→Arrigorriaga

Alex Regalado arrigorriagarrak bigarren postua lortu du Euskadiko Matematikako Joko Olinpikoetan

Arrigorriagako institutuko Alex Regalado Peñak (Arrigorriaga, 2009) bigarren postua eskuratu du Euskadiko Matematika Joko Olinpikoetan. Arrigorriagarrak esperientzia “itzela eta polita” bezala definitu du Bilboko Miguel de Unamuno institutuan joan den maiatzaren 14an bizitakoa

Alex Regalado // Utzitakoa

Arrigorriagako institutuko Alex Regalado Peñak (Arrigorriaga, 2008) bigarren postua eskuratu du Euskadiko Matematika Joko Olinpikoetan. Arrigorriagarrak esperientzia “itzela eta polita” bezala definitu du Bilboko Miguel de Unamuno institutuan joan den maiatzaren 14an bizitakoa.

Regaladok azaldu du ordu bi izan zituela lau ariketa egin ahal izateko: “Onena, klasean lantzen diren matematikak ez bezalakoak izan direla: kalkulagailua erabiliz eragiketak pentsatu behar izan ziren, horretarako formula egokiak aplikatuz”, azaldu du Arrigorriagako institutuko ikasleak. Probetan zenbakiekin jolastu, zotzen eskailera baten zenbakiak iragarri, ekuazioen bidez zirkulu batzuen balioak asmatu eta sei aldeko poligonoen aldeak deszifratu behar izan zituen formula egokiak erabilita.

Matematikak momentu oro erabiltzen dituela aitortu dio gazteak GEURIA komunikabideari: “Esaterako, mugikorrarekin jolasean nagoenean ere matematikek garrantzi handia dute, gehienetan denborak rol garrantzitsua jokatzen duelako bertan, eta baita etxeko hainbat gauza burutzeko ere”. DBHn egonda eta etorkizuneko ikasketen inguruan galdetzean, Alexek dio matematika, programazioa edo filosofiarekin lotura duten ikasketak egitea gustatuko litzaiokeela, “momentuz oso argi ez badaukat ere”.

Eman beharreko hurrengo pausoa Lakuara (Gasteiz, Araba) joatea da, irabazitako saria jasotzera. Eta bidaiaren kontua geroago dator: “Londresera joango naiz, 20 egun, ingelera ikastera. Horrela, praktika hartuko dut tituluren bat eskuratu ahal izateko”, aurreratu du ikasle gazteak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak