→Arrigorriaga

Angela Martin Ortega: “Zure bizitza maletan sartu eta, bat-batean, oporretan ez zoazela ohartzen zara!”

Etxetik kanpo ikasteko erabakia hartu du Angela Martin Ortegak. Arrigorriagatik Bartzelonara joan da filologiako ikaslea, baina bere hitzak bueltan datoz gurera.

Angela Martin Ortega arrigorriagarra Bartzelonan dabil filologiako ikasketak egiten // Utzitakoa

Etxetik kanpo ikasteko erabakia hartu du Angela Martin Ortegak. Arrigorriagatik Bartzelonara joan da filologiako ikaslea, baina bere hitzak bueltan datoz gurera. Honakoa da June Montero Viguera ikasleak idatzi eta GEURIAk argitaratuko dituen ‘Banoa. Herritik urrun, ahotsak hurbil’ elkarrizketa sortaren lehena

Erasmusa bezalako Europa mailako ikasketa programak ez dira batere ezezagunak; SICUE berriz, estatu mailako proposamena izanda, itzalpean geratzen da. Euskal Herriko Unibertsitateko ikaslea den Angela Martin Ortegarekin (Arrigorriaga 2001) elkartu gara honako honetan. Bartzelonatik hitz egin digu Angelak, ikasturtearen lehen hilabete hauetako esperientzia kontatuz, itzalpean dagoen aukera hori argitzeko helburuarekin. Arrigorriagako gazteak bi urte igaro ditu Gasteizen hispaniar filologia ikasten, baina aurten Bartzelonako Unibertsitatera egin du salto. Penintsularen lepoaren beste puntara joan da, Sagrada Familiaren, Auzo Gotikoaren eta Ravalaren hirira, topikoak baztertu eta metropoli izugarri horretako biztanle bihurtuz. 

Zure bizi guztia Arrigorriagan igaro ondoren, zaila dirudi Bartzelonara joan eta horrelako hiri batek dituen aukera eta ezaugarri berri guztietara ohitu behar izateak, aldi berean, ezaguna eta ohikoa dena urte oso batez atzean utzita.
Aldaketa handia dirudien arren, ikasketak direla-eta Gasteizen bizitzen igaro ditut ia azken bi ikasturteak, eta horrek aukera eman dit egoera honi beste era batean aurre egiteko. Izan ere, ez da bat-batekoa izan, pausoz pauso hasitako bidea baizik, eskailera bat izango balitz bezala. Beste alde batetik, ordea, Gasteizen egoteak astebururo etxera itzultzeko aukera ematen zidan, nire familiaren eta lagunen babes zirkulu horren barnean jarraitzen nuelarik. Gainera, etxetik hurbil egoteaz gain, kulturari eta jendeari dagokionean ez nuen aldaketa handirik jasan. Bartzelonan, berriz, ez dut nahi dudanean familiaren babespera itzultzeko aukerarik, guztiz urrun nago, ezezaguna den hiri batean. Hala ere, pentsatzen nuena baino arinago eta hobeto ari naiz ohitzen bizitza berri honetara.

Egokitze prozesu honetan, Bartzelonan bizitako lehen hilabeteak izanda, etxera itzultzeko gogorik izan duzu? Horrela, zure ongizate-zonan egun batzuk igaro eta berritasun horren guztiaren aurrean arnasa hartu ahal izateko.
Gogoan dut heldu nintzenetik ez dudala etxera itzultzeko beharrik izan. Guztiz kontrakoa gertatu zait, Arrigorriagara bueltatzeko aukera neukan, hirugarren asterako autobus txartela erosita bainuen. Azkenean Bartzelonan geratzea erabaki nuen, oso gustura nengoelako hemen. Orain, jada hilabeteak aurrera doazelarik, herrimina sentitzen ari naiz, bereziki bertako giroa, oso gustura sentiarazten nauena, faltan botatzen dudalako. Etxera itzultzeko irrikan nago, baina ez behar dudalako, nahi dudalako baizik. Bizipen hau akademikoki zein pertsonalki hazteko aukera gisa ikusten dut, baita heldu bihurtzeko pauso gisa ere. Gainera, txikitatik ezagutzen dudan lagun batekin etortzeko aukera izan dut. Esperientzia berri honi biok batera egin diogu aurre eta azken finean bera abentura honetan nire bidaide izateak indar handia ematen dit. Arrigorriagatik nire etxearen zatitxo bat ekarri dut berarekin eta askoz errazagoa izan da biontzat. 

Erasmusak askotan protagonismoa kentzen dio SICUE programari, Europako edo  Latinoamerikako herrialdeetara bizitzera joateko aukeraren aurrean, ikasle askok ezikusia egiten diote estatu barnean geratzeari. Zerk bultzatu zintuen zure norako gisa Bartzelona eta bertako unibertsitatea aukeratzera?
Hasieran Erasmusa egitea pentsatu nuen arren, azkar baztertu nuen ideia, hispaniar filologia ikasten ari naizenez akademikoki hazteko aukera askoz gehiago eskaintzen dizkidalako Bartzelonakoa bezalako unibertsitate batek. Beraz, argi neukan SICUE programa aukeratuko nuela. Unibertsitate hau aukeratzerako orduan, berriz, arreta gehien deitu zidana filologiako fakultatearen eraikina izan zen, oso ederra baita eta luxu bat da horrelako leku batean ikasteko aukera izatea. Honetaz gain, Kadiz eta Girona nituen aukera gisa, baina azkenean, Bartzelonako Unibertsitateko plaza lortu nuen eta ez naiz batere damutu hartutako erabakiaz. Irakasleak oso hurbilekoak dira, ikasleon lana gogoan hartzen dute eta ez naiz zenbaki huts bat izango banintz bezala sentitzen. Oso eroso nago bai irakasle zein ikasleekin eta klasean  dagoen giroak beldurrik gabe parte hartzeko aukera ematen dit.

Hiriari dagokionean, Bartzelona aukeratu nuen aukera ugari eskaintzen dituen metropolia delako. Bestalde, urteak daramatzat antzerkia egiten eta hemen aktore gisa trebatzeko alternatiba asko ditut. Beste edozein leku txiki geratuko zitzaidala uste nuen. Izan ere, nahiz eta Kadiz bezalako hiri bat bigarren aukera gisa izan, Bartzelonaz nekatzea askoz zailagoa izango litzatekeela sentitzen nuen, etengabe txoko eta pertsona berriak ezagutzeko aukera eskaintzen duelako. Madril ere, handitasunari begira norako aproposa izan zitekeen, baina Bartzelona askoz interesgarriagoa iruditzen zitzaidan, pentsamolde irekiagoa dutelako. Hiriaren arima kosmopolita horrek erakarri ninduen, leku hain handi batean bizitzeak dakarren esperientziak nire izaera aberastu dezakeela uste baitut. 

Bartzelonako Unibertsitateko Filologia fakultatean ari da ikasten Angela // Utzitakoa

Antzerkiaren munduaren arloan, zein aukera eskaintzen ditu Bartzelonak?
Aurretik esan dudan bezala, antzerkiari dagokionean aukera ugari dituen hiria da. Hona heldu nintzenetik konturatu nintzen horretaz, akademiara heldu bezain laster aurkitu bainituen casting eta filmazioetan izen emateko kartelak. Bilbon horrelako proiektuetan parte hartzea askoz zailagoa da, urriagoak direlako, nahiz eta antzerki eskola oso entzutetsu batean egon. Urte asko daramatzat eskola berean eta hasieran, gezurra dirudien arren, nire buruari galdetzen nion Bartzelonan maila bereko akademiarik aurkituko ote nuen. Hemen topatu nuena, ordea, mundu askoz zabalago bat da, aktore profesionalen ikastaro oparoak eta eskola aniztasun handia eskaintzen dituena. Gainera, askotariko jendea dago eta horrek asko laguntzen du kideengandik ikasteko orduan. 

Bartzelonara heldu eta lehen egunei aurre egin behar izan zenien. Nola hartu zenuen erabakia eta nolakoak izan ziren lehendabiziko egun horiek?
Bartzelonara etortzeko erabakia aurreko ikasturtean hartu nuen, nire pisukidearekin batera. Ilusio handiz begiratzen genion etorkizunari, baina une horretan hori baino ez zen, zazpi hilabete barru gertatuko zen aldaketa bat. Hilabete horiek igarotzen direnean, eta astebete soilik geratzen denean konturatzen zara benetan hartutako erabaki horien ondorioaz. Bat-batean, oporretan ez zoazela ohartzen zara, zure bizitza osoa maletetan sartu eta zure egunerokoa osatzen duten gauza horiek guztiak ezezaguna den leku batera eraman behar dituzula. Ni benetan banindoala konturatu gabe sartu nintzen autoan, poltsa guztiak prestatu eta lagunak agurtu nituen. Azken honek esnarazi ninduen, agur esateak zerbait leherrarazi zuen nire barnean eta orduan, bertigo handiz Bartzelonara nindoala jabetu nintzen. 

Nire aitak lagundu ninduen Kataluniara, baina bera joan zenean guztiz bakarrik ikusi nuen nire burua. Bizitza berri bat eratu behar nuela konturatu nintzen eta ikasturte oso bat nuela aurretik. Lehen asteetan zehar oporretan egongo banintz bezala sentitzen nintzen, baina unibertsitatean hastean eta errutina bat sortzean sentsazio hori aldatu egin zen eta azkar ohitu nintzen egoera berrira. Hori bai, asko nabaritu dut nire denboraren pertzepzioa guztiz desitxuratu dela, hiriaren erritmoa askoz azkarragoa baita eta oraindik ez nahiz ohitu arintasun horretara.  

Kasu askotan horrelako esperientziek idealizazio kutsu bat daukate. Kanpoan ikasteari buruz gizarteak duen irudi hori erreala al da?
Galdera hau ez da erantzuten erraza. Argi dago esperientzia hau izugarria dela, baina lehen egunetako nahaste eta tristura ezin da ahaztu. Normalean bakarrik egiten den esperientzia da, eta lehendabiziko aste horietan, zure kabuz bizitzeari eta bakartasun horri egin behar diozu aurre. Alde horretatik begiratuz guztia ez da arrosa kolorekoa, irudikatzen dizuten bizipen perfektua, baina egun txar horiek gaindituta, ondo pasatzea ez da batere zaila. Hala ere, Erasmusak dituen aukerak askoz zabalagoak dira eta askotan idealizazioa horrekin lotuta joaten da. SICUEaren proposamena Gasteizen ikastetik hurbilago dagoen aukera da.  

Nolakoa izan da zerotik hasita lagun berriak egitea?
Leku batean bizitza osoa igaro duzunean, zure izaeraren irudia daramazu arrastaka, inguru horrek zuri buruz duen ideia edo etiketa bat, gainetik kentzen oso zaila dena. Arrigorriagan eta Gasteizen oso zoriontsua izan naiz, baina hona etortzeak aukera eman dit atxikita eraman dudan irudi hori alde batera uzteko. Horrela, zerotik haste horrek hemen ezagututakoen aurrean naizen bezala agertzen lagundu dit eta egin ditudan lagunek orain naizen bezala ezagutu naute. Iraganaren pisua kenduta, askoz askeago sentitzen naiz eta baita oso gustura ere, adiskide berriek gaur egungo nire izaera antzeman eta maitatu dute eta horrek aukera eman dit ni neu hobeto ezagutzeko.

Hiri batean egoteak harreman berri horiei ezaugarri ezberdinak eman al dizkie?
Ezagutu dudan jendea ni bezalakoa da, SICUE programako partaideak dira, Espainiako leku ezberdinetakoak eta bakoitzak esperientzia hau ulertzeko bere modua du. Unibertsitatearen inguruan ere bakoitzak ikuspuntu propioa du, batzuek ikastea dute helburu nagusi gisa eta beste batzuek, berriz, nahiago dute ondo pasatzean zentratu, esperientzia eta abenturak bizitzea urte honen helburua dela uste dutelako. Oso ederra da ikustea bakoitzak nola bizi duen esperientzia hau eta nola aldi berean guztiak bat gatozen bizipen beraren barnean. Ikuspuntu ezberdinak izan arren, batera bizitzea erabaki baitugu.

Aldaketa handia izan behar du Arrigorriagan bizitzetik Bartzelonara igarotzeak. Etorkizunean horrelako leku batean bizitzen ikusten duzu zure burua?
Bartzelona oso gustuko dut, baina urte baterako soilik (edo hori uste dut orain). Paradoxa bat dirudien arren, hiri handi batean duzun askatasun hori oso gogoko dut, nahi dudana egin dezakedalako, baina aldi berean, faltan botatzen dut herri batean bizitzeak dakarren berotasun hori. Etorri aurretik, Bartzelona oso urruna zen, oporretan joateko eta bisitatzeko leku bat, oraindik zaila egiten zait hemen bizitzen ari naizela sinestea. 

Angela Martin Ortega // Utzitakoa

Hiriaren handitasun horrek inguruaren zure hautematea alda dezake.
Bai. Guztiz aldatu da aurretik, espazioaren inguruan nuen ideia, Arrigorriagan edo Gasteizen nengoenean nonbaitera heltzeko 10-15 minutu ibiltzea asko iruditzen zitzaidan; hemen, berriz, oso ohituta gaude oinez ordu erdi baino gehiago ibiltzera. Oraindik ez naiz ingurura guztiz moldatu, baina hiriak oso handia dirudien arren, eroso eta seguru sentitzen naiz kaleetan barrena ibiltzen. Handitasun horren barnean, nire buruan mapa bat sortu dut. Nire buruari horrelako hiri batean bizitzeko gai naizela erakutsi diot. 

Bartzelonan gustura egon arren, noizean behin herrimina sentitzea ohikoa da, bakoitzaren habitatera itzultzeko gogoa izatea.
Aurretik esan dudan bezala, orain dela gutxi arte ez dut etxera bueltatzeko beharrik edo gogo berezirik sentitu, baina pixkanaka-pixkanaka, denbora aurrera joan ahala, lagunak eta familia faltan botatzen hasi naiz. Bartzelonan pozik nagoen arren, etxera itzultzea gustatuko litzaidake, nire logelara, nire guraso eta katuarekin. Azken finean hori delako nire txokoa, lasai eta seguru sentiarazten nauena. Hemen guztia da arina, emozioz betea eta sutsua eta bizitasun hori oso gogoko dut, baina noizean behin, gelditzea ezinbestekoa iruditzen zait. Gelditze horrek burua kokatu eta bizitakoaren inguruan pentsatzeko aukera ematen dit. Hori, ordea, etxera itzultzean bakarrik egin ahalko dudala uste dut. Ezingo dut hilabete hauetan gertatutakoa asimilatu Arrigorriagara heldu eta egoeraren inguruan perspektibaz hausnartzeko aukera izan arte. 

Oraindik ikasturte erdia geratzen zaizu. Ekainean itzultzea nolakoa izango den imajinatu dezakezu?
Oraindik hori irudikatzea zaila egiten zait, baina itzulera gogorra eta malkoz betea izango dela uste dut. Baina aldi berean, polita eta hunkigarria izango da nire lagun eta familiarekin eta orokorrean nire bizitzarekin berraurkitzea. Nire benetako bizitzarekin, hau kanpoko gehigarri  bat dela sentitzen baitut, bizitza erreala izango ez balitz bezala. Hala ere, badakit atzera begiratu eta Bartzelonan bizitakoa bihotzean gordeko dudala. 

Horrelako esperientzia batek eragin handia duela esan ohi da.
Badakit itzultzean ez naizela beste pertsona bat izango, ni izaten jarraituko dut, baina hemen igarotako urteari esker, nire izaeraren bertsio helduagoa izango naizela uste dut. Urte honek gauza asko ikasteko aukera emango dit, arlo akademikoaz gain, pertsonalean. Askoz trebeago sentituko naiz, nire erosotasunetik at eta habitatetik aldenduta egoteko eta zoriontsu izateko gai naizela konturatzen ari naizelako. Gaitasun hori ez nuen aurretik ezagutzen eta nire buruarengan nuen konfiantza areagotzen lagundu dit. 

Zein arrazoi emango zenioke erabaki hau hartzekotan dagoen norbaiti, konbentzitzeko?
Lortzen ari naizen segurtasun berri hori iruditzen zait esperientzia hau gomendatzeko arrazoi nagusiena. Zure bizitzan zehar arrastaka eramandako irudi horrengandik ihes egiteko aukera ematen dizun aukera da, zure kabuz bizitza berri bat sortu, hazi eta ikasteko gai zarela konturatzeko modua da. Gainera, beste leku batera ikastera joateko erabakia hartu duten guztiek diote bizi beharreko zerbait dela. Horrez gain, etxean utzitako hori aintzat hartzeko ere balio du, askotan ez baikara konturatzen daukagunaz beste leku batera joan eta urrunetik atzera begiratu arte. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak