→Arrigorriaga

Arkaitz Zipitria arrigorriagarra Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketan izango da

Arkaitz Zipitria // Utzitakoa

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketa Mungiako Olalde aretoan antolatu dute datorren urriaren 23an (zapatua), 17:00etan. Bertan izango da Arkaitz Zipitria Mendizabal arrigorriagarra, Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Koldo Gezuraga Seijido, Oihana Bartra Arenas eta Paule Ixiar Loizaga Legarra izango dira. Asteburuaren atarian ari garela Mungian jokatu beharreko kanporaketako bertsolarien inguruan galdetu diogu eta Arrigorriagarrak bertsolaritzan aurkaririk ez dituela esan du, ‘bertsokideak’ baizik: “Larunbatean Mungian egongo garen bertsolariak lagunak gara, bertsokideak”, azaldu dio GEURIA komunikabideari. “Oso harreman ona dugu. Dagoeneko, entrenatzeko saio bat egin dugu guztion artean. Niretzat festa bat da honako hau. Oso berezia da saio honen parte izatea. Bertsokideek bizi-poza erakusten dutela esango nuke. Hurbileko lagunekin abestuko nuela sentitu nuen saioaren berri izan nuenean, eta orain, elkarrekin entrenatu eta arratsalde pasa elkartu ondoren, are hurbilago sentitzen ditut seirak. Eta ez nuke Igor gai-jartzailea ahaztu nahi, saioa borobiltzeko lagun bikaina”. Mungiako saioaren irabazlea zuzenean joango da finalaurrekoetara eta gainontzekoek puntuaketen arabera sailkatuko dira.

Arkaitz Zipitria 2018ko maiatzean Abadiñon egindako kanporaketan // BBT

Fase honetan hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek: Zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, Zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, Puntua emanda bertso bi zortziko txikian, Hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso, Bakarkako lana: gai bati buruz bertso bi, doinu eta neurri librean. “Erronka handia eta polita da asteburukoa. Batetik pertsonala, eta bestetik kolektiboa. Neure burua lantzea ezinbestekoa zait jendaurrean abesteko prest egoteko, eta behin oholtzara igota, sentitzen edo pentsatzen dudan hori adierazteko. Eta noski, azken hori gehiegitan ez dut lortzen…” azaldu du Zipitriak. “Bestalde, entzuleak daude aurrean eta bertsokideak ditut ondoan. Hori erantzunkizun eta erronka kolektibo bezala bizi dut. Izan ere, gure esku dago entzuleei saio duina eskeintzea, eta baita bertsotan ari garela elkarrekin bidea egitea. Eta beti ez da erraza. Plazerra da ofizio batean bi bertsolariok ondo ari garela sentitzea, eta hori, entzuleek ere igartzen dute.”

Hurrengo kanporaketa urriaren 30ean izango da Elorrioko Arriola aretoan, 17:00etan. Bertan Aitor Arrutia Azkueta, Igor Galarza Intxausti, Imanol Arrutia Azkueta, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Iturrioz Zuluaga eta Peru de Pedro Larrea izango dira. Kanporaketak bukatuta finalaurrekoen txanda izango da eta finala datorren abenduaren 18an jokatuko dute bertsolariek. “Entrenamendua, kalitatea, trebetasuna, patxada, egun edo une horretan nola zauden, gaiak entzutean zer eragiten dizun eta nola heltzen diozun, nola hasten zaren, zein gai egokitzen zaizkizun,… Aldagai eta eragile asko daude. arrakasta lortzea zeri deitzen diogun aztertu beharko litzateke”, azaldu du Zipitriak era honetako txapelketetan ‘arrakasta’ eskuratzeko gakoaz berba egitean. “Txapelketa batean txapela irabaztearekin lotzen dugu arrakasta handiena, eta ezin ukatu hori. Baina nork bere errealitatetik abiatuta arrakasta izan dezake, txapelketa-egituran arrakastarik izan gabe, eta hori ederra da.

Galdakaon jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bat

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak