin zerikusirik ez duela azaldu dio Aitorrek Geuriari: “Bakeroekin, kamiseta batekin eta zapatilla batzuekin heltzen nintzen irratira egunero. Bakoitzak bere gidoi propioa idazten du irratian eta horrez gainera produkzio lanak egiten ditu kazetariak: gonbidatuei taxia eskatu, musika deskargatu… zuzenekoetan gidoia, teknikaria eta produktorea daude irratian, lantalde txikia izan ohi da normalean”.

Castingeko eta kamera aurreko probak egin ostean, Aitor telebistak duen lan talde handiaz ohartu zen: “Makilladoreak, ileapaindegikoak, argiztapeneko eta soinu-teknikariak, kamerak, regidorea, produktorea… kazetari lana askoz zehatzagoa da, kamerari begira eta gidoia jarraituz zein inprobisatuz irribarreak botaz”, aitortu du kazetariak. “Irratian baino elementu askoz gehiago daude kontrolatzeko telebistan”.

Aitor Albizua // Utzitakoa

Irratian eta orain telebistan, Albizuak kazetarientzat formatu aldaketa hori “gomendagarria dela” aitortu du, horrek azken batean kurrikuluma zabaltzen duelako: “Kazetaritzaren errealitatea benetan kaxkarra da: era honetako proiektuetan lan egiteko aukera oso gutxi daude, eta bat agertzen denean, shockean geratzen bagara ere horri heldu behar diogu. Prekarizazio handiko sektorea dugu informazioarena”.

Donostiako Miramonen lan egiten hasiko den arren, kazetariak ez du irratia behin betirako utzi; barikuetan Cadena Sereko ‘Hoy Por Hoy’ saioko atal txiki batean behar egiten jarraituko du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak